Hekimen sortu da, euskal hedabideen alkartea

Hekimen 2012-11-21 17:48

Euskal hedabideen alkarlana bideratzera dator Hekimen, gaur eratu da eta euskerearen hiztun komunidadeak behar dauen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator. Gure ezaugarri nagusiak: gure hedabideetan euskera hutsez jardutea eta publikoak ez izatea.

Gaur, hilak 21, Hekimen alkartea sortu da, euskal hedabideen alkartea. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean izan da agerraldia. Bizi genduan egoera gatxak bultzatuta, orain urte bi hartu-emonetan jarri ginan euskeraz gabizan hainbat hedabide. Ordutik, GipuzkoaBerritzenen laguntzinoagaz, lanean ibili gara alkarregaz eta alkarte hau da haren fruitu. Jakitun gara, bakarka baino alkarregaz hobeto egingo deutsagu aurre bizi dogun krisi latzari.

Euskal hedabideen alkarlana bideratzera dator Hekimen, gaur eratu da eta euskerearen hiztun komunidadeak behar dauen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator. Gure ezaugarri nagusiak: gure hedabideetan euskera hutsez jardutea eta publikoak ez izatea. Ezaugarri horreekaz bat egiten daben hedabide guztiak deitzen doguz geugaz bat egitera, geugaz alkarlanera.

Tokikomen izenean, Iban Arantzabal da Hekimen alkarteko presidentea (postu hau urtero txandatuko da) eta zortzi kideko zuzendaritzea izango dau (gaur mahaian dagozanak): Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, Hamaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebista.

Beti pentsau dogu euskerearen komunikazino esparrua txikia dala, ahula eta hauskorra. Eta bada, ez gara engainatuko. Baina, aldi berean, asko gara eta persona askorengana heltzen gara. 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila personara heltzen gara.

Euskal Hedabideen alkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Orain ahots bateratua izango dogu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzinoakaz berba egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komenidu jakun guztietan bakarka baino, alkarregaz agertzeko.

Desafioak ez dira makalak. Esate baterako, egunotan dago eratzen Eusko Jaurlaritzea eta haren ordezkariakaz hartu-emon finkoak bideratzeko asmoa dogu. Serio berba egin beharko dogu diru-laguntzez, publizidade instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, etab. Udearen aurretik, Jarduneko Jaurlaritzeagaz eta EAEko hiru diputazinoakaz osotuta itxi genduan alkarrizketa mahaia eta lan-eremu hori emonkorra izan daiten egingo dogu lan.

Euskal Herri euskalduna nahi badogu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazinoa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei jagokenez, administrazinoan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskerazko hedabide publikoetan be bai. Baina askoz gitxiago hedabide ez publikoetan.

Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezela babesteko.

Herri ekimeneko hedabideok gogor gabiz lanean: XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa nahi dogu. Gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen danaz ondo informatua egongo dan euskal herritarra nahi dogu. Teknologia barriek eta Internetek ekarritako aldaketetara egokitzen gagoz eten barik eta aurrera begira be erronkak itzelak dira.

Horregatik, besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dogu, Hekimen, unibersidadeak, instituzinoak, eta hedabide publikoak batuko dituana, ikerketea jorratuko dauena, audientziak, teknologia barriak, beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituana… Euskerearen komunikazino esparru sendoa garatzeko behar dogun guztia dogu helburu.

Ilusinoz dator Hekimen, garai barriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz, bizi dogun egoera gogorrari bakarrik baino alkarregaz hobeto erantzungo deutsagulako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu