Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa, orain, on line dago

Bizkaie! 2010-07-16 14:34

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa on line dago honezkero http://zthiztegia.elhuyar.org/ webgunean.

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa on line dago honezkero http://zthiztegia.elhuyar.org/ webgunean. 2009ko urrian argitaratu zan liburu eta CD-ROM formatuetan zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopediko hau, euskeraz egin dan lehenengoa, eta orain on line be kontsultau daiteke. Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren Interneteko bertsinoan, liburuan eta CD-ROMean bezela, 23.000 kontzepturen definizinoaz gan, jagokezan erdal terminoak (ingelesezkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak), artikuluak, irudiak eta lagungarriak diran zenbait unitate jasoten ditu. Obra honek zientzia eta teknologiako 50 alorretako informazinoa eskaintzen dau, honako alor nagusi honeetan multzokatuta: zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, Lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta gai orokorrak.

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa osotzeko, lau urtez jardun dau lanean lantaldeak. 200 aditu baino gehiago ibili dira; euren artean, Euskal Herriko unibersidadeetako zenbait irakasle, eta zientzia eta teknologiaren alorrean dabilzan zentro eta enpresetako zenbait aditu, Antton Gurrutxagaren zuzendaritzapean. Zientzia eta teknologiari buruzko informazino orokor eta eguneratua behar dauen edozeinentzat dago pentsauta obra hau: Batxilergoko, Lanbide Heziketako, unibersidadeko ikasle eta irakasle, kazetari, guraso eta, oro har, zientzia eta teknologiaren inguruan interesa dauen edonorentzat. Elhuyar Fundazinoak eta Euskal Herriko Unibersidadeak, Caja Laboral-Euskadiko Kutxaren babesagaz, argitaratu dabe Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu