Prestik'12 Bizkaiko gazteentzako enplegu azokea Bilbon
2012-11-05 14:26Azokea enpleguaren, autoenpleguaren, ekintzailetzaren edo 30 urtetik gorakoen prestakuntzan zeresana daben enpresa, entidade eta erakunde guztien topaleku izango da.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Mario Fernandez Kutxabank-eko presidenteak Prestik'12 azokea inaugurau dabe gaur, zemendiak 5, Bilboko Euskalduna Jauregian. Lan aukera baten bila edo beren prestakuntzea hobetu nahi daben Bizkaiko gazteentzako hirugarren enplegu azokea izango da, Bizkaiko Foru Aldunditik adierazo dabenez.
Bi egunetan egingo da, astelehenean eta martitzenean, Bizkaiko Foru Aldundiak BBK Fundazinoaren laguntzinoagaz antolaturiko azoka hau, goizeko 10:00etatik 19:00etara bitartean. Azokea 4.000 metro koadroko esparru batean egingo da, eta enpleguaren, autoenpleguaren, ekintzailetzaren edo 30 urtetik gorakoen prestakuntzan zeresana daben enpresa, entidade eta erakunde guztien topaleku izango da.
Gainera, Bizkaian eta inguruan erreferente diran hamar bat enpresak eta nazinoarteko beste bostek, Prestik'12 azokan izango dirala aprobetxauta, lanpostu hutsak beteteko lan-alkarrizketak egingo ditue. Lehenengo eta behin, inguruko enpresek 216 alkarrizketa egingo ditue zuzenean, aurretiaz webgunean (www.prestik.net) izena emon daben 2.184 lagunen artetik hautatukoakaz; 30 urtetik beherako gazteak dira lan-eskatzaileak. Alkarrizketa horreek kristalezko gune insonorizatu batean egingo dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren standaren barruan.
Horregaz batera, Holandan, Frantzian eta Norvegian enplegua eskaintzen daben bost enpresek EURES sarearen bitartez bideratuko dabe euren eskaintzea. Izan be, sare horrek bere estanda izango dau azokan, eta, eskaintza horreez gan, langileek Europako esparru erkidean askatasunez mobiduteko daben aukeren barri emongo da.
Era berean, beste hainbat aukera eskainiko ditu Prestik'12 azokeak: gune barritzaile eta dinamikoak, gazteei beren curriculuma eskaintzen arabera preparetan laguntzeko; lanbideen erakusketak (ostalaritzea) eta sormen-jarduerak (modea, bideojokoak, ikus-entzunezkoen industria eta industria-diseinua); itzal handiko personen arteko barriketaldiak; berbaldi interesgarriak; mahai-inguruak; lantegiak; eta Elevator Pitch izeneko hamar ekintzaile gazteren arteko lehiaketea (irabazlea Silycon Valley-ra joan ahal izango da).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!