Bertoko eta kanpoko folka, aurtengo Bidasoafolk jaialdian

Bizkaie! 2011-07-29 13:02   Musikea

Abuztuaren 19tik 21era bitartean egingo da aurtengo Bidasoafolk jaialdia, Txingudiko badian. Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoagaz batera, antolatu dabe ekimena. Mota askotako folka entzun ahal izango da festibalean, besteak beste, Vieux Farka Toure musikari maliarraren eskutik.

Abuztuaren 19tik 21era bitartean egingo da aurtengo Bidasoafolk jaialdia, Txingudiko badian. Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoagaz batera, antolatu dabe ekimena. Mota askotako folka entzun ahal izango da festibalean, besteak beste, Vieux Farka Toure musikari maliarraren eskutik.

Hondarribiko paradorean, Arma Plazan, hasiko da Bidasoafolk, abuztuaren 19an. Vieux Farka Tourek 21:30ean eskainiko dau kontzertua. Afrikako bluesaren aitzindari Ali Farka Toureren semeak Mali iparraldeko musikan eragin barriak sartu ditu. Ordubete lehenago, Xabier Aburruzagak trikiti-emonaldia egingo dau leku berean.

Bidasoafolken bigarren egunean, abuztuaren 20an, Irun izango da protagonistea. Aljeria eta Greziatik datorren Yacine Balahcene, Yannis Papaioannou & The Oriental Groove taldeak Meditarraneo inguruko doinuak eskainiko ditue. Ostean, Olga y los ministriles eta Coetus taldeen txandea izango da, Juncal plazan.

Hendaian egingo da hirugerren eguna, azkenengoa, abuztuaren 21ean. Bost ekitaldi atondu ditue egun horretarako: MackaB reggae kantaria (The Roots Ragga Bandegaz joko dau), Bad Sound System taldea, Txomin Artola bakarlaria, Mexikoko Lengualerta bandea eta La Fanfare des Goulamas talde okzitaniarra. Artolaren kantaldia Bixintxo eleizan izango da, ganerakoak, Gaztelu Zahar frontoian.

Gure inguruko folklorea zabaldu eta ezagutzera emoten lagundutzea da Bidasoafolk jaialdiaren helburua. Euskal Herrian gitxi ezagutu eta baloretan dan musika adierazpideak ezagutarazo gura doguz, eta, modu berean, gure lurraldeko kultur jarduerearen lagin garrantzitsua erakustea kanpoko jenteari, antolatzaileek azaldu dabenez.

Kontzertu guztiak dobakoak dira. Egitarau osoa ikusi gura ezkero, hemen irakurgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu