Bakea aldarrikatuko dabe poesiaren bidez, Gasteiz, Donostia eta Bilbon

Dabi Piedra Robledo 2012-06-05 15:28   jardunaldiak

Donostian eta Gasteizen, bagilaren 7an eta 8an egongo dira jaialdiagaz lotutako ekintzak: errezitaldiak, musika emonaldiak, eztabaidak eta abar. Bagilaren 9an eta 10ean, barriz, Bilboren txandea izango da eta gaur, jaialdiko arduradunek, Bizkaiko uriburuko egitaraua zehaztu dabe.

Askoren izenean: pido la paz y la palabra izenburuko jaialdia egingo dabe bagilaren 7tik 10era, 2012 Euskadi programearen barruan, hau da, bakearen eta bizikidetzearen alde Eusko Jaurlaritzeak eratu dauen ekimenaren zati izango da. Nazinoarteko poesia jaialdia izango da eta, beraz, Euskal Herriko zein mundu osoko idazleak batuko dira, nork bere hizkuntzan, bakearen eta alkarbizitzearen aldeko olerkiak errezitetako. Musikeak be lekua izango dau.

Munduan punta-puntan dabilzan poetak ekarriko doguz, azaldu dau Mikel Toral Jaurlaritzako kultur sustatzaileak. Medellineko (Kolonbia) nazinoarteko poesia jaialdiagaz senidetuta dago Jaurlaritzeak eratu dauen hau. Gernika eta beste herri batzuk bonbardeau zituela 75 urte bete diran honetan, goi mailako ekimena antolatu gura izan dabe, ganera, gaur eguneko egoeran be, bakerako bidean goazela emoten dau eta hori ospatu nahi dogu, adierazo dau Toralek. Bakea eregiteko, berbea emon behar jako kultureari, kasu honetan poesiari jarraitu dau, iraganeko egoera lazgarriak ez daitezan errepetidu, kulturea behar dogu, poesiaren aldarria.

Hain zuzen, bakea aldarrikatzeko egin eban ahaleginagaitik, Blas de Otero gogoan euki nahi izan dabe, Bilboko poeta handiak, 1955ean, diktadura bete-betean, Pido la paz y la palabra izeneko lana argitaratu eban, ausardia handia euki eban, nabarmendu dau Jose Fernandez de la Sota poeta eta jaialdiaren aholkulariak. Beraz, jaialdiari, Askoren artean: pido la paz y la palabra goiburua emon deutsie. De la Sotak ganeratu dauenez, Gabriel Aresti be aitatu beharrekoa da, Blas de Oteroren sasoi beretsuan idatzi ebalako bera beti jarriko zala gizonaren alde, personearen alde Harri eta Herri lanari erreferentzia eginaz.

Kontuak kontu, Donostian eta Gasteizen, bagilaren 7an eta 8an egongo dira jaialdiagaz lotutako ekintzak: errezitaldiak, musika emonaldiak, eztabaidak eta abar. Bagilaren 9an eta 10ean, barriz, Bilboren txandea izango da eta gaur, jaialdiko arduradunek, Bizkaiko uriburuko egitaraua zehaztu dabe, Abandoibarran egindako ekitaldi baten. Bagilaren 9ko, zapatuko, jarduera nagusia, Euskalduna Jauregiko etenbako errezitaldia izango da. Goizeko hamaiketan hasita, eta iluntzera arte, mundu zabaleko dozenaka poetak parte hartuko dabe, besteak beste, Cristina Peri Rossi (Uruguay), Nguyen Quang Thieu (Vietnam), Douglas Dunn (Eskozia), Werewere Liking (Kamerun), Natalia Toledo (Mexikoko Zapoteka nazinoa) eta Ataol Behramogluk (Turkia). Bertoko ordezkari, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi eta abar egongo dira. Errezitaldiak iraun artean, Euskaldunan bertan, kontzertuak be egongo dira, A3 aretoan. Ostean, Askoren izenean poesia gaua antzeztuko dabe: aktore batzuek (Juan Etxanobe, Imanol Arias, Miren Gaztañaga eta Elena Irureta tartean) pemak irakurriko ditue, Kepa Junkera, Jose Luis Canal eta German Diazen musikeak lagunduta. Amaitzeko, Kirmen Uribek eta Wim Mertensek beren beregi jaialdirako preparautako emonkizuna egongo da Euskaldunan bertan, Hitzak isilune luzearen ostean. Kirmen Uribe eta Mertens alkartzea ez da lan erraza izan, baina mereziduko dau, azaldu dau Toralek.

Domekan, bagilak 10, beste etenbako errezitaldi bat egongo da, Casilda Iturrizar parkean, goizean. Tartean, Iñaki Salvadorrek eta Vaiven taldeak kontzertu poetikoa eskainiko dabe. Familia osoarentzako ekitaldiak izango dira domekakoak, umeentzako jarduerak egongo dirala iragarri dabe. Handik hur, Gabriel Arestiren omenezko hilarria dago eta, han be, errezitaldiak egingo ditue, Miren Agur Meabe, Gerardo Markuleta eta Felipe Juaristigaz.

Jaialdi kultural bat baino gehiago izango da hau, adierazo dau Jose Fernandez de la Sotak, sarri poesia gitxiesten dogu, baina oraingoan, bere txikitasunaren indar handia agirian geratuko da. Nazinoarteko horrenbeste olerkari batera ikusteko aukera aproposa eta bakarra izango da, Mikel Toralen esanetan datozan urteetan ez dabe barriro egingo. Hau aurtengo kontua da, bonbardeoen 75. urteurrena dalako, momentu berezia izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu