Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Formula Student Bizkaiak lehenengoz ibilgailu elektrikoa aurkeztu dau
2013-07-01 15:03Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko 60 ikaslez eta hiru irakaslez osotutako talde batek, garagarrilaren 4tik 7ra bitartean, Formula Student ikasleen arteko nazinoarteko lehiaketan parte hartuko dauen monoplaza elektrikoa aurkeztu dau gaur goizean.
Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko 60 ikaslez eta hiru irakaslez osotutako talde batek, garagarrilaren 4tik 7ra bitartean, Formula Student ikasleen arteko nazinoarteko lehiaketan parte hartuko dauen monoplaza elektrikoa aurkeztu dau gaur goizean. Etorkizuneko injineru horreek, ibilgailua diseinau, garatu, eregi eta gidatzeko kapaz dirala erakutsi beharko dabe Silverstoneko eszenatoki mitikoan. Eskolako ikasleak ibilgailu elektriko bategaz parte hartuko daben lehenengo aldia izango da hau.
Seigarren urtez jarraian, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoaren helburua aurreko edizinoetan lortutako emoitzak hobetzea izango da, lehiaketako proba guztiak amaitzea eta Estadu mailako unibersidadeen artean izaten diran antzerako probetan egotea. Igaz, Formula Student mundu mailako lehiaketan parte hartu eben 110 lehiakideren artean, 39. postuan gelditu ziran, Nafarroako Unibersidadeko Tecnun Injinerutza Eskolearen eta Madrilgo Europar Unibersidadearen aurretik.
Formula Student edizino barri honen aurrean, aurreko parte-hartzeagaz konparauta, kontzeptu erabat desbardinetan oinarrituta bederatzi hilebetez egon da lanean euskal taldea. Lehen barrikuntza nabarmenena, gasolinazko motorra baztertu eta motor elektrikoaren alde egitea izan da, automobilgintza sektoreak etorkizunerako dituan joerak jarraituz. Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko ikasleak motor elektrikoz horniduten dan ibilgailu bategaz Silvestoneko zirkuitura aurkezten diran lehen aldia bada be, esan behar da igaz antzeko lehiaketan parte hartu ebala Montmeló-ko zirkuituan, Estadu mailan lehen postua lortuz.
Ibilgailuari jagokonez, monoplaza honek motor indartsuagoa dauela esan behar da eta bere bateriak be garapen propioak dira. Beste barrikuntza nabarmen bat, ibilgailuaren aerodinamikan dago, aurreko nahiz atzeko aleroiak jarri deutsiezalako, Bat Formulan lehiatzen diran ibilgailuen antzera.
Gaur goizean Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan aurkeztutako ibilgailua, arratsaldez ontziratuko da ferryan Ingalaterrarako bidean. Era berean, taldeko 24 ikasle Silverstonera eguaztenean, hilaren 3an abiatuko dira. Aurten 110 talde izango dira lehiaketan.
Formula student edizio barri honetarako Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoak garatutako proiektuak, 80.000 euroko aurrekontua izan dau, piezak eta osogarriak erosteko, izen-emote kostuak, monoplazaren garraiorako, etab… Taldeko ikasle guztiak bestalde, boluntario moduan parte hartzen dabe eskola ordutegitik kanpo (gehienak industria injinerutzako espezialidadeko azken urtekoak, nahiz eta bestelako titulazinoetakoak be parte hartzen dabelarik).
Proiektua koordinau daben Eskolako irakasleak be, boluntario ibili izan dira: Charles Pinto, arduradun nagusia, eta Asier Zubizarreta eta Javier Corral, mekatronika eta antolaketa atalean hurranez hurran. Ikasleei jagokenez, Ander Elorduy eta Guillermo Pérez Yarza izan dira team Readers biak. Babesleei jagokenez, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, UPV/EHU, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoa bera eta zenbait enpresa izan dira, adibidez, AIC-Automotive Intelligence Center, Ingeteam, Gestamp, Sener edo Vicinay; beste hogeita hamar merkatal-enpresekin batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!