4.800 lagunek emon dabe botoa aukeratzeko zein marka daben gogokoen Bilbo eta Bizkaia nazinoartean ordezkatzeko

Bizkaie! 2012-09-11 11:08

Botoa emoteko epea irailaren 20ra arte egongo da zabalik, BFAren Jauregiaren aurrean dagoan erakusketan; 100 metro koadroko karpa bat da eta sei telebista-pantaila dagoz; pantaila horreetan hamar proposamen finalisten logoa eta claim dalakoa ikusi ahal dira, eta marka bakotxaren aplikazino praktikoak eskaintzen dira. Interesauta dagozan lagunek 11:00etatik 20:30era bitartean emon leikie botoa.

Bilbao Bizkaia Branding Nazinoarteko Lehiaketearen hamar proposamen finalisten erakusketearen lehenengo lau egunetan 4.800 herritarrek emon dabe botoa, euren ustez uriaren eta lurraldearen nortasuna eta balioak ondoen islatzen dituan 'markea' aukeratzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatu dabe ekimen hau eta pozik agertu dira uriarentzat eta lurraldearentzat marka berezi bat aukeratzeko ekimenean parte-hartze handia izan dalako, izan be, marka hori oinarrizkoa izango da inbersinoak, enpresak, bisitariak, talentua eta ekitaldiak erakarteko, eta aukeraketa-prozesuan parte hartzen jarraitzeko deia egin dabe.

Botoa emoteko epea irailaren 20ra arte egongo da zabalik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean dagoan erakusketan, Bilboko Kale Nagusian; 100 metro koadroko karpa bat da eta sei telebista-pantaila dagoz; pantaila horreetan hamar proposamen finalisten logoa eta claim dalakoa ikusi ahal dira, eta marka bakotxaren aplikazino praktikoak eskaintzen dira. Interesauta dagozan lagunek 11:00etatik 20:30era bitartean emon leikie botoa.

Balorazino Batzorde Tekniko batek hamar hautagai finalistak aukeratu ditu Euskadiko, Espainiako, Europako eta Latinoamerikako hainbat agentzia eta profesionalek aurkeztu dituen 84 proposamenetatik. Azken erabagia herritarren eta Garry White European Cities Marketing alkarteko ordezkari nagusiak zuzenduko dauen nazinoarteko epaimahaiaren esku dago. Proposamenek 100 puntu lortu leikiez gehienez; epaimahaiaren botoak 80 puntuko balioa izango dau eta herritarrenak 20 puntukoa.

Saria 40.000 eurokoa da eta Nortasun Korporatiboaren Eskuliburua emon ostean banatuko da, proiektu hau sustatzen daben bi erakundeek onartu ondoren. Kopuru hori bi proposamen irabazleren artean banatu ahal izango da, lehiakide batek baino gehiagok proponidutako elementuak kontratatzea beharrezkotzat joten bada. Kasu horretan, marka kategoriak 30.000 euro jasoko ditu, eta leloa edo claim kategoriak, 10.000 euro.

Bilbao-Bizkaia marka barria Foru Aldundiak eta Udalak arlo honeetan nazinoartean batera sustatzen dituen ekintza eta jarduera guztietan erabiliko da: ekonomia, enpresak, merkataritza, turismoa, biltzarrak, kultura, kirolak edo aisia. Horrezaz gan, Bilbo eta Bizkaia bakotxa bere aldetik ordezkatzeko be erabili ahal izango da.

Asmoa da uriaren eta lurraldearen irudia mundu osoan saltzea, herritarren izaera ekintzailea, herri lez dogun nortasuna, erakundeek barrikuntzearen eta sormenaren alde egiten daben apustua eta inbertiduteko, aberastasuna sortzeko eta lana sortzeko lehentasunezko toki moduan dogun potentzial osoa indartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu