Ricardo Badiola: 'Militantismoa izan da gure ardatz, horrek eroan eta bultzatu gaitu'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-06-06 13:27   Barriketan

Bostak Bat alkarteko kidea

Bostak Bat kultur alkarteak Urrezko Luma saria jaso dau Bilboko 41. Liburu Azokearen eskutik, urteotako ibilbide oparoagaitik eta egindako lan handiagaitik. Orain hogeita hamar urte sortu zan taldea, hiztegigintzearen arloan sasoi haretan egoan hutsunea bete guran. Sei lagunek abiatu eben proiektua: Txomin Solabarrietak, Juan Luis Goikoetxeak, Luis Baraiazarrak, Gotzon Aurrekoetxeak, Patxi Uribarrenek eta Ricardo Badiolak. Seitik bost euskaltzainak dira, eta dan-danak euskerearen eta euskalgintzearen inguruan ezagun-ezagunak. Urteotan makina bat hiztegi plazaratu ditue: Sinonimoen Hiztegia, Euskeraren Hiztegia, Antonimoen Hiztegia, Eskola Hiztegia, Europa Hiztegia, 3000 Hiztegia, Adorez Hiztegi Handia eta abar. Ricardo Badiola Bostak Bat alkarteko kide eta Euskaltzaindiko argitalpen zerbitzuko arduradunak taldearen nondik norakoak eta etorkizunerako asmoak azaldu deutsoz Bizkaie!-ri.


1.- Joan dan astean Euskal Hiztegiaren argitalpen barria aurkeztu zenduen. Orain hogeita bost bat urte kaleratu zenduen lehenengo aldiz, zer dala eta orain beste bat?

Bostak bat alkartea, Adorez Hiztegiak deritxona, 1981ean sortu zan. Ni ez nintzan hasiera-hasieratik egon, geroago sartu nintzen, taldekideek halan eskatu eustielako. Urteotan egindako hiztegien artean Euskal Hiztegia definizioduna dago, aurkeztu barri doguna. Lehenagotik genduan kalean, 90ean edo. Ha hiztegia oinarrizkoa zan, hau barriz, zabalagoa; izan be, definizino hutsetik aparte, sinonimoak eta antonimoak daukaz. Hogeita bost urte pasau dira, eta momentu aproposa zala pentsau genduan. Luze joan jaku hiztegi hau egitea, berau egiten beren-beregi urte bi emon doguz. Orain arte izan dan hiztegirik zabalena da. Irakaskuntzara begira dago eginda batez be, baina beste arlo batzuetarako be balio dau, unibersidaderako bere bai.


2.- Bilboko Liburu Azokan be aurkeztuko dozue hiztegia, ezta?

Euskal Hiztegia oraintsu atara dogu, ikasturte amaieran. Bilboko Liburu Azokearen inguruan beti gustetan jaku gauza barriren bat argitaratzea. Niretzako Durangoko Azokea da azoka nazionala, Euskal Herrikoa eta, Bilbokoa, gustau edo ez gustau, Bilbo kapitala da-eta, moeta askotako jentearen bilgunea izaten da, jente heterogeneoa batzen da.


3.- Eta ganera Urrezko Luma saria jasoko dozue...

Antolatzaileak gugan pentsau izana pozgarria da benetan, eskertzekoa da. Gu ez gara laudorio zale, baina egindako lana onartzen danez, ontzat hartzen dogu. Merezidutako saria dala pentsaten dot. Txomin Solabarrietak jasoko dau saria taldearen izenean. Bera da taldean daukagun patroia eta lemazaina, eta bera da taldekiderik nagusiena bere. Horregaitik hartu dau berak Urrezko Luma.


4.- Bostak Bat taldearen hogeita hamar urteko ibilbide osoari emondako saria da, ez dira urte gitxi, ezta?

Ez da erraza talde batek hainbeste urte irautea; gorabeherak egon dira, personalak eta bestelakoak, baina beti egin dogu aurrera. Ez dogu inor liberauta euki, momentu batzutan idazkari bat euki izan dogu laguntzen, baina ez besterik. Hasieran gure diru-iturri apurrak bulegoaren alokairua ordaitzen joaten jakuzan. Euskerea lantzea da gure helburua, gure hizkuntzea eta gure kulturea; ez bakarrik bizkaierea, batua, gipuzkerea, eta beste guztia be. Militantismoa izan dogu ardatz, horrek eroan eta bultzatu gaitu. Badakit gaur egun nahiko utopikoa dala, baina halan hasi ginan gu.


5.- Zergatik batu zinien seirok, zerk bultzatuta?

Alfabetatze-kanpainetan hasi ginan; ni neu Bizkaiko alfabetatze-kanpainen sortzaileetakoa naz. Eskolak emoten hasi ginan, batez be euskerazko tituluak-eta emoten. Euskaltegiak sortu genduzan, lehenengoa Ulibarri izan zan. Gero konturatu ginan irakaskuntzea zabaltzen egoala, eta gu ez ginala beren-beregi irakasleak be, nahiz eta batzuk eskolak emoten egon. Ikerketeak gitxiago lotuko ginduala pentsau genduan. Hiztegigintzea oso ahul egoan, baegoan Batasunaren Kutxa, Azkueren hiztegia, Mujikarena eta abar, zalantza barik, baina hurreko ikuspegia behar zan. Egon baegozan hiztegiak, baina itzulpen sinpleak ziran, gaztelaniazko mentalidadetik egindakoak; guk euskerearen funtsetik eta oinarritik abiatu nahi genduan. Militantismoak batu ginduan lan honetan.


6.- Hogeita hamar urtean egoerea asko aldatu da, gaur egun papelezko hiztegirik ia erabili be ez dogu egiten, danak dagoz Interneten.

Bai, holan da, bai. Geure hiztegiak be Interneten dagoz. Hiztegiak eguneratu egiten doguz, batak besteri konsultak egiten deutsaguz. Alkar ikusten dogunean honetaz edo besteaz eztabaidatzen dogu, beti gabilz ikasten. Taldeak aberastasun handia emoten dau, persona batek gatx egingo leukena taldeak errazago egin leike: kide batek bestearena aztertzen dau, oharrak egiten ditu, ikertzen jarraitzen dozu...


7.- Patxi Uribarrenek Karmel aldizkarian Bostak Bat alkaretaren ibilbidea azaldu eban. Diru-laguntzinoen inguruan badino ez dirala nahikoa, laguntasun handiagoa beharko leukela hiztegigintzeak...

Txarto dago esatea baina fraileak eskatzea normala da, eta ikerketa munduan be normala da. Kultura arloko kontuetan babesak lehen zeozer gehiago ziran, orain oso urri dira. Dana dala, sakon-sakonetik emon behar deutsadaz eskerrak Bizkaiko Diputazinoari, asko-asko lagundu deuskulako bai hiztegigintzan bai ikerketan bere bai. BBK-k be laguntasun handia emon deusku, izan be hiztegi batzuen edizinoak oso-osorik finantzau ditu. Holango laguntza barik ezingo litxake hiztegiok plazaratu, guk ez daukagu holango gaitasunik.


8.- Artikulu horretan Patxi Uribarrenek taldeko kideen adina be aitatzen dau, adinean gora zoaziela. Lantaldea barrizteko asmorik daukazue?

Gogoa badaukagu, jente gaztea batzea gura dogu, baina ez da erraza. Informatikearen eta hizkuntzearen inguruan dabilen jente gaztea behar dogu. Bagabilz bila, eta badaukagu hartu-emona hainbategaz. Militantismo hutsez funtzionetan dogu, ezin dogi soldatarik eskaini, eta laguntasunak urriak dira. Badakigu ez dala oso erakargarria. Norberaren lanaren ostean, iluntzetan eta asteburuetan egiten dogu behar. Apur bat quijotezkoa da gurea. Ez da erraza jentea holango proiektu batera ekartea.


9.- Baina, Bostak Bat taldeak aurrera egiteko asmoa dauka, egoerea gatxa izan arren?

Bai, bai, jakina. Txiri-txiri aurrera egiteko asmoa daukagu. Ez daukagu inor liberatuta, gastu handirik be ez daukagu, eta ez gara honetaz bizi. Noizean behin batzarrak egiten doguz, bazkariren bat be bai. Metxa galdu barik, betiko ilusinoagaz, aurrera egiteko prest gagoz.


10.- Hiztegigintzearen egoerea ona ez bada be, oraintsu Arratia inguruko hiztegia lanaren bigarren argitalpena aurkeztu dabe Angel Larreak eta Juan Rekaldek, lehenengo hilabetean agortu ondoren. Zelan baloretan dozuez holango lanak?

Oso ondo ikusten doguz holango lanak, baina horreek be diru-laguntza barik ez leukie aurrera egingo. Iñaki Gamindek be antzeko behar asko egin ditu. Oinarri moduan oso ondo ikusten dodaz, baina Euskal Herri osorako balio izatea gatx ikusten dot; zehaztasun larregi dabe estrapolau ahal izateko. Ikerketa mailan balio handia dauka, eta herri guztietan egin behar litxakez holango lanak.


11.- Euskalkien inguruko ikuspuntua nabarmen aldatu da urteotan, lehenago guztiz baztertuta egozan, eta orain, barriz balio handia daukiela autortu jake. Giroa asko aldatu da, ezta?

Hogeita hamazazpi urte daroadaz Euskaltzaindian, aurretik alfabetatzean ibili nintzan, eta hiztegigintzan. 70eko hamarkadan euskerea erakusten hasi ginan, eta baegoan moda antzeko bat klasikoei begiratzeko. Sasoi batean euskalkietatik eta etxe inguruko gauzetatik urruntzeko joerea be egon zan. Hori be aldatu zan. Mendebalde Alkarteak laster argitaratuko dau, Bilboko Udalagaz batera, Mikel Zarateren tesina, Dakigunetik ez dakigunera. Etxeko euskeratik hasi, eta hori abiapuntu hartzea, esaten eban berak. Alfabetauta dagoan personeak ez dauka arazorik eukalki bat edo bi, edo sei, erabilteko. Kontua da analfabetoak izan garela urte luzez, eta oraindino analfabetismo handia dago, zoritxarrez. Batua beharrezkoa da hedapenerako, baina euskalkiak ez dauka ezelako arazorik. Euskaltzaindia asko zabaldu da horretan, eta badabil lanean atlasean, lexikografian, hiztegigintzan eta abar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu