Buy Urdaibai, eskualdeko ekonomia sustatzeko jaio da

Bizkaie! 2012-03-23 10:56

Gure izena Buy Urdaibai da, eta berba-joko horrek Urdaibain erosi esan gura dau. Horren bitartez, geure enpresen eta eskualdearen onerako markea edo ikur bereizgarria sortu gura izan dogu.

Krisi ekonomikoak ia-ia enpresa guztietan euki dau eragina. Hori dala eta, egoerea behar dan moduan aztertu eta bezero eta merkadu barriak topau behar dira. Konturatu egin behar gara beti-beti gu baino hobea dan nonor daukagula alboan eta norgehiagoka handiagoa dala.

2010. urtean, Urdaibaiko enpresen taldea alkartu ginan, Lanbide Ekimenak zentroari geure kezken barri emoteko. Hain zuzen be, behar besteko ekintzak egin behar genduzan, eskualdea eta geure negozioak garatzeko eta bezero gehiago eukiteko. Horretarako, guretzat oso aukera ona zan webgunearen eta sare sozialen bidez Interneten egotea. Izan be, komunikazino-sistema barri horri esker, eskualdeko enpresok geure produktu eta zerbitzuen ontasunen barri emon ahal izango dogu.

Lanean hasi ginanean, Lanbide Ekimenak zentroak aholkuak emon euskuzan, SPRIko Compite programearen bitartez. Lehenengo eta behin, behar besteko laguntzak lortu gura genduzan, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Proiektu horren bidez, norgehiagokarako posizinoa hobetu gura genduan, eta, horretarako, ekintza zehatzak garatu behar genduzan. Ekintza horreek zehaztu ostean, Lanbide Ekimenak zentroa lanean hasi zan, eta laguntzak lortu zituan. Eurei esker, Buy Urdaibai alkarte barria eratu ahal izan genduan. Izan be, eskualdeko alkartea da, eta konpromiso handia hartu dau Urdaibaigaz. Gure enpresen taldean, edozein sektorerentzako lekua dago, eremu geografiko horretan finkatuta egon ezkero.

Gure izena Buy Urdaibai da, eta berba-joko horrek Urdaibain erosi esan gura dau. Horren bitartez, geure enpresen eta eskualdearen onerako markea edo ikur bereizgarria sortu gura izan dogu.

Sarea marka barriaren erakusleiho birtuala izango da. Muga bako gune barri horretan, gainera, geure produktu eta zerbitzuen katalogo oso eta bikaina aurkeztu eta zabaldu ahal izango dogu. Lanbide Ekimenak zentroak enpresak dinamizau eta koordinetan ditu, antzeko helburuak lortzeko eta bazkide barriak erakarteko. Azken batean, erakunde horri esker, gogoko proiektu honen oinarri sendoak ezarri ahal izan genduzan.

Sare sozialek be zeresan handia eukiko dabe komunikazinorako estrategia barri horretan. Facebook eta Twitter plataformetan, profil barriak sortuko doguz, eskualdeko jarduerearen barri emoteko.

Lanbide Ekimenak zentroak argi eta garbi eukan alkarteko kideek ezin izango zituela euskarri digital sortu barriak kudeatu, hau da, webgunea eta sareetako profilak. Buy Urdaibai alkarteko kideek astirik edo jakintza teknikorik ez eukienez, Community Managerra kontratau behar zan. Kazetari birtuala da, eta webgunerako eta sare sozialetarako eduki interesgarriak sortzen ditu. Dana dala, gure eskualdekoa izan behar zan, eta gure egoera sozial eta ekonomikoa, gure historia, gure hizkuntza... ezagutu behar zituan. Etxekoa bertakoa izan behar zan, azken batean.

Buy Urdaibai alkarteak ondo baino hobeto azaldu gura dau zer eskaintzen daben gure enpresek, zer lehiakorrak diran eta zelako produktu edo zerbitzu onak daukiezan. Ezagunak izan gura dogu. Berton gagozala eta gure eskeintza ona dala adierazo gura dogu. Geure webgunearen bitartez, sustapen bakarren eta inguruan garatutako ekitaldien edo jardueren barri emongo dogu. Bizitzen eta eskualdeari bizitasuna emoten segidu gura dogu. Buy Urdaibai alkartetik, bezeroak erakarten lagundu gura deutsegu geure enpresei, unada honetan preminazkoa dalako eurentzat.

Helburuak zehaztukeran, ez dogu eskualdearen lurralde-arloko dinamizazino turistikoa kontuan hartu. Horretarako, beste era bateko ekimenak dagoz, eta oso ondo lantzen ditue eduki horreek. Halanda be, horrek ez dau esan gura geure tresna barrien bidez nonoiz beste erakunde batzuen interesakaz bat egingo ez dogunik (turistikoak, kulturalak, kirol-arlokoak, natura-arlokoak). Bisitariak erakarteko moduko jarduketak zabaltzea komuniketako arrazoia da danontzat. Holako ekintzak oso egokiak dira, geure produktu eta zerbitzuen barri emoteko. Aukera horreen ondorioz, gainera, gehiago saltzeko abagunea be euki ahal izango dogu.

Buy Urdaibai alkartean, eskualdeko mugetatik kanpo izan gura dogu ezagunak. Era berean, bete-betean lan egin gura dogu, geure auzokoek, hau da, Urdaibaiko udalerri guztietako herritarrek etxean bertan zelako eskaintzea daukien jakiteko. Tokian tokiko konsumoa udalerriaren bizibide nagusietakoa da. Jarduera ekonomikoa bultzatzen ez badogu, desagertu egingo da, eta negozioak eta lanpostuak eroango ditu aurretik.

Momentu honetan, Buy Urdaibai alkartean eskualde guztiko 30 enpresa inguru gagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu