Krisiari aurre egiteko asmoz, kalidadeari eutsi eta prezioak merketu ditue BizBAK-en udako eskaintzan
2012-06-14 15:39 jardunaldiakLa pulga jantzariak, Ángel Ocray kantariak eta Mikel Aveiro eta Aitor Korta txalapartariek ekitaldi ofiziala animauko dabe hilaren 18an, 19:00etan, Bilboko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra pasealekua, 3), UPV/EHUko Bizkaiko Campusak antolatzen dituen Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura (BizBAK) uda ikastaroen inaugurazino-ekitaldian.
Euskal Herriko Unibertsidadeak antolatuta, hamahirugarrenez datoz BizBAK, Bizkaia-Bilbao Arte eta Kultura udako ikastaroak. Bagilaren 5ean hasi zan lehenengo kurtsoa eta urrira arteko jarduerak iragarri ditue, 29 tailer, mintegi eta ikastaro guztira. Krisiak ez deutsola BizBAKen eskaintzeari eragin nabarmendu dau Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, igaz baino lau ekintza gitxiago dagoz aurten eta aurrekontua txikitu egin behar izan dogu, baina ugaritasunari eta kalidadeari eutsi deutsegula uste dot. Matrikulen prezioak nabarmen merketu ditue.
Aurten, arte eszenikoetan arreta berezia ipiniko dabela be aurreratu dabe, Bilbon egindako aurkezpenean. Sei moltsotan banatzen da BizBAKen udako eskaintzea eta arte eszenikoak eta jantzea ardatz dituana da aurtengo izarra, igaz ikus-entzunezkoakaz egin genduan legez, aurten arte eszenikoei leku berezia egitea erabagi dogu, azaldu dau Gabriel Villota ikastaroen zuzendariak, betidanik izan doguz gogoko arte eszenikoak BizBAKen, eta erakundeen alkarlanari esker, goi mailako parte-hartzea izango dogu.
Asier Altuna, Borja Cobeaga, Enrique Urbizu eta abar etorriko dira Bilbora, arte eszenikoen inguruko mintegi edo tailerrak zuzentzera. Horrezaz gan, beste bost gai honeek landuko ditue: Erakusketak eta medio barriak, zabalkunde kulturala eta literaturea, musikea, gai sozialak eta ikus-entzunezkoak. Danetara, 29 ikastaro, batzuk egunotan hasi diranak edo hastear dagozanak, beste batzuk garagarrilerako. Abuztuko atsedenaren ostean, irailean eta urrian be egongo dira jarduera gehiago.
Ikastaroak, gehienbat, euskeraz, gaztelaniaz edo bietara izango dira, baina ingelesak be lekua izango dau. Ganera, euskerearen normalizazinoari buruzko gaiak landuko ditue. Aitatzekoa da, era berean, bagilaren 25ean eta 26an egingo dan jarduerea, Euskaraz bizi, sentitu, adierazi izenburupean. Eñaut Elorrieta, Maialen Lujanbio, Katixa Agirre, Ander Lipus, Asier Altuna eta Estitxu Fernandez batuko ditu ekitaldiak. Gaur eguneko gaiak lantzen ahalegintzen gara, kultura eta arteen alorrekoak, baina baita gai sozialak be, azaldu dau Goirizelaiak. Krisi sasoi honetan, ekonomiari buruz antolatu doguzan mintegi biak aitagarriak dira, gizartean pil-pilean dagozan beste arlo batzuk ahaztu barik, ganeratu dau Villotak.
Iñaki Goirizelaiak nabarmendu dauenez, krisiak BizBAKen eskaintzeari ez deutso askorik eragin: Aurrekontua murriztu dogu apur bat, baina kalidadeari eta eskaintza ugariari jagokonez, aurrera goaz eta matrikulazinoetan igarten da. Izan be, 700 persona inguru espero ditue eta, dagoeneko, 500 inguruk emon dabe izena. Matrikulen prezioa merketu izanak be eragina euki dau, igazko prezioen aldean, kasu batzuetan, ehuneko 40 merketu da, argitu dau Gabriel Villotak.
Hamarkada bat baino gehiago daroaz BizBAKek udan ikastaroak emoten eta EHUren udako ikastaroen barruan, eskaintza berezitua bihurtu da, arteari eta kultureari buruz jarduten dalako, azpimarratu dau Goirizelaiak. Pedro Luis Arias Eusko Jaurlaritzako Unibersidade eta Ikerketa Sailburuordearen esanetan, jakintzea sortu, zabaldu eta gizarteratu behar da, gaur egungo egoeran bialdu behar dogun mezua da hori, unibersidadeak kulturea zabaltzen jarraitu behar dauela. Bide horretan, unibersidadearen konpromisoa eta lidergoa txalotu ditu Ariasek. Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak ganeratu dauenez, Bizkaia lurralde sortzaile bihurtu behar dogu, BizBAK moduko ekimenen bidez.
Flamenkoa eta txalapartea BizBAK uda ikastaroak inauguretako
La pulga jantzariak, Ángel Ocray kantariak eta Mikel Aveiro eta Aitor Korta txalapartariek ekitaldi ofiziala animauko dabe hilaren 18an, 19:00etan, Bilboko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra pasealekua, 3), UPV/EHUko Bizkaiko Campusak antolatzen dituen Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura (BizBAK) uda ikastaroen inaugurazino-ekitaldian. Kultur, gizarte eta politika arloko ordezkariak joango dira zeremoniara eta, bertan, txalapartea eta flamenkoa batzen dituan Berriketan ikuskizuna eskainiko da.
Askoa Etxebarrietak, La Pulga, flamenko piezak eskainiko ditu, Mikel Aveiro eta Aitor Korta txalapartariek interpretautako musika erritmoari jarraituz. Eurekaz batera, Adrián Larrañaga (pandero eta perkusinoa) eta José Gil, Giliyo (kutxa flamenkoa eta perkusinoa) izango dira eszenatoki gainean. Ángel Ocray flamenko kantari nafarrak abotsa jarriko dau zama poetiko handia dauen eta antxineko euskal tresnak eta flamenco erritmoak alkarrizketan ipinten dituan ikuskizun honetan.
Udako ikastaroen egitaraua hemen dago: http://www.bak.ehu.es/p255-home/eu
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!