Ramon Saizarbitoriaren 'Hamaika pauso' liburuaren irakurraldi publikoa egingo dabe hilaren 16an Bilbon
2011-06-09 15:43 jardunaldiakIV. Klasikoen Irakurraldia izango da aurtengoa eta, lehenengo aldiz, bizirik dagoan autore baten obrea aukeratu dabe. Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendariak aitatu dauenez, bizirik dagoan idazle bat aukeratzeko momentua zala pentsau dogu eta ikusi dogu Ramon Saizarbitoria egokia dala, bere obrea klasikotzat jo geinkelako eta bere liburuakaz maiteminduta gagozalako.
Ohiko moduan, Bilbo Zaharra euskaltegiak eratu dau hitzordua eta 12 orduko jentaurreko saioan, 400 personatik gora entzun ahal izango doguz Hamaika Pauso nobelearen pasarteak irakurten, datorren eguenean Arriaga antzokian. Klasikoen Irakurraldiaren laugarren edizinoa izango da aurtengoa eta, lehenengo aldiz, bizirik dagoan autore baten obrea aukeratu dabe. Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendariak aitatu dauenez, bizirik dagoan idazle bat aukeratzeko momentua zala pentsau dogu eta ikusi dogu Ramon Saizarbitoria egokia dala, bere obrea klasikotzat jo geinkelako eta bere liburuakaz maiteminduta gagozalako.
Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarka eta Jon Miranderen Haur Besoetakoa obrak izan dira Bilbo Zaharraren irakurraldietako protagonistak. Aurten, Ramon Saizarbitoriak 1995ean argitaratutako Hamaika Pauso liburuaren ganean jardunaldiak egiten dabilz, Bilbo Zaharra Forum ekimenean eta, bagilaren 16an, Bilboko Arriaga antzokian, 12 orduz jarraian irakurriko dabe nobelea. Goizeko zortziretan hasi eta iluntzeko zortzirak arte, 400 persona inguruk irakurriko dabe pasarteren bat jentaurrean. Bilbo Zaharrako ikasleak zein gizarteko hainbat sektoretako ordezkariak aukeratu ditue horretarako; besteak beste, erakundeetako agintariak, unibertsidadeetako eta Euskaltzaindiko ordezkariak, Ipar Kutxako arduradunak eta kultur arloko izen ezagunak. Irakurraldiari ekingo deutsona, hori bai, Ramon Saizarbitoria bera izango da.
Arantza Urretabizkaia idazle eta Saizarbitoriaren belaunaldiko kideak goraipatu egin dau Hamaika pauso lana: Nobela aberatsa da, anitza eta iluna aldi berean, erpin asko daukaz, aztertzeko elementu ugari. Urretabizkaiak ganeratu dau, gizartearen azterketa zorrotza egiten dauela liburuan eta euskaldunok daukaguzan hainbat klixe eta aje agirian ixten dituala. Hamaika pauso nobelatik harago be, Saizarbitoriaren figurea aldarrikatu dau Urretabizkaiak: Euskal literaturan ez eze, literaturan oro har be, barritzailea da eta bere obra osoa klasikoa dala esan geinke.
Bilbo Zaharra euskaltegiak Bilboko Udalaren eta Ipar Kutxaren laguntzinoagaz antolatzen dauen klasikoen irakurraldia urteroko hitzordu bihurtu da honezkero euskal literaturearen maitaleentzat, eta hilaren 16an danok Arriagara joan gaitezan konbidapena zabaldu dabe aurten be, baina euskaltegiko ikasleentzat pentsautako jaia dala ezin da ahaztu, Pedro Alberdiren ustez: Euskera ikasleen festa be bada hau, urte amaierako jai guztiak jateagaz eta edateagaz ez dago zertan lotu, Bilbo Zaharra euskaltegian idazle klasikoak gogoan hartuz agurtuko dogu ikasturtea eta, bide batez, ikasleek urte osoan egindako ahalegina azaleratu. Ana de Castro Bilboko Udaleko euskera zinegotziak be konbita egin dau hilaren 16rako eta euskal literaturearen jaia izango da, aurreratu dau.
Beste alde batetik, Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero eratzen dauen Bilbo Zaharra Forum berbaldi-zikloaren barruan, igaz Jon Miranderen obrea izan zan aitagai eta euskaltegiko arduradunek iragarri dabe, igazko berbaldietako transkripzino guztiak batzen dituan liburua argitaratu dabela. Ramon Saizarbitoriaren ganeko zikloaren edukiakaz, datorren urtean antzeko argitalpena kaleratzeko amesa daukiela aurreratu dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!