Umorez blai egongo da Bilbo irailean eta urrian, Bilboko Barrea jaialdian
2011-06-28 15:53 jardunaldiakIgazko arrakasteari eutsi nahian, bigarren urtez egingo dabe umoredun literaturea eta artearen astea Bizkaiko uriburuan, irailaren 28tik urriaren 2ra. Egitarauaren barri emon dabe prentsaurrekoan, eta iragarri dabenez, Juan Carlos Eguillor marrazkigile hilbarriak leku berezia eukiko dau. Ganera, Bilboko Barrea Saria Francisco Ibañezi emongo deutsie.
Igazko arrakasteari eutsi nahian, bigarren urtez egingo dabe umoredun literaturea eta artearen astea Bizkaiko uriburuan, irailaren 28tik urriaren 2ra. Egitarauaren barri emon dabe prentsaurrekoan, eta iragarri dabenez, Juan Carlos Eguillor marrazkigile hilbarriak leku berezia eukiko dau. Ganera, Bilboko Barrea Saria Francisco Ibañezi emongo deutsie. Mota honetako jaialdi bakarra da Europan, eta umorezko generoen kalidadea aldarrikatu nahi dogu, azaldu dau Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko zinegotziak.
Literaturearen eta arteren munduko sorkuntza ugari ikusi ahal izango da Bilbon. Hainbat alorretan dabilzan egileak batuko dira, umorea ez da genero zarratu eta zurrun bat, genero askotan agiri da umorea eta aniztasun hori islatuko dogu, azaldu dau Juan Bas jaialdiaren bultzatzaile nagusiak. Umoreari ez jako merezidu dauen lekua emon; hori konpontzera dator Bilboko Barrearen Astea, ganeratu dau Bengoetxeak. Aurtengo jaialdiaren gai nagusia umore surrealistea izango da; horregaz lotuta, berbaldiak, alkarrizketak, liburu-aurkezpenak eta erakusketak egongo dira. Umore-ikuskizunak be ez dira faltako.
Bilboko Barrearen bigarren astea hiru gune nagusitan banatuko da, BBK Aretoan, Arenalean eta Alondigan. BBK Aretoan mahai-inguru eta alkarrizketa mamitsuak antolatu ditue, Albert Boadella, Tatiana Pigariova, Elvira Lindo, Felix Linares eta abarren parte-hartzeagaz. Juan Carlos Eguillorren obra luzea batzen dauen erakusketea be egongo da bertan, omenaldia egin gura izan deutsagu Eguillorri, euskal umorearen aintzindarietakoa izan zan eta, azaldu dau Basek.
Arenalean, umorezko liburuak aurkeztu eta salduko ditue eta egile ugari hurreratuko da bertara, euren obrak sinatzen. Film laburren eta umorezko sketch-en proiekzinoak, umeentzako jarduerak, erakusketak... be egongo dira Arenaleko gunean. Domekan, urriaren 2an, Francisco Ibañezi Bilboko Barrea saria emongo deutsie. Ohorea da Ibañez handiari saria emotea, merezidu dau holango gorazarrea, azaldu dau Basek. Ibañez Mortadelo y Filemon personaien sortzailea da, bestek beste.
Alondigan be egongo da zer ikusia, Ezinezko Objektuak erakusketea, esaterako. Jacques Carelmanek batutako objektu bitxiak dira bildumearen ardatza, benetan erakusketa surrealistea da eta Europan zehar ibili eta gero, hiru astez egongo da bildumea Alondigan, irailaren 27tik aurrera, aurreratu dau Juan Basek.
Beste alde batetik, umorezko ipuinen lehiaketea be egingo dabe eta edonork hartu ahal izango dau parte. Ganera, Bilboko Barrea bildumearen bigarren alea aurkeztuko dabe umorearen astean. Igaz be antzeko liburua kaleratu eben eta aurtengo edizinoan Elvira Lindok, Berta Marsek, Pedro Ugartek eta beste askok hartu dabe parte.
Harkaitz Cano idazleak be umorezko kontakizun labur bat idatzi dau liburu horretarako eta hori da jaialdian euskereak izango dauan leku bakarra. Nazinoarteko jaialdia izatea nahi dogu eta kanpotik datozan artistek ez dakie euskeraz, horixe izan da Juan Bas antolatzaileak euskerearen presentzia urria azaltzeko erabili dauen arrazoi bakarra. Dana dala, datorren urtean euskal umorearen ganeko mahai-ingurua antolatzeko asmoa daukiela aurreratu dau.
Apurka-apurka hazten joan nahi dogu eta jaialdi hau urteroko hitzordu bihurtu, esan dau Basek. Bigarren ekitaldia dau aurten jaialdiak eta egitaraua, behintzat, zabala da. Helbide honetan topauko dogu informazino guztia: www.larisadebilbao.com
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!