Musika-dokumentalakaz hitzordua jarri dabe Bilbon bagilean, Dock of the bay zinemaldiaren lehenengo ekitaldian
2011-05-26 15:55 BarriakOrain arte Donostian egin izan dan ekimena Bilbora be zabaldu gura dau QUALIA alkarte antolatzaileak eta, beraz, bagilaren 10, 11 eta 12an, musika-dokumentalaren pieza barritzaileenak ekarriko ditue Alondegiko zinemara.
Orain arte Donostian egin izan dan ekimena Bilbora be zabaldu gura dau QUALIA alkarte antolatzaileak eta, beraz, bagilaren 10, 11 eta 12an, musika-dokumentalaren pieza barritzaileenak ekarriko ditue Alondegiko zinemara. 'Musika-dokumentala genero berezia da zinemaren barruan, sasoi, herrialde edo uri bateko giro musikala islatuten ahalegintzen diran pelikulak dira, edota musika-talde bati jarraipena egiten deutsienak, argitu dau Iban Lozano QUALIAko arduradunak. Zinemak, dokumentalak eta musikeak, beraz, bat egingo dabe Dock of the bay jaialdian.
Lehenengo ekitaldia izango da aurtengoa, mota honetako zinemaldietarako uri aproposa da Bilbo, publiko eta eskeintza ugari dagoz, jentea ohituta dago honelako proposamenetara, azaldu dau Iban Lozanok. Donostian antzeko ekimena antolatzen dogu aspalditik eta Bilbokoari ekiteko ilusinoz gagoz, hitzordua urteroko bihurtzeko ahalegina egingo dogu. Musika-dokumentalaren inguruko alor guztiak erakustea da jaialdiaren helburu nagusia eta Bizkaiko kulturea bizibarritzen lagundutea. Horretarako, goi mailako filmak ekarriko ditue, ahal dala estreinau bakoak.
Aurten, bost pelikula emongo ditue. Bata, 1973ko klasikoa da, musika-dokumentalaren barruko obra esanguratsuenetako bat, Ziggy Stardust and the spiders from Mars izenekoa. Bowie-ren kontzertu baten inguruko grabazinoa da. Ganerako laurak estreinaldiak izango dira, oraintsu produzidutako piezak beraz: Soul train, The White Stripes, Simple Graces eta Upside down. Proiekzinoak Bilboko Alondegiko Golem zinemetan izango dira, bagilaren 10, 11 eta 12an eta 6 euroko sarrerea ordaindu beharko da. Trukean, Orain zikloko euskal musikako film laburrez gozetako aukerea be emongo dabe, saio bakotxaren hasieran. Musika-dokumentaleko emonaldiak bereziak izan ohi dira, jentea txaloka, kantuan eta jantzan hasten da sarri eta giro bikaina sortzen da, ohartarazo dau Iban Lozano antolatzaileak.
Ohiko emonaldiez ganera, Dock of the bay jaialdia girotzeko, jaiak be antolatu ditue, bagilaren 9an eta 11n, bertoko musikari eta DJ-en parte-hartzeagaz. Informazino gehiago webgune honetan topauko dogu: www.qualiacultura.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!