Bizkaian Hezeguneen Nazinoarteko Eguna Urdaibain eta Gorbeian
2013-02-01 10:11Urdaibai Bird Centerrek zentroa bera eta inguruko hezeguneak ezagutzeko dobako bisita gidatuak eskainiko ditu eta Gorbeiako Parketxeak Saldropo ingurura ibilaldi bat antolatu dau zapatu honetan, zezeilaren 2an, Hezeguneen Nazinoarteko Egunaren ospakizunen barruan.

Urdaibai Bird Centerrek zentroa bera eta inguruko hezeguneak ezagutzeko dobako bisita gidatuak eskainiko ditu eta Gorbeiako Parketxeak Saldropo ingurura ibilaldi bat antolatu dau zapatu honetan, zezeilaren 2an, Hezeguneen Nazinoarteko Egunaren ospakizunen barruan.
Hezeguneen Nazinoarteko Eguna Europako hegaztiek euskal hezeguneetan egiten daben negupasaren pikurik gorenean dator, izan be, ehunka hegazti negutarrek Gautegiz Arteagako paduretan igarotzen dabe urtaro hotza, eta eskualdera doazen hegaztien kopuruak gora egiten dau kontinentearen iparraldean eta ekialdean sortzen diran neguko hotz-boladen ondorioz.
Urdaibai Bird Center Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBKren eta Aranzadi Zientzia Alkartearen ekimena da, eta hezkuntzarako eta ikerketa aplikaturako zentro honi esker, Bizkaiak toki garrantzitsua hartu dau Europan hegazti-faunaren ikerketarako dagoan sare zientifikoaren barruan. Bizkaiko Aldundiaren ustez, balore naturalak interpretetako eta sustatzeko ekipamenduak edo zentroak sortzea funtsezkoa da ingurumen-kontzientzia barria eregiteko.
Euskal hezeguneen ezagutzagaz, ikerketeagaz eta gozamenagaz loturea daben alderdi desbardinak nabarmentzea da mundu osoan egiten dan Hezeguneen Egunagaz lortu nahi dan helburua. Alderdi horreez gan, ekosistema horreek Europako uretako hegaztien negupasan eta hazkuntzan berebiziko garrantzidun eremu lez daben zeregin estrategikoa be azpimarratu nahi da.
Testuinguru horretan, Aranzadi Zientzia Alkarteak kudeatutako Urdaibai Bird Centerrek dobako bisiten programa bat eskainiko dau: ordubeteko iraupena izango daben lau bisita egingo dira zapatuan, eta gehienez 20 persona hartuko ditu talde bakotxak. Bisita horreetan, zentroko ekipamendua, Gautegiz Arteagako hezeguneak eta bertako paduretan dagozan hegaztiak erakutsiko jakez bisitariei. Gainera, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako hezegune desbardinak interpretauko dituan bi orduko ibilbide naturalistikoan parte hartzeko aukerea be izango dabe hurreratzen diranek.
Zentroak bisitariak hartzeko dauen gaitasuna gainditu ez diten, gomendagarria da tokia aldez aurretik erreserbetea zentrora deituta. Bisitak erreserbetako zein horreei buruzko informazinoa eskatzeko 699 839 202 telefonora deitu daiteke edo, bestela, zentroko webgunean be badago informazino hori (www.birdcenter.org).
Zentrora egingo diran bisitek ordubeteko iraupena izango dabe eta 9:30, 10:30, 11:30 eta 12:30ean hasiko dira. Gautegiz Arteagako hezeguneen bisitae, barriz, 10:30ean hasiko da eta bi ordu eta erdiko iraupena izango dau.
Beste alde batetik, Gorbeiako Parketxean antolatu dan ibilaldian parte hartzeko, Saldropoko hezeguneak ikustera joateko, aurretiaz 94 673 92 79 telefonora deituta edo gorbeia.parke.naturala@bizkaia.net helbidera idatzita joan daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!