Barikutik aurrera, animazinozko zinemarik onena AnimaBasauriren zazpigarren edizinoan

Dabi Piedra Robledo 2011-03-28 15:49   Barriak

Barton Filmsek eta Gozila zinemazaleen alkarteak atonduta, animazinozko zinemak inguruotan daukan jaialdirik garrantzitsuena da AnimaBasauri-AnimaBasque eta, aurtengo ekitaldian, 30 herrialde baino gehiagotako pelikulak ikusi ahal izango dira.

Basaurin ez eze, Bilbon eta Leioako fakultadean be proiekzinoak eta jarduerak egongo dira aurten, apirilaren 1etik 7ra. Barton Filmsek eta Gozila zinemazaleen alkarteak atonduta, animazinozko zinemak inguruotan daukan jaialdirik garrantzitsuena da AnimaBasauri-AnimaBasque eta, aurtengo ekitaldian, 30 herrialde baino gehiagotako pelikulak ikusi ahal izango dira.

Zazpi urteren ostean, finkatutako hitzordua da jaialdia, Loly de Juan Basauriko alkateak aurkezpenean azpimarratu dauanez. Animazinozko zinema publiko mota guztietara heltzea lortu dogu, nabarmendu dau. Loly de Juanen esanetan, Zazpi urte bete ditu AnimaBasaurik eta, hasieran ume txikia zana, handitu egin da. Animazinozko sorkuntzea hazten joan dan moduan hazi da gure jaialdia be.

AnimaBasauriko arima eta egoitza nagusia Basaurin dago, gaur egun beste udalerri batzuetara zabaltzen bada be. Social Antzokia barritu egin dogu eta hantxe egingo dira zabaltze-ekitaldia eta sail ofizialeko proiekzino asko, azaldu dau Loly de Juanek. Ganera, Pozokoetxeko kultur etxean eta Ariz Dorretxean be antolatu ditue emonaldi, berbaldi eta tailerrak. Bilbon ostera, Capitol zineman, Fnac dendan eta Guggenheim Museoan izango da aurten AnimaBasauri. Amaitzeko, Leioan, Euskal Herriko Unibertsitatearen kanpusean, berbaldia egongo da, apirilaren 5ean, Grangel estudio ezaguneko tekniken ganean.

Sail ofizialean, ohiko moduan, mundu zabaleko filmak ikusi ahal izango dira, esaterako, luzemetraien arloan, zortzi pelikula lehiatuko dira eta film laburrak be ugari ekarri ditugu aurten, azaldu dau Maria Jesus Diez AnimaBasauriko zuzendariak. Karratu saila be egongo da aurten, DVD-ko animazinoari eskainia, eta baita telebistako telesailen tartea be, animazinoa eta telebisinoa lotuta egon dira beti eta eremu horri lekua egitea ezinbestekoa dala uste dogu, zehaztu dau Diezek.

Aurtengo herrialde konbidatua Italia izango da, hango animazinozko zinemak eukitako garapena ulertzeko moduan antolatu dogu herrialde konbidatuaren saila, argitu dau Maria Jesus Diezek. Tim Burton zuzendariari buruzko atzera begirakoa be egingo dabe, Tim Burtonek ikuskera berezia lantzen dau bere personaia eta istorioetan eta interesgarria da hori ikusi eta aztertzea, esan dabe antolatzaileek. Atzera begirakoagaz bat eginda, Tim Burtonen Corpse Bride animazinozko filmaren ganeko erakusketea jarriko dabe, martiaren 30etik apirilaren 10era, Basaurin, Arizko Dorretxean.

Ganera, Chico y Rita pelikulako irudien erakusketa bategaz, Javier Mariscal artisteari omenaldia egingo deutsie. Habana urian 40 eta 50eko hamarkadan egoan giroa jasoten da marrazkiotan. Apirilaren 1etik 15era egongo da ikusgai pelikulearen irudi bildumea, Fnac dendan. Pablo Llorensen lanaren atzera begirakoa be eratu dabe aurten.

Barikutik aurrera, beraz, AnimaBasauriren proposamenak ezagutzeko aukerea egongo da, lehen beti umeakaz lotzen zan zinema egiteko modu hau, baina jaialdiak erakutsi dau helduentzat be interesgarria dala, azaldu dau Diezek. Loly de Juan alkateak be konbita egin dau: Orain metroa daukagu Basauriraino, ez dago aitxakiarik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu