Fretwork biola-boskotearen eskutik hasiko dira Getxoko kontzertu klasikoak

Bizkaie! 2013-02-27 09:53   Musikea

Datorren zapatuan, martiak 2, hasiko dira Getxoko 28. Kontzertu Klasikoak, Fretwork biola-boskote britainiarraren eskutik, zango-biola musikan espezializautako taldea, hain zuzen be. Aurreko edizinoetan legez, saioak zapatuetan izango dira martiaren 2an, 9an eta 16an, hain zuzen be.

Datorren zapatuan, martiak 2, hasiko dira Getxoko 28. Kontzertu Klasikoak, Fretwork biola-boskote britainiarraren eskutik, zango-biola musikan espezializautako taldea, hain zuzen be. Aurreko edizinoetan legez, saioak zapatuetan izango dira martiaren 2an, 9an eta 16an, hain zuzen be. Martiaren 9koan, Anda-Louise Bogza soprano errumaniarraren txandea izango da, Adam Skoumal piano-jotzaileak lagunduta, eta, 16koan, Miguel Ituarte pianista getxotarrak joko dau. Kontzertu guztiak Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan izango dira, 19:30ean eta sarrerak dagoeneko salgai dagoz.

1986an, Londresen aurkeztu zanetik, Fretwork biola taldeak mundu osoan zehar eskaini ditu kontzertuak eta zango-biolentzako musika ingeles gorenaren interpretazino bereziak ditu ezaugarri. Errepertorio anitza jorratu dabe, bai beren kontzertuetan bai grabaketetan eta edizino diskografikoetan be eta Taverner-etik Purcell-era bitarteko programak interpretau ditue.

Biolentzako musika garaikidea interpretetan dauen talde aitzindaritzat hartuta, hogeita hamar konposizino baino gehiago estreinau ditu. Disko produkzino zabala dauka boskoteak eta horretan, nabarmentzekoak dira William Lawes, Henry Purcell, William Byrd, Matthew Locke, John Dowland eta Orlando Gibbons-en obren grabazinoak. Getxon eskainiko daben saioan Bachen Goldberg bariazinoak interpretauko ditue.

Bigarren saioan, martiaren 9an, Anda-Louise Bogza soprano errumaniarraren kontzertuaz gozau ahal izango dabe musikazaleek. Abeslariak 1994. urtean irabazi eban Vienako Nazinoarteko Abesti Lehiaketearen lehenengo saria. Sarritan kantau dau Bogzak Europa osoko aretoetan eta bere maisutasuna erakutsi dau hainbat roletan: Aída, Tosca, Katia Kabanova, Doña Ana... Getxon Adam Skoumalek lagunduta ikusiko dogu, Txekiar Errepublikako egungo piano-jotzaile eta musikagile ospetsuenetakoa, hain zuzen be.

Amaiera bikaina emongo deutse Kontzertuei Miguel Ituarte piano-jotzaile getxotarrak martiaren 16an. Bere errepertorio zabalean hainbat garaitako lanak batu ditu, Bachegaz hasi eta egungo musikaraino. Europan zein Hegoamerikan eskaini ditu emonaldiak eta zenbait ganbera taldetan ibilitakoa da. Egun, Cecilia Lavilla Berganza sopranoagaz ibilten da alkarlanean sarritan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu