Euskal Encounterrek 20 Gb/s sare-konexinoagaz ospatuko dau 20. urteurrena
2012-07-24 15:3520 Gb/s sare-konexinoa eskainiz ospatuko dau Euskal Encounterrek 20. urteurrena. Aurten, ordenagailuak garagarrilaren 26an biztuko ditue, eta hilaren 29an amatau, 18:00etan. 6.000 lagunek egingo dabe topo Barakaldoko BECen, gaur egun estadu espainiarrean dagoan party handi bakarrean.
20 Gb/s sare-konexinoa eskainiz ospatuko dau Euskal Encounterrek 20. urteurrena. Aurten, ordenagailuak garagarrilaren 26an biztuko ditue, eta hilaren 29an amatau, 18:00etan. 6.000 lagunek egingo dabe topo Barakaldoko BECen, 45.000 metro koadroko espazioan. Gaur egun, estadu espainiarrean dagoan party handi bakarra da.
20. Euskal Encounterren aurkezpena Bilboko Alondigan egin dabe, eta bertan izan dira partyko zuzendari Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazinoko buru Mikel Astorkiza, Eusko Jaurlaritzako Barrikuntza eta Informazinoaren Gizarteko zuzendari Xabier Zabalza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol eta Gazteria arloko zuzendari nagusi Maitane Leizaola.
Krisiak krisi aurten be Euskal Encounterra ganezka egongo da, lekuak aspaldi agortu ziran. Parte-hartzaile gehienak bizkaitarrak izan arren, Euskal Herriko beste lurraldeetatik makina bat lagun etorriko dira, estadu espainiarretik bere bai. Izan be, Mikel Askorkizak nabarmendu dauenez, Euskal Encounter ekitaldi garrantzitsu bihurtu da Europan, eta party handi bakarra estadu espainiarrean. Ez da erraza holango ekimenek 20 urte betetea, eta ospatzeko, Euskaltelek 20 Gb/s sare-konexinoa ipiniko dau eskura BECen.
Bai Maitane Leizaola bai Xabier Zabalzaren eretxiz, Barakaldoko partya Bizkaia eta EAE mundura edegiteko aukera parebakoa da. Hasieran frikientzako jaialdia zan -azaldu dau Leizaolak-, baina gaur egun erreferentea da nazinoartean, euskaldunok munduan kokatzen gaitu, eta gure nortasuna zabaltzen laguntzen dau. Edizino honetako Be social leloak bat egiten dau idea horregaz. Ezagutzea alkarbanatzeko eta jente barriagaz hartu-emonetan egoteko gagoz partyan, ez gara beti ordenagailuan sartuta egoten. Topaketea da guretzako, azaldu dau Sabino San Vicentek.
Euskal Encounterrek hiru zonalde izango ditu: Euskal Party, Gamegune eta Opengune. Euskal Partyn arte digitala, hardwarea eta joko-lehiaketak egingo dira; Gamegunen, bideojokoen nazinoarteko lehiaketa profesionalak; eta, Opengunen, publiko guztiari zuzendutako berbaldi eta tailerrak. Ganera, hamaikatxu lehiaketa atondu ditue, ofizialez aparte: monologoak, mozorroak, fast ipuina, fast crimping, Air Guitar, Real Angry Birds eta abar.
Opengune aurten BECen atrioan egongo da, eta han jakin-mina daukan edonork hainbat enpresaren aurrerapen teknologiko barrienak ikusteko aukerea izango da, doban. Egunero berbaldiak eta tailerrak antolatu ditue.
Euskaltweetron martxan izango da lehenengo aldiz Euskal Encounterren. Azkue Fundazinoak, Gaztebizzek eta BiscayTIK Fundazinoak sortutako ekimena da. EuskalTweetron tweetcornak sortzeko gai dan munduko makina bakarra da: euskerazko twiten bidez, gailu honek krispetak egingo ditu. Euskerearen erabilerea Interneten bultzatu gura dogu. Euskerea edozein arlotan erabili daiteke, Interneten bere bai, adierazo dau Leizaolak. Bide batez, parte-hartzaileek krispetak jateko aukerea eukiko dabe, bateriak ondo kargetako.
Gamegunek hamar urte beteko ditu. 24 taldek hartuko dabe parte nazinoarteko bideojoko lehiaketan, munduko jokalari profesional onenak, hain zuzen be. 22.500 euro banatuko ditue saritan. Europako mugak gainditu egin ditu lehiaketeak, San Vicenteren esanetan. Sari handiagodun txapelketak egon egon dira, baina gurea da segiduten dauen bakarrenetakoa. Hasieratik gastuak neurriz egin ditue, aurrekontu jasangarriak izan dira. Gaur egun estadu espainiarreko party handi bakarra gara, beste batzuk ez dabe aurrera egin, kostu oso handia eukelako, azaldu dau.
Oso pozik, oso gustura dagoala adierazo dau San Vicentek. 20 urte betetea ez da marka txikerra. Hasi ginanean ez genduan hau amestu be egiten, ezta hain handia izango zanik be. Lehenengo urtean 25 ordenagailu izan ziran; aurton, ostera, 4.096.
20. Euskal Encounterraren ganeko argibide guztiak, hemen: www.euskal.org
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!