Kimuak 2010 film laburren katalogoan bederatzi film dagoz, sekula baino gehiago
2010-10-04 18:19 BarriakKimuak 2010 katalogoan, honako film laburrak aukeratu ditue: Isabel Hergueraren 'Amar', Asier Altunaren 'Artalde', Enrique Garcia eta Ruben Salazarren 'Daisy Cutter', Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxeren 'Exhibition 19', Kote Camachoren 'La Gran Carrera', Miguel Angel Jimenezen 'Korosho', Borja Cobeagaren 'Un novio de mierda', Angel Aldarondoren 'Ondar Ahoak' eta Leon Siminianiren 'El premio'.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak eta Txema Muñoz Kimuak egitasmoko koordinatzaileak, 2010eko katalogoaren barri emon dabe gaur Bilbon. Danetara, 76 film labur aurkeztu ditue euskal zinemagileek eta bederatzi hautatu, sekula baino gehiago, 'filmen kalidadea gero eta hobea da eta', Muñozen esanetan. Kimuak 2010 katalogoan, honako film laburrak aukeratu ditu epaimahaiak: Isabel Hergueraren 'Amar', Asier Altunaren 'Artalde', Enrique Garcia eta Ruben Salazarren 'Daisy Cutter', Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxeren 'Exhibition 19', Kote Camachoren 'La Gran Carrera', Miguel Angel Jimenezen 'Korosho', Borja Cobeagaren 'Un novio de mierda', Angel Aldarondoren 'Ondar Ahoak' eta Leon Siminianiren 'El premio'.
Hautatutako pelikuletan, danetariko generoak agertzen dira, baita hizkuntza asko be (euskaraz, espainolez edo mutuak gehienak, baina badagoz errusieraz eta polonieraz egindako bana). Angel Aldarondok, 'Ondar Ahoa' pelikulan, arrantzalearen bizitzearen zikloak azaldu gura izan ditu, bere esanetan, 'gure aititaren argazki zaharretan oinarritu gara'. Asier Altunaren 'Artalde lanak', ostera, artzainen munduari erreferentzia egiten deutso, 'nire aita artzaina da eta aspaldi neukan horrelako film bat egiteko gogoa', dino Altunak. 'Laburrak berez daukan izaera aldarrikatu behar da', hori be esan dau Asier Altuna zuzendariak aurkezpenean, 'ulertu behar dogu film laburrak ez dirala film luzeetarako bidean pausu bat, berez daukie zeresana'.
Eusko Jaurlaritzak sustatzen dau Kimuak egitasmoa 1998tik eta urtero-urtero, euskal egileen film laburrik onenak hautatzen ditue katalogorako. Bilduma hori mundu zabaleko zinemaldi eta lehiaketetan aurkezten dabe eta horregaitik, Kimuak katalogoan sartzeak zabalkunde handia emoten deutsie parte-hartzaileei. Urte biko promozinoa egiten deutse Kimuak egitasmoak hautatutako pelikulei eta beraz, 2008ko katalogokoek amaitu barri dabe euren ibilbidea. Txema Muñoz Kimuak-eko arduradunak adierazo dauanez, arrakasta handiz ibili dira orain dala urte biko film laburrak eta danetara, mila aldiz baino gehiagotan aukeratu ditue zinemaldietan emoteko. 2008ko filmek 169 sari irabazi ditue, aitagarrienak 'Ameriketan, han sari asko jaso doguz, Coloradon, New Yorken eta abar', Muñozek azaldu dauenez. 2009koak be, euren aurrekoen arrakastea batzen dabilz eta beste urtebeteko ibilbidea daukie aurretik.
2010eko Kimuak katalogoko bederatzi filmak be, laster ikusiko doguz zinema jaialdietan hara eta hona. Hasteko eta behin, Donostiako Zinemaldian egin eben lehenengo pasea. 'Kimuak egitasmoko film laburrak gure zinemaren aurkezpen txartela dira', uste dau Blanca Urgell Sailburuak, 'ekonomia arloan sasoi txarrak dira gaur egunekoak baina Kimuak babesten jarraituko dau Jaurlaritzeak, duda barik', gaineratu dau Urgellek. Txema Muñozek be, etorkizun oparoa aurrikusi dau: 'film laburrak lan apalak dira baina kalidadea nabari da, zinemagintzan harrobi bikaina daukagu'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!