'H2O Bilbao' proiektua, ura pitxerkadaka Etiopiaraino
2012-07-23 14:56Bilboko Udalak, Ur Partzuergoak eta Slowfood Bilbao-Bizkaia alkarteak H2O Bilbao izeneko alkartasun proiektua martxan ipini barri dabe, Bilboko iturriko urari duintasuna emon eta Etiopian ur pozuak eregiteko.
Gura dogunean, txorrota zabaldu, eta ura daukagu. Jatekoa prestau, dutxau, edo erropak garbitzeko ura daukagu egunero. Gure artean normala da, ez deutsagu garrantzi lar emoten. Baina, munduko hainbat lekutan ez daukie holangorik. Horregaitik, Bilboko Udalak, Ur Partzuergoak eta Slowfood Bilbao-Bizkaia alkarteak H2O Bilbao izeneko alkartasun proiektua martxan ipini barri dabe, Bilboko iturriko urari duintasuna emon eta Etiopian ur pozuak eregiteko.
Aurkezpenean, Iñaki Azkuna alkatea, Patricia Urquiola artistea, eta Eneko Atxa, Sergio Ortiz de Zárate, Aitor Basabe, Mikel Población, Josemi Olazabalaga, Ricardo Pérezeta Aitor Elizegi sukaldariak izan ziran.
Slow Food Bilbao-Bizkaia alkarteko sukaldariek euren jatetxeetan iturriko ura edateko aukerea eskainiko dabe, botilako uraren ordez. Patricia Urquiola artista asturiarrak proiektu honetarako pitxarrak diseinau ditu beren beregi. Batutako ditu guztia Intermón Oxfam alkarteari emongo deutsie, Etiopian edateko ur pozuak egiteko.
Intermón Oxfameko iturrien adierazo dabenez, H2O Bilbao egitasmoak 5.843 laguni eragingo deutse zuzenean, batez be neska eta emakumeei.
Pozuak Toke Kutaye izeneko barrutian eregiko ditue, Addis Abeba uriburuaren mendebaldean, 140 kilometrora. Oromiya National Regional State dalakoaren (ONRS) barrutietako bat da; ur eta saneamentu egoerarik okerrena dauen Etiopiako zonaldea. Pozu bat egiteak 2.000 euro inguruko gastua dauka.
Toke Kutayek baliabide naturalak ditu, ura dauka luarrazalean eta lurrazpian, baina ez dauka baliabide tekniko, logistiko eta finantzario nahikorik. 2007. urtean egindako azterketen arabera, biztanleen %18k besterik ez dauka ura eskura, eta %26k, saneamendua (komunak, dutxak).
Edateko urik ez izateak ondorio latzak daukaz: ehunka lagun gaixotu eta hil egiten da kutsatutako ura edategaitik; elikagai gitxi produziduten da, uztak euriaren menpe dagozalako; ganadua, hil egiten da uraren kalidade txarrak eragindako gaixotasunak jota; eta emakumeek eta neskek kilometroak egin behar ditue ura topetako, beraz ez dabe eskolara joateko edo komunidadeko bizitzan parte hartzeko astirik.
Etiopia munduko herrialde pobreenetako bat da, sikateek eta giza larrialdiek min handia egin dabe azkenengo hamarkadetan. Herrialdeak ura izan arren, baliabide gitxi daukienez, etiopiar gehienek ez daukie eskura.
H2O Bilbao ekimenaren helburua Bilboko iturriko uraren kalidadea ezagutarazotea be bada. Bilboko iturriko ura, edateko ezin hobea eta kalidade handikoa da. Botilakoa baino hobea izan daiteke, Zientzia Ikerketen Goi Kontseiluak ziurtatu dau-eta ontziratutako urak baino kontrol gehiago dituala, dinoe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!