XI. 'Bilbo, nire kotxe barik!' irailaren 22an

Bizkaie! 2010-09-13 18:18

Mobikortasunaren Europako Astea 'Zentzuz mobidu, hobeto bizi' lemapean dator aurten mobikortasunaren eta osasunaren arteko lotura zuzena nabarmendu guran.

Aurten hamaikagarren urtez, Bilbok bat egingo dau autorik bako egunagaz, 1998tik irailaren 22an Europar Batasunean egiten dan egunagaz. Bilboko Udalak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiagaz, Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz, eta garraioaren arloko enpresakaz batera, Bilbo, nire kotxe barik hil honetako 22an izango da, irailaren 16an hasiko dan 'Mobikortasunaren Europako Astea'-ren barruan. Egunaren aurkezpena egin dabe Asier Abaunza Zirkulazino eta Garraio Saileko zinegotzi ordezkari laguntzaileak, Julia Madrazo Bilboko Udaleko Urigintza eta Ingurumen Saileko zinegotzi ordezkariak, Alberto Mostajo Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioko zuzendari nagusiak eta Vidal Martínez Bizkaiko Garraio Partzuergoko gerentziako zuzendari laguntzaileak.

'Zentzuz mobidu, hobeto bizi' da Europar Batzordeak aurten aukeratu dauen leloa. Ekimenean parte hartzen daben uri guztiek lelo hori erabiliko dabe, mobikortasunaren eta osasunaren arteko lotura zuzena nabarmendu guran. Motordun ibilgailuen trafikoak gorakada itzela izan dau azken urteotan, batez be urietan, eta horrek erreakzino handia eragin dau zaratearen, kutsagaien eta trafikoaren kontra; izan be, pertsonarik ahulenak -umeak eta edadekoak- dira ondoriorik larrienak sufriduten dituenak.

Halan da be, mobikortasuna eta gure ongizatea lotuta dagoz. Gure inguruetan gero eta zabalduago dago nagikeria. Norbere autoa larregi erabilteak eta jarduera fisikorik ez egiteak bizimodu sedentarioagora daroasku eta horrek lotura zuzena dauka obesidadeagaz. Oinez eta bizikletan ibiltea alde batetik bestera joateko modu ezin hobeak dira, eta bide batez, ariketa fisikoa egiten dogu.

2009an, Europako 2.175 urik parte hartu eben ekimenean, horreetatik 102 Euskal Herrikoak ziran, eta horreetatik 63 Bizkaikoak. Mobikortasunaren Europako Astean parte hartu eben Estaduko herrietatik (289), % 22 Bizkaikoak izan ziran.


'Zentzuz mugitu, hobeto bizi', Mobikortasunaren Europako Astea: irailaren 16tik 22ra

Eguena, hilak 16

• Berbaldia: 'Haz algo por tu salud, ¡muévete!'. Stefaan Engels (Marathonman). Bertan izango dira Asier Abaunza Zirkulazinoko zinegotzia eta Alfonso Martínez Cearra Bilbao Metropoli 30-eko zuzendaria. Engels munduan zehar eta urtebetean egunean maratoi bat egiteko proiektuan dabil, osasunari eta ariketa fisikoari buruzko mezuak zabaltzeko. Hitzordua 12:00etan izango da, Bilboko Merkataritza Ganberan (Errekalde zumardia, 50, 3. pisua).


Barikua, hilak 17


• Ecodriving: gidatzeko era eraginkor eta ekologikoa. Ikastaroa doban da bilbotarrentzat, EEEren laguntzinoagaz. Saio bi eta 15 ikasle ikastaro bakotxeko (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara). Suhiltzaileen parkea-Luis Briñas, 16. www.conducemejor.com eta www.hobetogidatu.com.
• Mobikortasuna urian eta edadeko pertsonak. Mobikortasuna eta osasuna. Edadeko pertsonen ordezkariek mobikortasunean Bilbon egon diran aldaketak eta horreek osasunean daben eragina aztertuko ditue, RAC Vasco-Navarro erakundeko espezialistek gidatuta.


Zapatua, hilak 18

• Ecodriving: gidatzeko era eraginkor eta ekologikoa. Bigarren jardunaldia.


Domekea, hilak 19

• Umeen eguna. Umeen jolaserako eta prestakuntzarako espazioa: bizikletentzako zirkuitua, trafiko-seinaleakaz eta beste zirkuitu bat trizikloentzat, ludoteka erraldoia, puzgarri bat, biodibersidadeari buruzko tailerra eta bizikletak konpontzen ikasteko tailerra. Plaza Barria, 11:00etatik 14:00etara.


Astelehena, hilak 20

• Bizikletak maileguan hartzeko sisteman egindako aldaketak aurkeztuko ditu Ingurumen Sailak. Julia Madrazok aldaketok zeintzuk diran zehaztuko dau bizikletak maileguan hartzeko gune batean.


Martitzena, hilak 21

• Berbaldia: 'Actividad física. Efectos beneficiosos para la salud', Carmen Pérez Rodrigo (Bilboko Udaleko Osasun Publikoko Saileko medikua). Hitzordua 12:00etan izango da, Bilboko Merkataritza Ganberan (Errekalde zumardia, 50, 3. pisua).


Eguaztena, hilak 22

• 'Bilbo, nire kotxe barik' eguna. 11:00etatik 20:00etara:
o San Igazio auzoko Illers Balears kalea, Larrakotorre kalearen eta Agirre Lehendakariaren etorbidearen artean, itxita egongo da ibilgailuen zirkulazinorako.
o Kale horretan hainbat jarduera egongo dira: musika, umeentzako jarduerak..., zirkulazinorako zirkuitua be jarriko dau RAC Vasco Navarrok.
o Eguneko adierazpena irakurteko ekitaldi publikoa (13:00etan).

Egun honetako informazino-kanpainea eguenean abiatuko da. 20.000 informazino-liburuxka eta promozino-materiala banatuko da Bilboko auzoetan. Bilboko Udalaren antolakuntzaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta BBK-k ekimena babesten dabe eta zenbait enpresen, garraio-operadoreen, erakundeen, merkataritzako alkarteen eta beste erakunde batzuen laguntzinoa jaso da, baita Ihobe soziedadearena be.

Asmoa da eredugarria izango dan urteroko esperientzia garatzea eta hausnarketea egitea ibilgailu pribatua zentzuz erabiltearen inguruan. Eta 2010ean, osasuna-mobikortasun iraunkorra bikotea azpimarratu nahi da, holan Bilboko bizi-kalidadea hobetuko litzatekeelako, eta kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, istripuak eta trafikoa gitxitu eta, aldi berean, biziteko espazio gehiago eta gidatzeko gitxiago eukiko geunke.

Ekitaldian parte hartzen daben erakundeek kontzientziazino jardunaldiok sustatzeaz gan, autoak nagusi ez diran uri baten aldeko apustua egiten dabe: bizikletentzako bide gehiago, kaleak oinezkoentzat bihurtzea, espaloiak zabaltzea, garraio publikoa hobetzea…

Azken buruan, Bilboko Mobikortasuna 2010 Kazetaritzako IV. Sarirako lanak aurkezteko epea zabalik dago. Aipatutako jarduerakaz lotutako erreportajeak eta informazinoak aurkez daitekez sarira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu