Errotarik errota, naturea eta kulturea buztartuz Zeanurin
2013-05-02 11:31Maiatzaren 5erako prestau dabe Joko Alai eta Ipizki Taldeak 2013ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten zortzigarren edizinoa betekoa dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazoten dabenez, helburuak hasierako berberak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea.
Maiatzaren 5erako prestau dabe Joko Alai eta Ipizki Taldeak 2013ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten zortzigarren edizinoa betekoa dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazoten dabenez, helburuak hasierako berberak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.
Ibilbide bi atondu ditue antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12koa, umeentzako edo ondo prestauta ez dagozanentzako egokitua, jan-edana banatuko dan tokitik helmugara zuzentzen dana.
Urteerea herriko plazan izango da, 9:00etan; plazatik abiatuz, udaletxearen aurretik, eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik segiduko dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxita, laster Barrengoerrota topauko dabe, Beretxikora errekatxuaren ertzean.
Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera jatsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsoe bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barrizteko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica enpreseak.
Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean, eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira. Helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak zaharbarritua—, eta bisitetako aukerea izango da, ate batetik sartuz eta bestetik urtenez, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea burutzerakoan, 18 kilometro eroango dabez oinetan ibiltariek, baina ziur ziteari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ibilaldiari buruzko zehaztasunak
- Eguna: maiatzaren 5a, domekea
- Izen-emotea: 8:30etik aurrera, herriko plazan, 3 €
- Urteerea: 9:00etan.
- Ibilbidea: 18 kilometro inguru; umeentzako ibilbide laburra, 12 kilometro.
- Jan-edana: Alkiberren
- Errotak lanean: ibilaldiaren hasieran Ibargutxiko errotan eta amaieran Olabarrikoan sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe ibiltariek.
- Antolatzaileak: Ipizki Taldea eta Joko Alai Alkartea.
- Laguntzaileak: Gastronomía Cantábrica, Lankidego Lantalde, Zeanuriko Udala, Gorbeialde, Sagarna Txokoa, Zeanuriko Jubilatuen Tabernea eta Arratiako Gurutze Gorria.
Informazino gehiago: www.ipizki.com edo telefono honeetan, 653016117 eta 946739287
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!