Omenaldia Intxortako Atean indar frankistek Elgeta hartu ebela 75 urte pasau ostean

Elgetako Udala 2012-04-18 14:18

Militar profesionalen aurrean, gudari eta milizianoen buruzagiak zibilak ziran: Felipe Bediaga, Pablo Ugarte, Segundo Olazagoitia, Patxo Gorritxo, Felix Casero, Pablo Beldarrain… Gudari eta milizianoen armarik onena Askatasunaren Irrintzian sinistea izan zan.

Orain 75 urte Elgetatarrek eta Intxortaren magalera burrukatzera etorritako milaka miliziano eta gudarik, zazpi hilebetez, 1936ko irailetik 1937ko apirilera arte gerra guztien arpegi gogorrena sufridu eben: ankerkeria edo krudelkeria. Atxiloketak, fusilamenduak, sorgin ehiza, emakumeakazko errepresino basatia, bortxaketak, behartutako lanak... Baina gogorrena, 75 urte pasau eta gero, oraindino inork barkamenik eskatu ez izana da.

Elgeta eta bere inguruak, Euskal Erresistentziaren eredu izan ziran. Matxinatuek eta bere aliatuek, Alemaniar, Italiar eta Marokoarrakaz ezin izan zituen Elgetako sektoreko lubakiak gainditu. Mola eta Camilo Alonso Vegaren tropek, euren erasoaldietan behin eta barriro jaso behar izan eben porrota.

Militar profesionalen aurrean, gudari eta milizianoen buruzagiak zibilak ziran: Felipe Bediaga, Pablo Ugarte, Segundo Olazagoitia, Patxo Gorritxo, Felix Casero, Pablo Beldarrain… Gudari eta milizianoen armarik onena Askatasunaren Irrintzian sinistea izan zan.

Fronte honen jauskerearen 75. urteurrena beteko dan honetan, omenaldia antolatu da kolpe faxista haren ondorioak eta erasoak sufridu zituenak gogoratzeko, apirilaren 22an, eguerdiko 12:00etan Elgetako Intxortako Atea monumentuan. Honakoa da egun horretarako preparautako egitaraua:

- 10:30ean, harrerea Espaloia Kafe Antzokian.

- 12:00etan, omenaldia Intxortako Atean (eguraldi txarra bada, Espaloian bertan egingo litzateke).

- Ondoren, martxea Salbadorrera, eta lore eskaintza zibilen fusilamenduak gogoratzeko monumentuan.

- Andoaingo banda errepublikarragaz Elgetara jaitsierea.

- 14:30ean, bazkaria Espaloia Kafe Antzokioan. 20€an frijituak, makailao tortilea, txuletea brasan, mamia, urteko ardaoa, sagardao txotxa, txakolin txotxa... Izena emoteko azken eguna apirilaren 19a da (943768022 edo turismoa@elgeta.net)

Honenbestez, deialdia luzatu nahi deutsegu omenaldi honetara etor daitezen, gerran zehar hildakoen senideei, baita hain era heroikoan Elgetako sektorean ibili ziranei, honako batailoi honeetan:

Euskal miliziak, Euskal Milizia Antifaxistak, Milicias Populares, Amuategi, ANV I Olabarri, Arana Goiri, Regimientos vasco de Artilllería (artileria astun eta arina, 2. eta 3. regimentoak), Azaña, Castilla, Compañia Roja Alza, Dragones, Ibaizabal, Brigada Internazionalistak, Itxasalde, Kirikiño, Larrañaga, Loiola, MAI IRRINTZI, Martiartu, Muñatones, Otxandiano, Pablo Iglesias, Rusia. Saseta (Ametrailatzaileen konpainia), UHP, Zabalbide, UGT13 Martinez Aragón edo Barakaldo, CNTren 1go zulatzaile-minatzaileen batailoia, CNT-8 babeslekuen ingeniariak, Eusko Gudarostearen 2. zulatzaile minatzaile batailoia, Zulatzaile-minatzaileen Matxin konpainia, 15. zulatzaile-minatzaile batailoia, Intendentziaren Delegaritza, Osasungile eta gasaren kontrako gudaren delegaritza, guda garraioaren delegaritza, arma eta munizio delegaritza.

Ezinbestekoa da iraganaren barri izatea oraina ulertu eta etorkizuna eregiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu