Euskadiko Biodibersidadearen Zentroak jarduerak antolatu ditu asteburuan Ingurumenaren Nazinoarteko Eguna ospatzeko

Bizkaie! 2010-06-03 11:43

Busturiko Madariaga Dorretxean kokatuta dagoan Euskadiko Biodibersidadearen Zentroak Ingurumenaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau datorren asteburuan, herritarrak ingurumenaren arloko gaien inguruan kontzientzietako eta garapen iraunkorraren alde jardun dagien motibetako.

Busturiko Madariaga Dorretxean kokatuta dagoan Euskadiko Biodibersidadearen Zentroak Ingurumenaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau datorren asteburuan, herritarrak ingurumenaren arloko gaien inguruan kontzientzietako eta garapen iraunkorraren alde jardun dagien motibetako.

Aurten, 'Espezie asko. Planeta bat. Etorkizun bat' gaia aukeratu da, eta, mezu horren bitartez, gizateriaren eta planetako espezie eta ekosistema guztien ongizatea zaintzeak funtsezko garrantzia dauela emon gura da aditzera. Ingurumenaren Nazinoarteko Egunaren gai horrek, ganera, 2010ean be ospatzen dagoan Biodibersidade Biologikoaren Nazinoarteko Urtea sustatu gura dau.

Ingurumenaren Nazinoarteko Egunaren jarduerak zapatuan, hilak 5, hasiko dira, goizeko 10:00etan. Parte-hartzaileek ibilbide gidatua egingo dabe Urdaibaiko paduran barrena, eta jarraian, Madariaga Dorretxea bisitauko dabe (5 euro). Ondoren, 12:00etan, Madariaga Dorretxeko Auditorioan, Lanius Ornitologia alkarteko kide batek berbaldia emongo dau 'Bizkaian zeharko ibilaldi ornitologikoak' liburua aurkezteko.

Arratsaldean, 16:00etan, ibilbide bat egingo da itsasontziz Bilboko itsasadarrean barrena, Bilbo-Santurtzi-Bilbo ibilbidea eginez (8 euro). Itsasadarra suspertzearen beharra eta bertako fauna eta flora aztertuko dira ibilaldian, eta itsasadar horrek, historian, eremuaren garapenerako izan dauen garrantzia nabarmenduko da. Ganera, 17:00etatik aurrera, txikiek be hainbat jardueretan parte hartzeko aukerea izango dabe ondo pasetako, doban, 'Zomorroz beteriko arratsalde pasa' deiturikoan.

Domekan, goizeko 10:00etatik aurrera, ibilaldi gidatua egingo da kostaldetik eta, besteak beste, Txatxarramendiko ugartea ikusiko da. Jarraian, Laidara joango dira itsasontziz, bertako hondartzea eta dunak ikusteko. Jarduera horretan parte hartu gura dauenak 6 euro pagau beharko ditu. Ondoren, 12:00etan, Iker Diazek 'Goazen Itsasora' antzezlana eskainiko dau, doban, Madariaga Dorretxeko Auditorioan. Komedia musikala da, eta ozeanoetako biodibersidadearen harmonia goretsi gura dau.

Amaitzeko, arratsaldeko 17:00etan, Bizilore alkarteak bedar eta lora jangarriei buruzko tailerra emongo dau. Ordu berean, umeentzako eskulanen tailerra antolatuko da. Jardueretan parte hartzeko, erreserbea egin behar da, 946 870 402 telefono-zenbakira deituz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu