El Sol publizidade jaialdiak Bilbora ia 2.000 bisitari erakartea itxaroten dabe

Bizkaie! 2012-03-21 14:01

Orain arte, Donostian egin da Iberoamerikako publizidadearen jaialdia, baina aurten, Bizkaiko uriburura ekarriko dabe, maiatzaren 31tik bagilaren 3ra. Bilboren eraldaketeak eta azpiegiturek erakarrita aldatu dabe egoitzea antolatzaileek eta Udaleko eta Foru Aldundiko arduradunek uste dabe, krisitik urteteko bidean beste pausu bat dala El Sol.

Orain arte, Donostian egin da Iberoamerikako publizidadearen jaialdia, baina aurten, Bizkaiko uriburura ekarriko dabe, maiatzaren 31tik bagilaren 3ra. Bilboren eraldaketeak eta azpiegiturek erakarrita aldatu dabe egoitzea antolatzaileek eta Udaleko eta Foru Aldundiko arduradunek uste dabe, krisitik urteteko bidean beste pausu bat dala El Sol.

Iberoamerikako eta Espainiako publizidadearen sektoreko alor guztietan egon diran barrikuntzak eta sormen-piezak erakutsiko ditue El Sol jaialdian eta sari ugari banatuko ditue. Garaikur nagusia Urrezko Eguzkia izango da, Branding eta diseinu arlokoa, barriz, aurten emongo da lehenengoz. Marken eta edukiontzien itxurea, diseinu korporatiboa eta antzekoak balorauko doguz sari barriagaz, azaldu dau Enric Pujadas jaialdiko zuzendariak, Bilboko Iberdrola torrean egindako aurkezpenean. Hamabi sailetan banatuta, 2.500 lan aurkeztuko dira 2012ko El Sol jaialdian eta aurreko urteetako kopuruetan oinarrituta, ia 2.000 bisitari etorriko dirala kalkulau dabe, asko Espainiatik etorriko dira, baina Latinoamerikan be interes handia sortu da, Mexikon egindako aurkezpenean, sektoreko profesional askok Bilbo ezagutzeko interesa agertu eben, azpimarratu dau Pujadasek.

Izan be, 27. ekitaldia izango dau El Sol publizidade jaialdiak, baina Bilbon lehenengoz egingo da. Orain arteko ia edizino guztiak Donostian egin ditue, baina antolatzaileek egoitzea aldatzea erabagi eta Bilbori emon deutse aukerea, 2016ra arteko kontratuagaz. Bilbok bibrazino bereziak daukaz, uste dot hona etorrita jaialdia finkatu eta etorkizuna bermatu dogula, azaldu dau Enric Pujadas zuzendariak, Bilboren alde egiteko, ezaugarri bi hartu doguz kontuan, hau da, azken urteotako eraldaketa ikusgarria eta eskaintzen dituan azpiegiturak. Holan, Euskalduna Jauregia, Bilbao Arena pabilioia, Guggenheim Museoa, Alondigea eta abar erabiliko ditue proiekzinoak egiteko. Historian lehenengoz, Bilboko jenteari zabalik egongo dan sari-banaketa ekitaldia be eukiko dau El Solek, akreditautako profesionalak ez eze, interesa daukan bertoko jentea be sariketearen parte izatea gura dogu, esan dau Pujadasek. Ateak zabaltzeko eguna be antolatu dabe, nahi daben herritar guztiak joan daitezan, bagilaren 3an, Alondigan, orain arteko edizino guztietako iragarki irabazleak proiektauko doguz doban, hara doazanentzat.

Bilbo eta Bizkaiko agintariek azpimarratu dabenez, ahalegin handia egin dabe El Sol jaialdia Bilbora ekarteko, uriari eta herrialdeari mesedea egingo deutsolakoan. Juan Felix Madariaga Bilbao Ekintza erakundeko zuzendari nagusiak nabarmendu dauenez, ostalaritzeak, zerbitzuek eta abarrek onura handia izango dabe jaialdiaren lau egunetan. Holan, Madariagak ganeratu dauenez, krisi ekonomikotik urteteko balio daben ekimen guztiak eta Bilborentzat interesgarriak diranak ekarteko ahaleginean gabilz. Bizkaiko Foru Aldundiko turismo eta kanpo sustapeneko zuzendari Gabino Martinez de Arenazak aitatu dauenez, jaialdi honegaz, goruntz datozan sektoreak lagunduko doguz, sormenagaz lotuta dagozanak eta, bide batez, Bilbo-Bizkaia markea indartuko dogu.

Bestetik, Enric Pujadasek ondokoa nabarmendu dau: sormen publizitarioan erreferente izateko lan egiten dogu eta Bilbora etorteak mesede egingo dauelakoan gagoz. Maiatzaren 31tik bagilaren 3ra egongo da El Sol Bilbon aurten, baina bost urterako kontratua danez, 2016ra arte, behintzat, Bizkaiko uriburuan egingo da urtero. Eurentzat zein geuretzat, etorkizunean finkatuteko garrantzitsua da jaialdia, ia 2016an kontratua luzatzen dogun, esan dau Juan Felix Madariagak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu