EHGAMen aurtengo Urrezko Hirukia, Txalaparta argitaletxearentzat

Bizkaie! 2011-06-28 13:23

Bagilaren 28a Sexu Askapenaren Aldeko Nazinoarteko Eguna dala-eta hainbat ekitaldi antolatu ditue Euskal Herriko LGTB (lesbiana, gay, transexual eta bisexual) alkarteek. Berbarako, EHGAMek Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak emongo ditu, eta gauean, urteroko afaria eta jaia egingo ditue Bilboko Kafe Antzokian.

Bagilaren 28a Sexu Askapenaren Aldeko Nazinoarteko Eguna dala-eta hainbat ekitaldi antolatu ditue Euskal Herriko LGTB (lesbiana, gay, transexual eta bisexual) alkarteek. Berbarako, EHGAMek Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak emongo ditu, eta gauean, urteroko afaria eta jaia egingo ditue Bilboko Kafe Antzokian.

EHGAM (Euskal Herriko Gay.Les Askapen Mugimendua) alkarteak urtero emoten ditu sariak. Ekimen honen helburua askapen sexualaren prozesuan zeozelan lagundu daben personak, alkarteak edo erakundeak saritzea da, alde batetik, eta, bestetik, gay-lesbianen eskubideak zapaldu edo mespretxatu dituenak agirian itxi eta, sinbolikoki bada be, zigortzea. Lehenengoek Urrezko Hirukia jasoko dabe, eta besteek, Trapuzko Espartina.

Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu dabenez, aurtengo sarituak Txalaparta argitaletxea (Urrezko Hirukia) eta Nafarroako Unibersidadea (Trapuzko Espartina) izan dira. Sarien banaketea Bilboko Kafe Antzokian egingo dabe, 21:00etatik aurrera. Urtero lez, afari berezia atondu dabe, izan be afalostean showa egongo da, Iker Ortiz de Zarate, Antzart, Ruben Cardoso eta Desireeren eskutik.

Txalaparta argitaletxeari Urrezko Hirukia emon deutsie, 'Literotura' izeneko bilduman mota guztietako sexualidadetako testu erotikoak euskeraz ('Gay Hiztegia', 'Onan'…), eta bestelako bildumetan be gai honegaz loturiko hainbat generotakoak ('De Profundis', 'Fresa y Chocolate', 'Pornoterrorismo', 'Más allá de las etiquetas'…) argitaratzen ditualako, krisi garaian bagagoz be.

Nafarroako Unibersidadeak, barriz, Trapuzko Espartina jaso dau, homosexualidadea desprestigiatzea beste helbururik ez eukan Genero-Ideologia Nazioarteko I Kongresua (www.unav.es/congreso/ideologiadegenero) antolatzeagaitik, gaur egun dagozan 'ustez' aditu atzerakoienak baino ez konbidauz.

Aurreko urteetako Urrezko Hirukien artean dagoz Mikel Markez, Maialen Lujanbio, Joxe Mari Irazu eta Doctor Deseo, Gayles taldeko boluntarioak, Kontxi Bilbao (EB), Jone Goirizelaia (SA), Onintza Lasa (EA), Elixabete Piñol (EAJ) eta Gemma Zabaleta (PSE-EE), Aitor Arana eta Francisco Letamendia Ortzi. Eta Trapuzko Espartin izan dira, besteak beste, Pilar Urbano, Jesús Cardenal, Eusko Legebiltzarra, Chenoa, Hegoaldeko gotzainak, Antonio Alonso, Laura Alabau, Mª Luisa Miranda eta Francisco Javier García epaileak eta Aquilino Polaino.

1969ko bagilaren 28ko goizaldean, polizia New York uriko Stonewall Inn (Greenwich Village auzoa) pubean sartu zan, bertan egozanak atxilotzeko asmoz. Poliziaren sarekadaren kontrako manifestazinoak eta istiluak izan ziran. Gertaera horreek homosexualen eskubideen aldeko mugimenduaren hasieratzat hartu izan dira. Ordutik aurrera, Harrotasunaren Eguna bihurtu zan bagilaren 28a.

Gaurko egunez manifestazinoak antolatzen dira uri eta herri askotan. Euskal Herrian, besteak beste, lau manifestazinoren deialdiak jaso doguz: Bilbon, Moyua plazatik, 19:30ean; Donostian, Boulevardetik, 19:30ean; Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazatik, 20:00etan; eta, Iruñean, Antonuitti parkean, 20:00etan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu