Abian da Tokitan.tv, 'bidaiari txikientzako abentura handiak' kontetan dituan Internet bidezko telebista
2010-06-21 11:54Tokitan.tv bidaien inguruko web telebista bat da. Bertan, Haritz Rodriguez kazetari eta blogariak danon eskura dagozan abenturak kontauko ditu. Batzuetan helmuga exotikoagoetan egindako iraupen luzeagoko bidaiak dira, eta bestetan etxetik hurrago egiten diranak
Tokitan.tv bidaien inguruko web telebista bat da. Bertan, Haritz Rodriguez kazetari eta blogariak danon eskura dagozan abenturak kontauko ditu. Batzuetan helmuga exotikoagoetan egindako iraupen luzeagoko bidaiak dira, eta bestetan etxetik hurrago egiten diranak. Besteak beste, Itsaso Joniarreko uharte greziarretan barrena belaontziz egindako odisea txikia, 3.000 metroko mendiak Piriniotan, urpekaritza Gatako Lurmuturrean, errepide bidezko bidaia Marokon, surfa Lapurdin, bizikleta bidezko ibilbideak… ikusi ahal izango dira bideo honeetan. Webgune barria dagoeneko abian da, eta lehenengo kapitulua ikusgai dago: Oreinen ugalketa errituala edo 'berrea' Sorian.
Danetara, 32 kapitulu grabau eta editau dira dagoeneko lehenengo denporaldiari begira. Datozen hilebeteotan argitaratuko dira webgunean, astean behin. Bien bitartean, bigarren denporaldiko kapituluak osotzeko bideo barriak grabau eta editatze lanetan dabilz.
Bideoetan deskribiduten diran tokien inguruko informazino gehigarria be argitaratuko da webgunean. Izan be, bideo guztiak beren mapea izango dabe, eta informazino osogarria nahiz argazkiak hurrekotasun geografikoaren arabera bilatzeko aukerea eskainiko dau. Erabiltzaileek GPS gailura deskargau ahal izango ditue kokapen fitxategiak, eta koordenatuak be eskuko telefonoaren bitartez eskuratu ahal izango ditue QR kode erraz baten bitartez.
Webgunea bera ez eze, bidaia bideoblog barri honek sare sozialak be erabilten dtu. Horreek bidaia bitakora legez funtzionauko dabe. Tokitan.tv abentura batean buru-belarri dagoan bitartean, Twitterren kontauko dau ikusten dauenaren barri, eta Facebook-en zuzenean argitaratuko ditu argazkiak. Tokitan.tv bidaia aldizkari elektroniko moduan uler daiteke, eta teknologia barriek aparteko garranzia dabe.
Produkzino propioa daben bideoez gan, webtb barri honek erabiltzaileen parte hartzea be sustatu nahi dau. Horretarako sortu dau 'Zuen bideoak' izeneko atala. Bertan jasoko dira erabiltzaileek bialdutako bidaia eta oporren inguruko bideoak.
Bideo guztiak euskeraz aurkezten badira be, eta bidaien inguruko 'mikrodokumentalak' dirala kontuan hartuta, beste hizkuntza batzuek be presentzia nabarmena dabe. Kasu horreetan guztietan, jatorrizko bertsinoan mantenduko dira, baina bideo guztiak euskeraz, ingelesez eta gaztelaniaz azpititulauko dira. Webgune osoa be hiru hizkuntzatan dago.
Rodriguezen arabera, 'Tokitan.tv-k EZ ditu superheroientzako abenturak proposatzen. Honeek ez dira ezinezkoaren mugan dagozan erronkak, egingarriaren mugan dagozan bizipenak baino. Danon eskura dagozan proposamenak dira, baina ez dabe zirrara txikiagoa sortzen horregaitik. Tokitan.tv danok barruan daroagun esploratzaile txiki horren isla da. Izan be, bidaia txikiek abentura handiak izkutatzen ditue'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!