Rafael Batarrita Urkizak Labayruko Euskal Bibliotekeari emon deutso bere material bideografikoa

Labayru 2010-07-20 10:56   Barriak

Rafael Batarritaren borondatea da fondo hori gorde eta jagotea eta jentearen esku egotea. Hori dala-ta, Labayru Ikastegiaren konpromisoa da ahal dan neurrian material hori katalogetea eta katalogo hori argitaratzea.

Rafael Batarritak 30 bat urte daroaz audiobisualetan beharrean. Aldi horretan guztian hainbat eta hainbat bideo egin ditu, bai grabazino gordinak bai landu eta editatuak. Beharretik erretiroa hartzeko edadera helduta, hori material guztiori galdu ez daiten, Labayru Ikastegiko Euskal Bibliotekeari emon deutso, bertan gorde, katalogau eta jentearen eskura ipinteko. Material horretan hainbat grabazino dagoz, Betacam eta DVD euskarritan. Eta horrezaz ganera, argazki-sorta handia, negatiboan eta CDan.

Grabazinoetako askok industria garapena eta eraikuntza lan handiakaz zerikusia dabe. Industrien kasuan, esaterako, Bizkaiko Labe Garaiak, Aceros de Llodio, Tubos Reunidos, Vicinay cadenas, Sener eta abar grabauta dagoz, bai honezkero galduta dagozan behar egiteko prozesuak, bai industria horreen bilakaerea, eta kasuren baten botatea bera.

Eraikuntzen adibideen artean, aitatzekoak dira Bilboko Metroa, Bilboko Tranbia, Gasteizko Tranbia edo gure inguruetako Industrialdeak egiteko prozesua, hau da, lana egiten hasi aurretik, bitartean eta ostean.

Hirugarren multzo handi bat Athletic futbol taldeagaz lotutako dokumentazinoa da: barruko hauteskundeak eta batzarrak, garaipen ospakizunak gabarra eta guzti…

Osterantzeko irudien artean, 1983ko urioletako irudiak, enpresa txikien behar-prozesu, kokapen eta beharginen irudiak aitatu daitekez.

Honek danak balio handiko materiala osotzen dau, gure paisajea asko aldatu dalako hogeta hamar urteotan. Irudiotan jasota dago, kasurako, CAF enpresa trenak egiten, Elgoibarko SIGMA enpresa honezkero galdua, Gorlizko hondartza eta Sanatorioa lanak hasi aurretik, Txorierriko errepidea egiten, Sprilurreko industrialdeak egin aurretik lurrak zelangoak ziran eta egin ostean zelan dagozan (Hernani, Zegama, Lazkao, Amurrio, Orduña, Izoria, Arabako Parke Teknologikoa, etab.).

Ez dago dudarik gerora begira balio handiko materiala dana. Ardura horregaz jokatu dau Rafael Batarrita jn.ak, honezkero eta etorkizunerako materialok gordetea garrantzitsua dala jaubetuta.

Labayru Ikastegiko Euskal Bibliotekea dokumentazino zentro bat da. Sorreratik eta gehiago bere ardurea dokumentazino mota guztia gordetea izan da. Fondorik baliotsuena liburu eta aldizkariena da, baina ez da gitxiagokoa osterantzeko euskarritan daukana: liburuxka, kartel, pegatina, mapa, txartel eta pentsau leiteken guztia. Prestigio horrek ekarri dau Batarrita jauna gure erakundera. Eta audiobisual eta multimedia euskarrietan lehendik be hainbat material baditu be, Batarrita jaunak emondako fondo honek asko aberastuko dau esparru hori.

Rafael Batarritak eskuzabal jokatu dau eta ez dau ezer eskatu ez baldintzarik ipini berak emondako materialak erabilteko. Bere borondatea da fondo hori gorde eta jagotea eta jentearen esku egotea. Hori dala-ta, Labayru Ikastegiaren konpromisoa da ahal dan neurrian material hori katalogetea eta katalogo hori argitaratzea. Edozein kasutan bideoak muga bat eukiko dabe: editauta dagozanak ezin erabili izango dira produktu komertzialtzat, bai dokumentazino modura eta irudi-zatiak erabilteko, baina ez produktu osotzat.

Benetan eskertzekoa da gizon honen ardurea hain balio handiko fondo dokumentala galdu ez daiten. Euskal Bibliotekearen filosofia hori izan da beti: dana gorde, norberak balio gitxikotzat joten dauena be, eta ondo sailkatu eta katalogau ezkero, denporeak emongo deutso daukan balioa. Etxeetan, alkarteetan, erakundeetan ez dira beti gauzak behar dan moduan jasoten, sarritan ezinezkoa da, ganera. Horregaitik, norberak ezin izatera onena da holango erakunderen baten esku ipintea materiala, danen eskura egon daiten gerora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu