'Konfeti kolore' jantzarako eta jairako diskoa aurkeztu dau Emon taldeak

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-02-28 14:27   Musikea

Jantzan egiteko eta eginarazoteko gogotsu dator Emon talde bergararra. Jaia eta alaitasuna zabaltzeko, hamabi kantako Konfeti kolore disko koloretsua kaleratu barri dabe Baga-Biga etxeagaz. Zapatuan, martiak 2, Sohutako kiroldegian aurkeztuko dabe jentaurrean, 21:00etan.

Jantzan egiteko eta eginarazoteko gogotsu dator Emon talde bergararra. Jaia eta alaitasuna zabaltzeko, hamabi kantako Konfeti kolore disko koloretsua kaleratu barri dabe Baga-biga etxeagaz. Zapatuan, martiak 2, Sohutako kiroldegian aurkeztuko dabe jentaurrean, 21:00etan.

Eneko Longarte abeslariak, Aritz Alustiza trikitilariak eta Ritxi Aizpuru Baga-bigako ordezkariak azaldu ditue disko barriaren zehaztasunak. 2010ean plazaratutako Piztu herria diskotik Konfeti kolore atera barrira hamaikatxu aldaketa izan dira Emon taldean, taldekide barriak sartu dira, musika estiloa aldatu da eta behar egiteko modua bestelakoa da. Hain izan dira aldaketa sakonak lehenengo diskoa ia maketatzat hartzen dabela.

Konfeti kolore batez be erronkea izan da taldearentzat, gauza barriak probau gura genduzan, gauza barriak egin, adierazo dau Longartek. Oraingoan, gauzak ondo pentsau eta xehetasun bakotxa ondo jagon dabela autortu dabe. Aurreko lanean ska eta rock klasikoa baziran nagusi, honetan kolore asko topau daitekez, cumbia, ska, reggaea, rumba katalana, rock-popa, tex-mexa... Kanta batetik hurrengora saltu handiak egiten ditu seikoteak.

Emonen benetako hasierea hau da, Konfetti kolore, holan azaldu dabe taldekide biek. Aldaketa handi-handia egon da. Orain da hasierea, hemendik aurrera hobetzen hasiko gara. Esperientzia guztiz barria izan da lan barria, eta lan egiteko moduan be igarri dabe. Ordenagailua sartu dogu gure lanean, aurkikuntza ikaragarria izan da. Lan egiteko modu efektiboagoa topau dogu, esan dau erdi barrezka Alustizak

Diskoko kanten berbetan bost bertsolariren laguntzinoa izan dabe, hain zuzen be, Itxaso Paia, Maialen Arzallus, Iratxe Ibarra, Jokin Uranga eta Iñaki Gurrutzagarena. Bestelako kolaborazinoak be izan ditue, La Pegatina taldeko Adriak eta Rubenek ahotsak sartu ditue Kukutza gaztetxaren omenezko Amets fabrika kantan, Kike Olveirak gitarra flamenkoak gehitu ditu eta Oier Ponzek Joxpa pianoan izan da Larrosa gorri-gorria".

Konfeti kolore Mutrikuko AME estudioan grabau eta nahastau dau Axular Arizmendik, 2012ko udabarrian eta udagoienean. Diskoa igaz ateratekoak ziran, baina kontratu bat dala eta, atzeratu egin behar izan dabe. Azkenean, taldeari ondo egin deutso, lasaiago ibili gara, eta udagoienean hiru kanta barri sartzeko aukerea izan dogu.

Zapatuan Sohutan egingo dabe kontzertuaren ostean, makina bat hitzordu ditu Bergarako seikoteak: martiaren 9an, Elgetako Espaloia kafe antzokian; 16an, Tolosako Bonberenean; 23an, Zornotzako Zelaieta aretoan; apirilaren 6an, Oirtzungo Pagoan; eta, 11, Gasteizko Gaztetxean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu