Matematikeak eguneroko bizimoduan daukan eragina ezagutzeko berbaldiak antolatu ditue

Bizkaie! 2011-04-27 13:42

Maiatzaren 5ean Matematika eguneroko bizimoduan izenburuko berbaldi-zikloaren zortzigarren edizinoa hasiko da Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Zikloa jakin-mina daukan edonori zuzenduta dago, antolatzaileek azaldu dabenez: gazteak, gurasoak, irakasleak, matematika gorroto dabenak...

Maiatzaren 5ean Matematika eguneroko bizimoduan izenburuko berbaldi-zikloaren zortzigarren edizinoa hasiko da Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Saileko Pedro Alegria eta Raul Ibañez irakasleak dira ekimenaren sustatzaileak.

Berbaldi-zikloa jakin-mina daukan edonori zuzenduta dago, antolatzaileek azaldu dabenez: gazteak, gurasoak, irakasleak, matematika gorroto dabenak... Matematika eguneroko bizimoduan, kulturan, teknologian, ekonomian, medikuntzan, ingeniaritzan edo arkitekturan be badagoela erakustea da EHUko irakasleen helburua.

Lehenengo saioa maiatzaren 5ean egingo da, 19:30ean, El arte de Escher: la Topología y la Cristalografía izenburupean. Madrileko Unibertsitate Konplutenseko Matematika Fakultateko katedradun Jose Maria Montesinos izango da hizlaria. Montesinosek Escher artista holandarraren obrei buruz jardungo dau. Escher-ek ezinezko figurak, teseladun mosaikoak eta alegiazko munduak sortzen ditu, egurrezko grabatu, xilografia eta litografietan.

Maiatzaren 5eko saioaren ostean, Valentziako Unibertsitateako eta Santiagoko Unibertsitateko Geometria eta Topologiako irakasle Juan L. Monterdek eta Maria Elena Vazquezek berbaldi bana eskainiko dabe: lehenengoak, maiatzaren 12an, Un geómetra en el estudio de un arquitecto izenburukoa; eta bigarrenak, maiatzaren 19an, Matemáticas y cerebro.

Matematika eguneroko bizimoduan hitzaldi-zikloa Espainiako Matematikaren Errege Sozietateak (RSME), Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak (Bidebarrieta Kulturgunea), Radio Euskadik, Bizkaiko Foru Aldundiak, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu