Emakumeak leku berezia izango dau Bermeoko Liburu Azokan
2013-02-27 10:36 KultureaEmakumeak protagonismo berezia izango dau Bermeoko Liburu Azokan, martiaren 1etik 10era bitartean. Aurton, hamabost liburu-denda, argitaletxe eta banatzailek parte hartuko dabe. Egitarauan, besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazlearen berbaldia, Euskal emakume idazleak erakusketea eta Lilijira: Emakumiok jabetzara goaz! kalejirea prestau ditue.
Emakumeak protagonismo berezia izango dau Bermeoko Liburu Azokan, martiaren 1etik 10era bitartean. Aurton, hamabost liburu-denda, argitaletxe eta banatzailek parte hartuko dabe. Egitarauan, besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazlearen berbaldia, Euskal emakume idazleak erakusketea eta Lilijira: Emakumiok jabetzara goaz! kalejirea prestau ditue.
Liburu Azokea Lameran egingo dabe, eta goizez eta arrastiz egongo da zabalik, 11:00etatik 13:30era, eta 16:30etik 20:00etara, hain zuzen be. Azokearen lehenengo egunean, martiaren 1ean, Toti Martinez de Lezea idazleak berbaldia emongo dau, 19:00etan, Udal Liburutegian. Euskal kostaldeko emakumeen memoria berreskuratzen dauen Urak dakarrena berak idatzitako liburua izango da berbagai. Alkarregaz loturarik ez dauken fikzinozko 35 kondairak osotzen dabe liburua, euretako batek 1912. urteko galarrenean Bermeoko emakume batek bizitakoak kontetan ditu.
Euskal emakume idazleak erakusketea azokan bertan ipiniko dabe. Emakumeak literaturan izan dauen lekua azaltzen da, kartel, argazki eta liburuen bidez. Emakume idazleen papela XV. mendetik gaur egunera arte zelan aldatu dan be agiri da erakusketan.
Eta, martiaren 8an, Emakumearen Nazinoarteko Egunean, Erroxape emakumeen alkarteak antolatutako Narrazino Laburren XVIII. Lehiaketearen sari banaketa egingo dabe Udaletxean, 19:00etan. Ekitaldian berean, Virginia Berasategi triatleteak berbaldia emongo dau.
Egun berean, Lilijira: Emakumiok jabetzara goaz! kalejirea atondu dau Sareginek Bermeoko Feministen Sareak. Hiru hilerik behin kaleratuko dan aldizkariaren lehen zenbakia be banatuko dabe. Kalejirea 19:30ean hasiko da Lamerako kioskoan, eta portutik eta alde zaharretik zehar ibiliko da.
Etxeko txikerrenek be izango dabe bere tokia Liburu Azokan. Martiaren 8an, ipuin kontalaria izango da Udal Liburutegian, 18:00etan. Apika taldeak emakume eta gizonen arteko bardintasuna lantzeko ipuinak kontauko ditu. Saio hau lau urtetik gorako umeentzat da, gehienez 50 umek parte hartu ahal izango dute.
Amaitzeko, hilaren 9an, Juan Karlos Irizar pianisteak diskoak sinatuko ditu Liburu Azokan. Irizarrek Oñati bere jaioterriari eskaini deutso Oñati eta Oñatiko auzoak diskoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!