Mireia Gabilondo: 'Merkatu amerikarragaz lehiatzeko diru gehiago behar da'

Karolina Almagia 2011-03-25 09:20   Barriketan
Zuzendaria eta aktorea

Mireia Gabilondok (Bergara, 1965) Tanttaka taldean emon dau ibilbide artistikoaren zatirik handiena. Aktorea, zuzendaria eta gidoilaria; urteetan antzerkian, telebistan eta zineman ibili da, eta ikuskizun arrakastatsu askotan parte hartu dau. Egunotan zinema-aretoetan ikusgai dagoen Mugaldekoak filmaren zuzendaria izateaz gan, aktore lanean be ikusiko dogu. Pelikula horretan -eta ETBk emitidu eban izen bereko telesailean- 40ko hamarkadan Comète Sarea izeneko Pirinioetako mugalari taldearen lanaren barri eskaintzen da, fikzinozko personaien bidez. Baina hori ez da izan Gabilondoren azkenaldiko erronka bakarra; izan be, Hostoak ahotsa, jantzea eta musikea buztartzen dituan ikuskizuna aurkezten dabil Euskal Herriko hainbat antzokitan.


1.- Telebistan egon ostean, Mugaldekoak zine-aretoetara heldu da. Telesailaren aldean, zer ekarpen egingo dau pelikuleak?

Gauza bat da pelikulea eta beste gauza bat telesaila. Oso desbardinak dira. Lehenengo filma egin genduan; ostean, telesaila, beste korapilo eta istorio batzuk gehituta. Pelikulan Comète Sarea zelan sortu zan kontetan dogu. Gure historiako zati inportantea da, jente askorentzat ezezaguna dan arren. 1942. urtean, Europan II. Mundu Gerra bete-betean egoan. Euskaldun askok bizia arriskuan ipini eben Pirinioetan jausten ziran pilotu aliatuak salbetako. Euskal mugalariek mendiak zeharkatzen laguntzen eutsien, eta Hendaiaraino eroaten zituen. Holan, 800 bat pilotu atara zituen. Pelikuleak jente guzti hori omendu gura dau.


2.- Beste gauza batzuk be kontetan ditu filmak; amodiozko istorioak, esaterako.

Garaiko pelikulea da, eta herri txiki bateko jentearen arteko hartu-emonak erakusten ditu; euren arteko maitasun istorioak, aspaldiko istorioak bueltan zelan datozen, gerraosteko bizimodu gatxa, Eleizeak eta alkateak euken poderea...


3.- Jatorrizko bersinoan euskerea da nagusi, baina beste hizkuntza batzuk be agiri dira...

Hizkuntzea beste personaia bat da filman. Personaia gehienek euskeraz egiten dabe, Piriniotako herriko jenteak halan egiten ebalako. Baina, gero, derrigorrean auzokoek gaztelania be erabilten eben agintariekaz; pilotuek ingelesez berba egiten dabe; beste batzuk, frantsesez... Errealismoa inportantea zan guretzat; horretarako ezinbestekoa izan da benetako hizkuntzak erabiltea. Beste alde batetik, komunikazino-inkomunikazino hori erakutsi gura genduan. Jatorrizko bersinoan holan dago, eta holan emongo da zine-aretoetan, gaztelaniazko azpitituluekaz. Baina badago beste bersino bat, gaztelaniaz bikoiztutakoa. Madrilen eta Bartzelonan holan eskainiko dabe.


4.- Telesailaren zelango balorazinoa egiten dozu? Programetako orduak eta datak ez ziran onenak izan, ezta?


Bai, pena apur bategaz geratu ginan. Telebistan emoten hasi eta udan etenaldia egin ben; udagoienean, jenteari gatxa egin jakon istorioa jarraitzea. Dana dala, ikusi eban jenteari asko gustau jakon.


5.- Garaikoa izanda, karutxua izango zan. Zuen erronka handienetakoa izan da?

Handienetakoa bat, bai. Lan aldetik proiektu handia eta zabala izan da. Orain dala urte bi grabau zan, baina urtebete lehenago hasi ginan lanean. Eta oraindino bikoizketeagaz gabilz. Garaikoa izanda, beti garestitzen da apur bat: dekoraduak, jantziak, kalean grabetako arazoak, lokalizazinoak topetea... Azkenean, Goizuetan eta Artikuntzan grabau genduan gehiena.


6.- Zuzendari eta aktore zara proiektu honetan. Ez da izan zoratzeko modukoa?

Batzutan, bai. Gatxa eta gogorra izan da. Hasieratik holan planteau zan, eta egia da zuzendari bat ondoan izateak asko lagundu deustala. Aktore lez, proiektua hain neurea izanda, batzutan neketsua egin jatan; beste eginbeharra itxi, eta ia-ia konzentretako asti barik egin behar izaten neban. Dana dala, egin beharrekoa egin neban eta emoitzeagaz pozik nago.


7.- Sano gatxa da euskerazko film bat karteldegian luzaroan izatea. Badaukazu esperientzia Kutxidazu bidea, Ixabel pelikulegaz. Zerk egiten dau huts?

Gaur egun oso gatxa da ikusleak zine-aretoetara eroatea. Merkatua bera gatxa da, eta bizi dogun egoera honetan oraindino gatxagoa. Merkatu amerikarragaz lehiatzeko diru gehiago behar da. Horregaitik, jentea animau gura dot lehenengo egunetan joan daiten filma ikustera, ezin dalako jakin zenbat denpora egongo dan aretoetan. Kutxidazu bidea, Ixabel-egaz esperientzia oso ona izan zan; jente asko joan zan pelikulea ikustera, baina batek daki zer gertatuko dan honegaz.


8.- Kukai, Oreka TX eta Amaren Alabak taldeekaz, musikea, ahotsa eta jantzea buztartzen dituan Hostoak ikuskizunaren zuzendaria zara. Zelango esperientzia izan da?

Polita izan da. Arriagan, Kursaalen eta Gayarren erakutsi dogu, besteak beste. Kukai taldeagaz lehenago be lan eginda nago, baina Oreka TX eta Amaren Alabak taldeekaz, ez. Esperientza oso polita izan da. Bestalde, hiru hizkuntz horreekaz ikuskizun bakar bat egitea erronka handia izan da. Emonaldietan ikusi dogu jentea emozionau egin dala, eta oso gustora gagoz.


9.- Proiektu gehiagorik badaukazu martxan?


Ba, Tanttaka konpainiagaz egingo dogun lan barria hasi gara preparetan. Telebisinorako proiektu barriak aurkezten gabilz; Kukaigaz be egingo dot beste ikuskizun bat datorren urterako.... Horrezaz gan, paseau, zinemara joan, alabeagaz egon, eta holango gauzak egiteko gogo itzela daukat.


10.- Fernando Bernuesegaz egiten dozu lan gehienetan. Zure bikotekidea izanda, zelan konpontzen zarie taula ganeko tensinoak etxera ez eroetako, eta alderantziz?

Ba, tensinoa etxera eroaten dogu, kar-kar. Urteak dira, alkar ezagutzen dogu, ondo ganera. Batzutan tensinoa dago, baina ahalegintzen gara bai filmazinoetatik bai etxetik kanpo ixten. Halanda be, abantaila handia da ondo ezagutzen zaituen persona bategaz behar egitea; bide bakar batetik zoaz, nahiz eta bidean eztabaida asko euki, eta batzuetan frontoian moduan ibili. Oraingoz, alkarregaz jarraitzen dogu, bai lanean, bai etxean, kar-kar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu