AEBetako literaturea izango da aurtengo Gutun Zuria jaialdiaren ardatza

Dabi Piedra Robledo 2012-02-27 13:29   jardunaldiak

AEBetako literaturea ardatz, aurtengo gaia, ezkutuko hitzak izango dira, hau da, literatur lanetan esaten ez dana, guzurraren tratamendua, errealidadea eta abar jorratuko ditue apirilaren 19tik 22ra.

Bilboko Letren Nazinoarteko bosgarren Jaialdira AEBetako idazle, kazetari eta pentsalariak ekarriko ditue Bilboko Alondigara, apirilaren 19tik 22ra. Ganera, Bernardo Atxaga eta Anjel Lertxundi euskal idazleek eta bertso saio batek be lekua izango dabe, Tunisiako igazko herri-altxamenduan nabarmendu zan blogari bategaz batera. Aurtengo gaia, ezkutuko hitzak izango dira, hau da, literatur lanetan esaten ez dana, guzurraren tratamendua, errealidadea eta abar jorratuko ditue.

Solasean izeneko atala nabarmendu dau Rosa Ferrer Gutun Zuria jaialdiko arduradunak, literaturearen zentzua zabaltzen ahalegintzen gara hor, beste alorrakaz nahasten, zientziagaz edo pentsamenduagaz esaterako. Solasean atalean, aurten, Estadu Batuetako autoreak izango dira nagusi, herrialde hori dalako konbidatua eta, holan, Bill Keller New York Times egunkariko zuzendari ohia, Chuck Palahniuk eta John Verdon idazleak eta abar etorriko dira Bilbora, baita Ruandako genozidioa bertatik bertara kontau eban Philip Gourevitch be. Bernardo Atxagak Angels Barcelogaz saioa egingo dau Solasean atalaren barruan, bere liburu barria aurkezteko, Atxaga, akaso, euskal literaturako idazlerik amerikarrena da eta oraingoan, ganera, Nevadan bizitakoari buruzko liburuaren aurrerapena egitera etorriko da esan dau Rosa Ferrerek.

Igazko neguan Tunisian egon zan iraultzea hur-hurretik ezagutu eban Lina Ben Mhennik, eta blog ezaguna be badauka, atunisiangirl izenekoa. Solasean atalaren barruan politika, demokrazia, gardentasuna eta segurtasunari buruzko tartean jardungo da. Hans Magnus Enzensberger dibulgatzailearen eta Anton Zeillinger fisikari kuantikoaren arteko alkarrizketea be interesgarria izango da, izan be, errealidadearen mugak aztertuko ditue.

Bertso saioa egingo dabe apirilaren 21ean, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sustrai Colina eta Uxue Alberdigaz. Bertsotan be, esaten dana eta esaten ez dana dira garrantzitsuak eta hori jaialdiaren goiburuagaz bat dator, azaldu dau Iñaki Esteban antolatzaileak. Gutun Zuriak aurten dakarzan nobedadeen artean dagoz, bestetik, Basauriko kartzelan Manuel Rivas idazleak egingo dituan saioak.

Gutun Zuria apirilaren 19tik 22ra izango da baina, aurretik, saio batzuk be antolatu ditue, liburuen sinadura ekitaldiak, proiekzinoak eta Aurrez-aurre izeneko atala tartean. Anjel Lertxundi izango da gonbidatuetako bat apirilaren 18an eta Etxeko hautsa liburuaz egingo dau berba. Mahai-ingurua be antolatu dabe, 16rako, Agusti Villaronga eta Enrique Urbizu gidoigileakaz.

Gutun Zuria Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdiaren bosgarren ekitaldia izango da aurtengoa. Iñaki Azkuna alkateak azpimarratu dauenez, Bilbon literaturea beti ibili da apur bat atzetik, giro literarioa falta izan da, baina Gutun Zuriak hutsune hori konpontzen dau. Krisi sasoian gagozan arren, kulturan inbersinoak egiten jarraituko dabela agindu dau alkateak, kulturea etorkizuna da eta Alondigea bera, urte askotarako Bilboko azpiegitura garrantzitsua izatea espero dot. Izan be, Alondigan izango dira saio guztiak. Sarrerei jagokenez, martiaren 1etik aurrera egongo dira jaialdirako sarrerak salgai eta leku honeetan erosi daitekez: Infopuntua eta Ticket Box-en. Solasean saio guztien prezioa 2€ izango da, eta zinema-zikloaren emonaldi bakotxarena 4€, 3€ Hó txartelagaz. Programako ganerako saioak doban izango dira.

Gutun Zuria BBK-k babesten dau eta laguntzaile honeek ditu: BilbaoMusika, Bilboko Koral Elkartea, Euskadiko Liburu- Ganbara, Fnac, MetroBilbao, Yandiola eta Shópa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu