Bikote bat hamar egunetan biziko da jentaurrean Bilbon, birziklatzearen garrantzia azpimarratzeko

Bizkaie! 2012-05-08 11:25

Bilboko Udalak (Ecoembesen eta Ecovidrioren laguntzinoagaz) antolatutako proiektu honen helburua da herritarrei birziklapenari buruzko informazinoa emotea eta jentea gai horretan sentsibilizetea.

Bikote bat hamar egunez egongo da alkarregaz biziten Bilboko Arenalean, Bilboko Udalak eta Ecoembes eta Ecovidrio enpresek martxan jarritako kanpaina baten barruan. Birziklatzearen preminaz eta moduez ohartarazotea eta informazinoa zabaltzea da kanpainearen helburua.

Holan, maiatzaren 10ean hasiko da Birziklatzea begi-bistan kanpainea. Hamar egunetan, Bilboko bi gazte, Bego eta Jon, jentaurrean biziko dira, Arenalean ipiniko dan 30 metro koadroko apartamentu batean. Eguneroko bizimoduan izaten diran hainbat egoera antzeztuko ditue hamar egun horreetan. Lehengusu-lehengusinak dira Jon eta Bego eta, nahi barik, birziklatzea eta alkarbizitea buztartzen dituan abentura honetan buru-belarri dabilz.

Ingurumen-kontzientzia sendoko neskea da Bego; Joni, barriz, ez deutso ardura ingurumenak. Amama hil jakonean Begok hartu dauen erabagia da argumentuaren abiapuntua. Landa-ingurunean familiaren baserrian hazitakoa da protagonistea, eta han ikasi eban ingurumena errespetetan, birziklatuz eta naturea zainduz.

Amama hiltean, bolada batez Jon lehengusuaren apartamentura (Bilboko erdigunea) joatea erabagi dau Begok. Hamar egun horreetan, lehengusuari hainbat gauza irakasten saiatuko da: ontziak behar bezela bereizten, ingurumena zaintzen eta, birziklaketearen bidez, lehengaiak aurrezten.

Bilboko Udalak (Ecoembesen eta Ecovidrioren laguntzinoagaz) antolatutako proiektu honen helburua da herritarrei birziklapenari buruzko informazinoa emotea eta jentea gai horretan sentsibilizetea, hau da, jentea ohartarazotea oso garrantzitsua dala ontziak behar bezela bereiztea -beirazkoak, plastikozkoak, metalezkoak, brik motakoak, kartoizkoak eta papelezkoak-, material gehiago eta kalidade hobekoak jasoteko. Edukiontzi berdea, horia eta urdina izango ditu ardatz nagusi kanpaina honek.

www.reciclajealavista.com blogaren bidez, zibernautek zuzenean jarraitu ahal izango ditu bikotearen gorabeherak interneten, eta sare sozialen bidez (Facebook, Twitter, Youtube eta Flickr) eurekaz berba egiteko aukerea izango dabe. Era berean, kanpainea bilbotar guztien buzoietara helduko da informazino liburuxken bidez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu