Brandford Marsalis, Chucho Valdes eta Dave Holland protagonista Getxoko 35. Jazzaldian

Bizkaie! 2011-04-19 11:40   Musikea

Garagarrilaren 1etik 5era jaialdi bizkaitarrak hasiko dau Euskal Herriko jazz denporaldia artista handien eskutik, eta holan, aurten Branford Marsalis saxofoi-jotzailea eta Chucho Valdes pianistea eta The Afro Cuban Meessengers taldea izango dira aurtengo izar nagusiak.

Garagarrilaren 1etik 5era jaialdi bizkaitarrak hasiko dau Euskal Herriko jazz denporaldia artista handien eskutik, eta holan, aurten Branford Marsalis saxofoi-jotzailea eta Chucho Valdes pianistea eta The Afro Cuban Meessengers taldea izango dira aurtengo izar nagusiak. Era berean, Lee Ritenour, Dave Holland eta Aki Takase be Getxon izango dira. Kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 2tik aurrera egongo dira salgai, antolatzaileek azaldu dabenez.

Jaialdiaren lehenengo egunean, garagarrilaren 1ean, Aki Takase (1948, Osaka) pianista japoniarrak eta New Blues Project bere taldeak joko dabe. 1970eko hamarkadearen amaieran ekin eutson bideari eta 1981ean Europako eszenan agertu zan Berlingo Jazzaldi ospetsuan Takeo Moriyama-gaz eta Nobuyoshi Ino-gaz osotu eban hirukote ospetsuaren buru zala. Ordutik hona, besteak beste, Dave Liebman, Sheila Jordan, Maria Joao, David Murray eta Rudi Mahall musikari handiakaz jo dau.

Biharamunean, garagarrilaren 2an, Lee Ritenour-en (1952, Hollywood, AEB) txandea izango da, egungo eszenaren jazz-fusion estiloko gitarra-jotzaile ospetsuenetako bat. Bere ibilbidearen hasieran, Sergio Mendes-en Brasil 77 talde famatuan ibili zan eta garai horretan West Montgomery, Joe Pass eta Barney Kessel-n eragin musikala nabaria zan. Ordutik bide barriak zabaldu ditu bere musikan eta beste doinuen eragina gehitu deutso bere lanari. Ibilbide emonkorrean, Ritenour-ek Grammy sarietarako 17 izentapen jaso ditu eta hainbat urrezko disko izan ditu; horreen artean Larry Carltonegaz grabautako Larry & Lee aitatu behar da.

Jazzaldiaren erdialdean, garagarrilaren 3an, Dave Holland-en (1946, Wolverhampton, Ingalaterra) boskoteak joko dau. Musikagile eta kontrabaxu-jotzaile ingelesa abangoardiako jazzan nabarmendu da eta hainbat musikari handigaz egin du lan, besteak beste, Stan Getz, Chick Corea, Anthony Braxton, John Abercrombie eta Jack DeJohnette-gaz. 1972an lehenengo diskoa kaleratu eban, Conference of the Birds lan arrakastatsua, hain zuzen be, eta 1980ko hamarkadan honako lan honeek grabau zituan bere lehenengo boskoteagaz: Life Cycle, Jumpin' In, Seeds of Time eta The Razor's Edge. 1997an egungo taldea sortu eban eta zortzi disko egin ditu horregaz. Igaz Hands kaleratu eban, Pepe Habichuela flamenko gitarra-jotzaileagaz batera.

Garagarrilaren 4an, musika latinoa izango da protagonista, Chucho Valdes (1941, Quivican, Kuba) handia The Afro Cuban Messengers taldeagaz batera agertuko dalako taula gainean. Munduko pianista onenetarikoa da eta Kubako artista handien artean dago Valdes. Umetan hasi zan pianoa joten aitaren babespean. Hamalau urte zituala aitak zuzentzen eban Sabor de Cuba orkestran joten hasi zan profesional moduan.

La Habanako Arte Unibersidadean graduau ondoren, hainbat orekstra eta proiektutan parte hartu eban. Oso gazte zala jazz latinoaren eta jazz afrikar-kubatarraren munduko goi-mailara heldu zan. Haren jardueran makina bat sari jaso ditu eta, horreen artean, lau Grammy sari.

Azkenik, garagarrilaren 5ean, Branford Marsalis-ek amaiera ezin hobea emongo deutso aurtengo jazzaldiari. Saxofoi-jotzaile iparamerikarrak, Wynton Marsalis musikari ospetsuaren anaiak, 1980ko hamarkadan hasi eban jarduera profesionala eta Art Blakey-ren Jazz Messengers taldean bere burua ezagutzera emon eban. 1982tik 1985era bere anaiaren taldean ibili zan eta, horren ondoren, bakarkako ibilbideari ekin eutson, Sonny Rollins edo Mile Davis lako artista handiakaz eginiko alkarlana baztertu barik.

Marsalis egungo saxofoi-jotzaile birtuoso handienetariko bat da eta altua, tenorra eta sopranoa joten ditu. Hogei bat lan grabau ditu eta horreen artean Trio Jeepy (1988) aitatu behar da, adituen ustez 1980ko hamarkadako disko onenetariko bat, hain zuzen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu