Elkar diskoetxeak prest daukaz 2012ko udabarrian argitaratzeko lanak

Bizkaie! 2012-03-09 14:29   Musikea

Kupela, Anje Duhalde, Lauroba Xabi San Sebastian eta Benito Lertxundiren disko barriak dira datozen egun eta hileotan plazaratuko dituenak.

Kupela, Anje Duhalde, Lauroba Xabi San Sebastian eta Benito Lertxundiren disko barriak dira datozen egun eta hileotan plazaratuko dituenak.

Martiaren 22an, Kupela taldearen disko barria aurkeztuko deuskue: Gailurrak ikutuz. Anjel Larrañagak buruan gordeta eukazan hainbat bertsolariren (Sebastian Lizaso, Lazkaotxiki, Andoni Egaña…) bertsoei musikea jarri deutse Xabier Zabalek. Holan, bertsolaritzeari buruzko bilduma monografiko erakargarria osotu dabe. Kupelaren ohiko erromeria eta plaza kutsua baztertu barik, disko barrian argitaratuko diran bertsoakaz hartu-emon bereziak izan ditu Anjel Larrañagak, izan be, danak berak zuzenean jasotakoak dira, batzuk oholtza gainean lehian jasotakoak, beste batzuk entzule lez jasotakoak.

Apirilaren amaieran, barriz, Anje Duhalde beteranoak igaz Ondarroako Kafe Antzokian grabautako Ibilean diskoa aurkeztuko dau. Zati bat akustikoa da, eta bestea elektriko kutsukoa. Errobiren hasierako garaietatik estudioan grabautako azken diskora (Sorminetan) bitartean landutako gaien errepasoa da.

Maiatzaren hasieran Lauroba taldearen txandea izango da. Talde gaztea bezain eskarmentu handikoa, ibilbide luzekoa eta zuzeneko hainbat eta hainbat saiotan ibilia. Entzule guztien burmuinetan pop-rock estiloko kantak sartzeko prest datoz. Iglu bat basamortuan izango da diskoaren izenburua.

Aurreko musika-estiloagaz jarraituz, Xabi San Sebastianek estudioan grabautako bere bigarren diskoa aurkeztuko deusku maiatzaren erdialdera: Erraiak. Oso gitarrazale jatorku Xabi, aurrekoan baino zuzenago eta rock-zaleago. Errepetizino gogoraerrazak, lehen entzunaldian sartzen diran abestiak… azken finean, horixe da rock and rolla.

Azkenik, maiatzaren 18an, Bilboko Euskalduna Jauregian, zuzeneko lehen emonaldiagaz batera, jenteak sano eskertuko dauen Benito Lertxundiren disko barria aurkeztuko dau Elkar diskoetxeak: Oroimenaren oraina. Biharamunean, maiatzaren 19an, Donostiako Kursaaleko auditoriumean kantauko dau Benito Lertxundik, eta bagilaren 9an, Iruñeako Baluartekoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu