Ubidetik Zeanurira, oinez, udalen arteko ituna berresteko
2011-10-28 12:02Urriaren 29an, zapatuan, egingo dabe urteroko larreen mankomunidadearen batzarra Zeanuriko eta Ubideko Udalek, eta, bide batez, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen V. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da. Ganera, aurten, zeharkaldia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauan barruan sartu da. Urterea 10:00etan izango da, Ubideko plazan.
Urriaren 29an, zapatuan, egingo dabe urteroko larreen mankomunidadearen batzarra Zeanuriko eta Ubideko Udalek, eta, bide batez, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen V. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da. Ganera, aurten, zeharkaldia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauan barruan sartu da. Urterea 10:00etan izango da, Ubideko plazan.
Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak alkartu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean—hasieran bide erdian, Barazarreko mendatean, batze ziran— udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urtero errepetiduten dan ohiturea eta betebeharra da. Antza danez, batzar horren zergaitia bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek mendeetan —gitxienez XVI. gizalditik— izandako ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.
Hamabi kilometroko ibilaldia
Udal bien batzarra aprobetxauz, orain dala bost urtetik, Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai, eta Ubideko Amexier eta Ortuzar alkarteek Ubidetik Zeanurira doan zeharkaldia antolatzen dabe, Gasteiz eta Bilbo lotzen ebazan Erdi Aroko galtzadea jarraituz. Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkau ditue antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzerazotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei zein ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta modu berezian Ubidetik eta Zeanuritik pasauz, Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko harremonak sendotzea.
Zeharkaldiaren urteerea Ubideko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, Erdi Aroko galtzadearen bidetik joango dira parte-hartzaileak, eta jadanik bigarren kilometroan galtzadearen arrastoak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibiltzeko aukerea izango dabe. Tarte hori amaitu ostean, jaitsiera hasten da Saldroporantz zuzentzeko; hemen Otzarretako pagadiaren ondotik, Lapursasitik igaro eta Txareta ingurura arte paraje zelaietan ibiliko dira, Ipiñaburu auzunerantz; aurbeherea hastean arbelgune bat agiriko da, eta gizaldietan gurdiek itxitako gurpil-markak ikusi daitekez bertan.
Aldain auzunean pasau ostean, galtzadatik etozan zaldien posta-etxea egoan ondotik igaro eta Undurraga auzoan sartzen da bidea. Undurragan urtegiaren eskoiko ertzetik joko dabe parte-hartzaileek, Zeanuriko plazan amaituz.
Zeharkaldia egin ostean, hamabiren bat kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina ziur zitari erantzutea mereziduko dauala, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta inguruan dagoan ondare naturala eta historiko-etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoinean naturak janzten dituan koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ibilaldiari amaierea emoteko 13:00etan, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Zeanuriko udaletxean; idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen kontuak egingo ditue, batzarreko agiria sinatu eta, ondoren, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Ubideko udaletxean, eta bazkaria ordaintzea be ubidarrei egokituko jake.
Izenama emotea dobakoa da, Ubideko plazan bertan. Autobus zerbitzua antolatu dabe: 9:00etan, Zeanuriko plazatik Ubidera, zeanuriztarrak edota Zeanurin kotxea ixten dabenak Ubideko abiapuntura eroateko; eta, 13:30ean, Zeanuritik Ubidera, ubidarrak edota Ubiden kotxea itxi dabenak eroateko. Autobuseko txartela euro 1 ordaindu beharko da. Urtereea 10:00etan da, eta danetara 12 bat kilometro ibilbidea da.
Zeharkaldiaren antolaketan Ipizki Taldea, Joko Alai Alkartea, Amexier Mendi Alkartea eta Ortuzar Ubideko Gazte Asanbladea ibili dira. Ekimenaren laguntzaileak, Zeanuriko eta Ubideko Udalez aparte, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea, Arratiako Gurutze Gorria, BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia izan dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!