Bertsotan Aramaio nagusi
2010-05-31 11:53 BertsolaritzeaXabi Igoa txapeldunak eta Ainhoa Comas txapeldunordeak ordezkatuko dabe Araba bagilaren 19an Agurainen egingo dan Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finalean.
Legution jokatu da astegoienean Arabako Eskolarteko Txapelketako finala, arabako bertso-eskolen egunaren barruan. Legutioko kultur etxera bertaratutakoei hamaiketako gozoa eskaini ostean zabaldu dira finaleko aretoko ateak. Eguerdi aldera hasi da txikien finala. Bertan izan doguz hiru bertso-eskola nor baino nor, arabako kuadrillarteko txapelketako kamiseta dotoreakaz. Beltzez Gasteizko bertso-eskolako gaztetxuak, Maddalen Arrausi, Gorka Arrausi, Ane Olano eta Beñat Olano. Gorriz Aramaioko bertso-eskolako Jon Izaga, Peru Abarrategi eta Peio Arriolabengoa. Berdez etxeko taldea, Legutioko bertso-eskolako 5 neskatok osotutakoa: Uxue Rekalde, Naia Espinosa, Elena Etxabe, Aitziber Lopez, Iraia Etxebarria eta Haizea Vallecillo.
Taldean egindako agurren ostean, talde bakotxak egin beharreko lanak ondokoak izan dira: lau oinak emonda bina bertso talde bakotxak, Azkenean Aramaioko taldeak irabazi dau, eta eskolarteko Euskal Herriko finalera sailkatu diranak Peru Abarrategi eta Maddalen Arrausi izan dira. Saio alaia izan da, eta 60 lagunek beteriko aretoan bertso bikainak entzuteko aukerea izan da.
14:30ean, herri bazkaria izan da herriko plazan. Arabako bertso-eskoletako 50 ume, gazte eta guraso batu dira bertan. Bazkalostean bertso-eskolen arteko herri kirolak izan dira giro ederrean.
17:00etan hasi da gazteen bat-bateko finala. Maiatzaren 15ean hasi ziran kanporaketak, 26 bertsolari gaztek hartu dabe parte 14-18 urte bitarteko mailan eta horreetatik 8 sailkatu dira gaurko finalera:
Maialen Saez de Okariz (Gasteiz), Bingen Saiz (Arrizala), Amaia Lasaga (Gasteiz), Uxue Ruiz de Arkaute (Gasteiz), Xabi Igoa (Aramaio), Estitxu Saratxo (Legutio), Edurne Azkarate (Oion) eta Ainhoa Comas (Amurrio). Ofizioka zortziko nagusian eta zortziko txikian bina bertso, lau oinak eta berbeari bertso bana kantau ostean bigarren fasera hiru gazte sailkatu dira, Arrizalako Bingen Sainz, Aramaioko Xabi Igoa eta Amurrioko Ainhoa Comas. Bina punturi erantzun eta hiruen arteko kopla saio eder bategaz amaitu ditue lan puntuagarriak.
Kontuak kontu, txapela Aramaiora joan da gaztetan be, Xabi Igoa izan baita txapelduna.
Bigarren saria Ainhoa Comasentzat izan da eta biek ordezkatuko dabe Araba bagilaren 19an Agurainen egingo dan Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finalean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!