Elhuyar Fundazinoak eta DIPC zentroak On Zientzia Bideo Amateurren II. Lehiaketea antolatu dabe
2011-06-16 11:48Zientzia eta teknologiaren inguruko bideoak bialdu beharko ditue parte-hartzaileek. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Izena emoteko epea zabalik egongo da 2011ko bagilaren 15etik 2012ko apirilaren 25era.

Elhuyar Fundazinoak eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak On Zientzia Bideo Amateurren Lehiaketearen bigarren edizinoa jarri dabe abian, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Antolakuntzako iturriek jakinarazo dabenez, zientzia eta teknologiaren inguruko bideoak bialdu beharko ditue parte-hartzaileek. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Izena emoteko epea zabalik egongo da 2011ko bagilaren 15etik 2012ko apirilaren 25era.
Publiko mota guztientzako baliogarriak diran zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur eta originalen produkzinoa eta zabalkundea bultzatzea da lehiaketearen helburua. Gaia guztiz librea da: norberaren edo besteren ikerketak, gizartean edo komunidade zientifikoan puri-purian dagozan gaiak, norberaren grina zientifikoak edo teknikoak, zientziaren oinarrizko kontzeptuak, zientziaren mugarriak, personaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia eta abar. Helburua, publiko guztiek ulertzeko moduko aurkezpen erakargarria egitea da.
Adin eta nazionalidade guztietako herritarrek hartu leikie parte lehiaketan. Bertakoak edo kanpokoak izan daitekez partaideak, mundu osoko ikerketa-komunidadea barne hartuta. Taldeka nahiz banaka hartu daiteke parte. Partaide guztiek bete behar dabe www.onzientzia.tv webgunean eskuragarri dagoan inskripzino-fitxea. Eremu guztiak nahitaez bete behar dira, eta horreetako bat behar legez beteten ez bada, partaidea edo taldea lehiaketatik kanpo ixteko eskubidea dauka antolakuntzeak.
Kontuak kontu, izena emoteko epea 2011ko bagilaren 15etik 2012ko apirilaren 25era bitarte izango da zabalik. Epez kanpo aurkeztutako bideo guztiak lehiaketatik kanpo geratuko dira. Bost minutu baino gitxiago irauten dauen bideo labur bat aurkeztu behar dabe lehiaketako partaideek, gai zientifiko edo teknologiko bati buruzkoa betibe, euskeraz, gaztelaniaz edo ingelesez.
Bideoak originala, ez-komertziala, telebistan emitidu bakoa, beste sariketetan saritu bakoa, eta, jakina, dibulgatzailea izan behar dau. Horretarako, partaideek (indibiduala nahiz taldea) elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki eretxitako bestelako edozein erabil leikie.
www.onzientzia.tv webgunearen bidez aurkeztu behar dira bideoak. Komenigarria da -baina ez derrigorrezkoa- bideoak 16:9 formatuan egitea; izan be, horixe da Teknopolis saioaren formatua, eta bideo nabarmenenak eta sarituak programan emitidu ahal izango dira.
Teknopolis-en emisinoak irauten dauen hileetan -urritik bagilera-, hainbat personaia ezagunek beren eretxiz onena dan bideoa aukeratuko dabe hilero. Hileroko konbidatuek aukeratutako bideoak be programan emitidu ahal izango dira. Bideo guztiak www.onzientzia.tv webgunean jarri eta ikusgai izango dira.
Bideo guztiek kategoria bakarrean hartuko dabe parte, eta epaimahaiak hiru sari emongo ditu: dibulgazinozko bideo onenaren lehen saria (3.000 eurokoa), bigarren saria (2.000 eurokoa), eta hirugarrena (1.000 eurokoa). Sari-banaketea 2012ko maiatzean izango da, eta 'Teknopolis'-en programa berezi batean izango da ikusgai. Sari-banaketearen ekitaldian ikusgai jarriko dira bideo irabazleak, eta epaimahaikideek epaiaren barri emongo dabe.
Ezaugarri aitagarriak dituela eta bideo batzuek aitamen berezia merezidu dabela uste bada, antolaketa-batzordeak haiei sari berezia emateko eskubidea du.
Epaimahaiari jagokonez, antolaketa-batzordearen eginkizuna da bere kideak izentetea. Epaimahaia bost lagunek osotuko dabe, eta 2012ko hasieran jakingo da zein diran. Epaimahaikideek, lehenengo aldiz batzen diranean, lehiaketan parte hartuko daben bideoak puntuau eta baloretako erispideak ezarriko ditue.
Edozelan be, bikaintasun teknikoa baino gehiago bideoaren dibulgazno-ahalmena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiaren erabagiak. Bestela esanda, gehiago oinarrituko da balorazinoa edukian haren estalkian baino. Hori bai, epaimahaikideen erabagia apelaezina izango da. Epaimahaiak emon barik itxi leike sari horreetatik edozein.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!