Elvin Bishop, Dana Fuch eta Joe Louis Walker, Getxoko 23. Nazinoarteko Blues jaialdian
2012-06-12 15:05 MusikeaGetxoko Nazinoarteko Blues Jaialdiak hasiko dau Getxoko udako musika egitarau oparoa, bagilaren 21ean. Hiru egunetan, blues doinuek bere egingo dabe Algortako Bihotz Alai plazea, Elvin Bishop, Dana Fuch eta Joe Louis Walker musikarien eskutik.
Getxoko Nazinoarteko Blues Jaialdiak hasiko dau Getxoko udako musika egitarau oparoa, bagilaren 21ean. Hiru egunetan, blues doinuek bere egingo dabe Algortako Bihotz Alai plazea, Elvin Bishop, Dana Fuch eta Joe Louis Walker musikarien eskutik. The Piper´s pubean be kontzertuak antolatu ditue, doban.
Bilboko BBK Salan aurkeztu dabe Getxoko XXIV. Nazinoarteko Blues Jaialdia, eta bertan izan dira Koldo Iturbe Getxoko Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria zinegotzia, Iñaki Elorriaga Blues Jaialdiko zuzendaria eta BBK-ko Kanpo Harremonerako saileko Alberto Rodriguez.
Koldo Iturbek gogoratu dauenez, bluesaren ostean, jazza eta folkaren txandea izango da Getxon, garagarrilean eta irailean. Aurten be bluesagaz hasiko da udako musika jaialdien egitaraua. Horretxek dira Getxoko musika jaialdi garrantzitsuenak, azaldu dau.
Aurten, barikuan barik, eguenean ipiniko dabe martxan egitaraua. Lehenengo hitzorduan Elvin Bishop AEBetako musikaria izango da protagonistea Bihotz Alai plazan, 20:00etatik aurrera. 60ko hamarkadan ekin eutson bere ibilbideari, Pul Butteriel Blues Band talde mitikoaren eskutik. Bluesa makina bat estilogaz lotu dau urteotan, rythm & bluesa, rock & rolla, soula, countrya eta abarregaz. Ez deusku esan gura, baina dakarren taldea kontuan hartuta, orain arteko bere ibilbideko estilo desbardinak eskainiko ditu seguruenik -azaldu dau Iñaki Elorriagak- Beraz, kontzertu interesgarria eta anitza izango da, duda barik.
Barikuan, hilaren 22an, The Dana Fuchs Bandek igaz argitaratutako Love to Beg diskoko abestiak joko ditu Getxon. Lehenengo aldiz izango da zuzenean Estadu espainiarrean. Rocketik oso hurreko bluesa egiten dau Dana Fuchsek, baina soula eta gospela sano gogoko ditu. B. B. Kingek oraintsu New Yorken emon eutson babesa, eta ordutik arrakastaz jardun dau hamaika jaialditan. Igazko sorpresea izan zan Europako jaialdietan. Batzuek Janis Joplinen ondorengoa dala dinoe, ikusiko dogu, gaztea da oraindino, ganeratu dau Elorriagak. Dana Fuchsen kontzertuaren ostean, The Piper´s pubean, The Romanticos hirukote gipuzkoarren txandea izango da, 23:00etan.
Zapatuan, Joe Louis Walkerrek Hellfire lan barria aurkeztuko dau, blues, jazz, gospel, soul eta rocka buztartzen dituan disko ederra. Orain 18 urte izan zan Getxon. Disko barriak harrera sano ona izan dau, bai adituen bai publikoaren aldetik, Elorriagak nabarmendu dauenez. Getxoko Blues Jaialdia The Piper´s pubean amaituko da, Mr. Groovy & The Blues Heads taldearen zuzenekoagaz.
Getxoko XXIV. Nazinoarteko Blues Jaialdiko sarrerak salgai dagoz daborduko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!