'Sherpa Summit' eskuko telefonoetarako aplikazinoei buruzko nazinoarteko biltzarra egingo da Bilbon

Bizkaie! 2013-05-08 11:47

Bilbo eta Bizkaia telefonoetarako aplikazinoen eta terminal mobikorren uriburu bihurtuko dira maiatzaren 23an, laguntzaile personalen, interfazeen eta mobikorretarako bilatzaileen nazinoarteko aditurik garrantzitsuenak batuko dituan Sherpa Summit topaketeari esker.

Bilbo eta Bizkaia telefonoetarako aplikazinoen eta terminal mobikorren uriburu bihurtuko dira maiatzaren 23an, laguntzaile personalen, interfazeen eta mobikorretarako bilatzaileen nazinoarteko aditurik garrantzitsuenak batuko dituan Sherpa Summit topaketeari esker. Ekitaldia Euskalduna Jauregian egingo da, eta personen eta gailu eroangarri barrien arteko alkarrekintzan dimensino barri bat iragarten daben teknologia horreen orainaldia eta etorkizuna ezagutzeko aukerea izango da, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Aldundiko arduradunek adierazo dabenez.

Bi erakundeek babestu daben ekitaldi honegaz, Bilbok eta Bizkaiak teknologia barrien, barrikuntzearen eta bikaintasunaren alde egiten daben apustua indartu nahi dabe. The End of Search as We Know It lelopean, Sherpa Summit nazinoarteko bilkurearen lehenengo edizinoaren ardatz nagusiak honakoak izango dira: bilatzaileen hurrengo belaunaldia, gailu mobikorren bilakaerea, ahots bidezko bilaketea, alkarrekintzea eta erabiltzaile-interfaze barriak, ikuspuntu teknologikotik nahiz ekonomikotik.

Sherpa Summit Anboto Group-eko Xabier Uribe-Etxebarriaren ekimenez antolatu da. Uribe-Etxebarriak Sherpa sortu eban, hau da, Android sistema eragilea erabilten dauen gaztelaniazko lehenengo laguntzaile personala smartphonetarako.

Gailurra Bilbon egiteak uriari eta Bizkaiari nazinoartean proiekzino garrantzitsua emongo deutse, merkataritza elektronikoko, plataforma mobikorretako eta osogai elektronikoen fabrikazinoaren arloko munduko adituak alkartuko baititu.

Holan, besteak beste, Mitchell Baker Mozilla-ko presidentearen parte-hartzea nabarmentzen da; Time aldizkariaren arabera, mundu osoan eragin handiena daben 100 personetako bat da Baker. Era berean, Apple enpresako estrategiaren nazinoarteko zuzendari ohi Doug Solomon, PayPal-en Barrikuntzako zuzendari John Lunn eta Intel-ek Europako Hegoalderako dauen Barrikuntza zuzendari Jorge Lang be izango dira Bilbon.

Goi mailako hizlarien zerrendan beste hainbat aditu dagoz, besteak beste, Amazon-eko Negozio Garapenerako nazinoarteko zuzendari Alex Ceballos, Telefónica Europako zuzendari Javier Santiso eta Jazztel-en sortzaile eta Columbiako Unibersidadeko irakasle Martin Varsavsky.

Chris Shipley arduratuko da ekitaldia aurkezteaz, hau da, Silicon Valley-n eragin handiena dauen emakumea. Gainera, bertaratzen diranek Cirque du Soleil konpainiaren ikuskizun esklusibo batez eta beste hainbat jarduera ludikoz gozetako aukerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu