MUk hasierea emon deutso ikasturteari, enpresakaz lankidetzan ikerkuntza eta transferentzia eredua sustatzeko apustu sendoagaz

Bizkaie! 2010-09-07 11:08

Iosu Zabala erretorearen eretxiz, Mondragon Unibersidadearen helburua da 'Enpresa-sareak eta erakundeek etorkizunean beharko dituen ikerkuntza-lerroak aurreikusi eta, askotan, horreen alde apustu egitea'.

MUk ekitaldi bikotxa egin dau atzo Garaia Campusean, bietan Patxi López lehendakaria buru izan dala. Alde batetik, zentro estrategiko bat inaugurau dau: Elektronika eta Sistema Txertatuen Ikerkuntza eta Barrikuntza Zentroa, hain zuzen. Zentro hori sistema txertatu edo adimendunen diseinuan eta garapenean Estadu mailako erreferentzia izatea espero dau Unibersidadeak. Bestetik, unibersidadeen ekitaldi akademiko nagusia ospatu dau: ikasturtearen hasiera ofiziala.


Elektronika eta Sistema Txertatuen Ikerkuntza eta Barrikuntza Zentroa

Ikasturteari hasierea emoteko ekitaldiaren aurretik Elektronika eta Sistema Txertatuen Ikerkuntza eta Barrikuntza Zentroaren inaugurazinoa izan da. Goi Eskola Politeknikoko Presidente Jose Ramon Goikoetxea eta Zuzendari Vicente Atxak adierazo dabenez, zentro horrek salto kualitatibo ukaezina emongo dau MUko Goi Eskola Politeknikoaren ibilbidean, alde batetik eskolako azpiegiturak handitu egingo diralako, eta, bestetik, proiektuak bermatu egingo dauelako Euskal Autonomia Erkidegoak eta Espainiak Europako industria-sarean daben lehiakortasuna. Oro har, zentroa bat dator Mondragon Unibersidadearen filosofiagaz, enpresen zerbitzuan egindako ikerkuntzearen eta transferentziaren aldeko apustuan. Mondragon Unibersidadeko erretoreak adierazo dauenez, 'enpresakaz elkarlanean egindako ikerkuntza- eta transferentzia-politika (Elkarlaneko I+T) garatzen jarraitzeko ezinbesteko instalazinoak dira'.

Danetara, 13.000 metro koadroko azaleraren gainean eregita dago eta inbertsinoa 18 miloe eurokoa izan da. Hiru solairu eta beheko solairua ditu eta, horri esker, Eskolako ikasle kopurua % 33 handitu ahal izango da, 900 ikasle hartzeraino. Proiektuak bateragarriak diran lau jarduera-arlo hartzen ditu barruan: alde batetik, ikerkuntza-jarduerak eta laborategia; bestetik, transferentzia teknologikorako eta barrikuntzarako proiektuak; hirugarrenik, aholkularitzako eta injinerutzako jarduerak; eta azkenik, oinarri teknologikodun enpresa barriak sustatzeko arloa.


Ikasturtearen hasierea

2010-2011 ikasturtea zabaltzeko ekitaldiko buru Patxi López lehendakaria izan da. Horregaz izan dira MUko erretore Iosu Zabala, Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerkuntza sailburu Isabel Celaá, MUko presidente eta Mondragon Korporazinoaren ordezkari Javier Sotil eta MUko idazkari nagusi Idoia Peñacorba. UPV-EHUko eta Deustuko unibersidadeetako erretoreak, Iñaki Goirizelaia eta Jaime Oraá, be ekitaldian izan dira.

MUko erretoreak 2010-2011 ikasturtea zabaltzeko hitzaldian azpimarratu dauenez, unibersidadearen zeregina nabarmen aldatu da azken hiru hamarkadetan. Izan be, 1980ko hamarkadan goi-mailako tituludun onak trebatzeko helburua eukan, irakaskuntzea lehenetsita. 1990eko hamarkadan, barriz, ikerkuntza-jarduerea garatzea izan zan funtsezko gakoa. Gaur egun, aurreko eginkizunez gan, bere inguruneko garapen ekonomikoaren eragile izatea be eskatzen jako unibersidadeari. Holan, unibersidadearen eginkizunak hiru zutabe ditu: irakaskuntzea, ikerkuntzea eta barrikuntzea, azken hori ikerkuntzatik ekimen, proiektu, produktu eta zerbitzuetara igarotzeko konpromisotzat ulerturik. Testuinguru horretan, Zabalaren berbetan, Mondragon Unibersidadearen helburua honako hau izango litzateke: 'Enpresa-sareak eta erakundeek etorkizunean beharko dituen ikerkuntza-lerroak aurreikusi eta, askotan, horreen alde apustu egitea'.

Horrezaz gan, Mondragon Unibertsitatearen beste lorpen batzuk azpimarratu ditu erretoreak: alde batetik, Nazinoarteko Bikaintasunaren Campusaren 2010eko deialdian nazinoarteko ebaluazinoaren faserako hautagai izateko aukeratzea, eta bestetik, Bolognarako egokitzapenaren emoitza gogobetegarriak, MU aitzindaria izan baitzan orain hiru ikasturte bere tituluak Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremura egokitzen. Egokitzapen hori hamar urte lehenago sortutako ereduari zor jako, Mendeberri ereduari hain zuzen. Eredu horrek honako oinarri honeek zituan: gaitasunak, ikaslearen eta irakaslearen arteko hartu-emonak, etenbako ebaluazinoa, ikasketa eta lana txandakatzeko aukerea, enpresetako prestakuntza praktikoa, barrikuntzea eta ekintzailetza, baita ikasleen nazinoarteko esperientzia be.

Unibersidadeak eredu barrien alde egiten dau etorkizunari arrakastaz aurre egiteko. Horren erakusgarri dogu aurten MU+ eredua abian jarri izana. Eredu horrek profesionalentzako bizitza osorako prestakuntzea jasoten dau.

Horrezaz gan, Mondragon Unibersidadeak gaur egun esku artean dituan beste proiektu garrantzitsu batzuk be aitatu ditu unibersidadeko arduradunak: Enpresa Zientzien Fakultadeak Oñatin zabalduko dauen campusa, MIK Kudeaketarako Ikerkuntza Zentroa barne hartuko dauena; Basque Culinary Center, datorren ikasturtean ateak zabalduko dituana, Espainiako lehen Gastronomia Fakultadea izango dana; Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak Aretxabaletan zabalduko dauen campusa…


2009-2010 ikasturtearen balantzea

Aurtengo ikasturtea hirugarrena izango dau Mondragon Unibersidadeak bere titulazino guztiak Bolognara egokituta eta ikaslea aldatzeko eta haren prestakuntzea XXI. mendeko beharretara egokitzeko konpromisoa hartuta. Unibersidadeak graduko 11 titulazino eskaintzen ditu; horreetatik sei injinerutzearen arlokoak dira; bi hezkuntzearen arlokoak; bat ikus-entzunezko komunikazinoaren arlokoa eta bi enpresa-zientzien arlokoa. 2009-2010 ikasturtean, graduko 11 titulu horrez gan, Mondragon Unibersidadeak lau master barri sortu ditu eta graduatu-ondoko 24 titulu eskaini ditu, ofizialak zein berezkoak.

Matrikulazinoen gaineko analisiak erakutsi dauenez, 2009-2010 ikasturtean 3.421 ikasle matrikulau ziran Mondragon Unibersidadean. Horreetatik, 3.004 ikaslek graduko ikasketak egin zituen eta ganerako 317ak graduatu-ondoko eta hirugarren zikloetan matrikulau ziran.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu