40 bideo-joko baino gehiago lehian AlhondigaBilbaok HoPLAY lehiaketan emongo dituan sei sariak lortzeko

Bizkaie! 2010-09-01 15:21

AlhóndigaBilbaok baditu dagoeneko ‘hó Play Bideo-jokoen I. Lehiaketa Nagusiaren’ finalistak. Danetara, 42 joko aukeratu dira lehiaketeak eskaintzen dituan 6.000 euroko sei sarietako bat lortu ahal izateko.

AlhóndigaBilbaok baditu dagoeneko ‘hó Play Bideo-jokoen I. Lehiaketa Nagusiaren’ finalistak. Danetara, 42 joko aukeratu dira lehiaketeak eskaintzen dituan 6.000 euroko sei sarietako bat lortu ahal izateko. Bideo-jokoen zaleek irailaren 9tik aurrera probau ahal izango ditue jokoak, eta irailaren 22, 23 eta 24an, joko horreen sortzaileak ezagutzeko aukerea izango dabe AlhóndigaBilbaok lehiaketa honetarako preparau dauen hó Game eremuan.

Bost hautagaik izango dabe aukerea saria irabazteko, lehiaketako kategorietako bakotxean: Ideia Original Onena, Sorkuntza Diseinu Onena, Soinu edo Musika Onena, Jolasteko aukera Onena eta Euskal Bideo-joko Onena. Beste kategoria bat be badago, Ikusleen Sari Berezia, hain zuzen; maila honetan, 17 joko lehiatuko dira, eta irabazlea jokoak probatzera eta gustukoena aukeratzera doazenen botoek erabagiko dabe.


Euskal Bideo-joko onena

Euskadin bideo-jokoak garatzen dituen bost konpainia aurkeztu dira HóPLAY Nazinoarteko Jaialdiak emongo dauen euskal bideo-joko onenaren saria lortzeko. Antolatzaileek Delirium Studios, Ideateca, Elhuyar Fundazioa, Gestionet Multimedia eta PixelTossers Studio-ren lanak aukeratu ditue Euskal Bideo-joko Onenaren Sariko finalista moduan.


hó Play Jaialdia

‘hó Play Bideo-jokoen I. Lehiaketa Nagusia’ AlhóndigaBilbaon izango da irailaren 23tik 26ra bitartean, hó Play Jaialdiaren barruan. Lehiaketa honen bitartez, bideo-jokoen mundura hurreratzeko aukerea emon nahi da, modu ludiko eta hezigarrian. Bertan, joko elektronikoen eta arte interaktiboaren arlo kultural, sozial, teknologiko eta industrialak erakutsiko jakez herritarrei.

Jaialdi osoan zehar, hainbat ekimen eskainiko dira: ume eta gazteentzako tailerrak antolatuko dira; aditu, ikerlari eta sortzaileek hitzaldiak emongo ditue; bideo-jokoen munduari eta gaur egun daben egoereari buruzko dokumentalak proiektauko dira, eta abar.

Hó Play oso hitzordu garrantzitsua izango da sektoreko profesionalentzat eta zaleentzat, bai eta jakin-mina dabenentzat be, edadeari erreparau barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu