Argantzunen Erdi Aroko herrixka gotortu bat deskubridu dabe

Bizkaie! 2011-11-03 14:34

UPV/EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalen Ikerketa Taldeak garatu dauen ikerketearen emoitzak Europako Erdi Aroko arkeologiari buruzko aldizkari nagusiaren (Archeologia Medievale) abenduko edizinoan argitaratuko dira, Incastellamento nella valle dell’Ebro nel X secolo: il castello di Treviño, Archeologia Medievale XXXVIII izenburupean.

UPV/EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalen Ikerketa Taldeak Erdi Aroko herrixka gotortu bat deskubridu dau Argantzungo gazteluaren ondoan. Toki hori IX edo X. mendean okupau zan eta garrantzi handiko jaun-gunetzat jo daiteke. Izan be, incastillamento moduan eregi zan, eta estilo hori, ordura arte, arkeologiaren ikuspegitik Trebiñuko gazteluari baino ez jakon autortu Espainian.

Irailean eta urrian zehar Argantzungo gazteluan egindako esku-hartze arkeologikoari esker, leku horretan Erdi Aroko herrixka garrantzitsu bat dagoala jakin ahal izan da. UPV/EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalen Ikerketa Taldeak garatu dauen ikerketearen emoitzak Europako Erdi Aroko arkeologiari buruzko aldizkari nagusiaren (Archeologia Medievale) abenduko edizinoan argitaratuko dira, ‘Incastellamento nella valle dell’Ebro nel X secolo: il castello di Treviño, Archeologia Medievale XXXVIII’ izenburupean.

UPV/EHUko Geografia, Historiaurre eta Arkeologia Saileko arkeologiako katedraduna den Juan Antonio Quirós izan da proiektu arkeologikoaren zuzendaria eta, bertan, UPV/EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalen taldeko kide eta laguntzaile honeek parte hartu dabe: Lorena Elorza, Sonia Gobbato, Carlos Tejerizo, Itsaso Sopelana, Begoña Hernández, Sandra Arroyo, Alain Sanz eta Luis Garcíak. Esku-hartzeak Gaztela eta Leongo Juntako Kultura Zuzendaritza Nagusiaren finantzazinoa jaso dau, Argantzungo Udalaren lankidetzan.

Indusketetan topautako Erdi Aroko herrixkeak eraikin-kopuru nabarmena dauka. Horreen artean, metro bi inguruko zabaleradun hormakaz egindako eta hiru metro inguruko altueran konserbautako torre angeluzuzen handia gailentzen da, bai eta egoitza izaera dauen silarrixkako egoitza-eraikina be. Era berean, egunero erabilten ziran hainbat material berreskuratu ahal izan dira, zeramika edo janari-hondakinak adibidez, edota metal batzuk, tartean txanponak, apaindura personalerako elementuak, eta abar.

1350. urtearen inguruan, herria abandonau eta aurreko egiturak desmuntau ziranean, eraikin barriak egiteko materiala eskuratu ahal izan zan. Orduan bilakatu zan lekua gaztelu. Garai haretakoak dira egun konserbetan dan torre handia, altuera handiko barruti gotortua eta bost metro inguruko zabalerea dauen zulo sakona.

Gaztelua Erdi Aroaren amaierara arte erabili zan, eta, ondoren, bere egitura hondatuz joan zan. Kontuak kontu, Argantzungo pasabidea zeharkatu eben XVII. mendeko bidaiariek gaztelu zahar bat gogoratzen dabe. XIX. mendeko gerra karlistetan zehar, gazteluko torrea Argantzungo komunikazino eta sarbidearen kontrol-gune moduan erabili zan, betiko abandonau arte. Egun, gaztelua jausteko zorian dago

Aurreikuspenen arabera, aurten garatu dan eta Erdi Aroko herrixka gotortuaren presentzia ezagutarazo deuskun esku-hartzeak datorren urtean be jarraituko dau, Erdi Aroko gune honen jatorria eta garapena hobeto ezagutu ahal izateko.

Data zehatza falta dan arren, Argantzunen fundazinoa IX eta X. mendeen artean koka daiteke eta lehenengo okupazinoa defentsarako izan eitekean. Iturri arabiar baten arabera, 801. urtean, Kordobako al-Hakam emirraren anaiak zuzendutako armadea Argantzungo hatxartean menperatua izan zan, Araba eta Gaztelari eraso egitera etorrenean. Ondorioz, kontakizun hori egiazkoa bada, Argantzungoa Euskal Autonomia Erkidegoan eta bere inguruan topautako gaztelurik zaharrenetakoa litzateke.

Argantzungo guneak Erdi Aroan gotortutako barruti bat eukan barruan, bertan gaztelua eta nekazarien herria sartzen ziralarik. Eraikuntza-estilo hori herriaren incastillamento izenez ezagutzen da. Europako beste gune batzuetan jaun-eredu hori baegoan arren, Espainian ordura arte Trebiñukoa baino ez eben autortu arkeologiaren ikuspegitik. Trebiñuko kokalekua be UPV/EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalen Ikerketa Taldeak deskubridu eta ikertu eban, 2007 eta 2009. urteen artean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu