Gernika-Lumoko Umeen 22. Antzerki Astea egingo da maiatzaren 11tik 17ra

Bizkaie! 2010-05-07 12:09   Kulturea

Zortzi antzezlan izango dira ikusgai Lizeo Antzokian, sei euskeraz eta bi ingelesez, herriko LHko eta DBHko ikasleei zuzenduta. Eskola orduetatik kanpo be euskerearen ahozko adierazmena landu eta esparru ez formaletan erabiltea da egitasmoaren helburu nagusia.

Gernika-Lumoko Umeen Antzerki Astearen 22. edizinoa egingo da maiatzaren 11tik 17ra Lizeo Antzokian, eta danetara zortzi antzezlan izango ditu. Sei obra euskeraz izango dira, eta beste biak ingelesez, herriko LHko eta DBHko ikasleei zuzenduta. Eskola orduetatik kanpo be euskerearen ahozko adierazmena landu eta esparru ez formaletan erabiltea da egitasmoaren helburu nagusia.

Eskoletako irakasleek eta Gernika-Lumoko Udaleko Euskera Sailak alkarlanean antolatzen dabe Umeen Antzerki Astea, besteak beste, hizkuntza bizitzarako baliabide dala jakinda, euskereari balioa emoteko olgetan, lagun artean, komunikazinoan edo jai giroan. Hori dala eta, Udaleko Euskera Sailak diru-laguntzinoak eta material didaktikoa jarri ditu taldeen eskura.

Aurkeztuko diran antzezlanei jagokenez, bizitza amaitu eta 'Zer dago gero?' galdereari modu umoretsuan erantzungo deutse Allende Salazar ikastetxeko antzezle gazteek maiatzaren 11n; egun berean, Herriko plazako iturri ganeko irudia berbetan hasiko da Mertzede ikastetxekoen eskutik, 'Uharka datoz' lanagaz.

Bestalde, 'Txanogorritxoren istorio barria' ezagutarazoko dabe San Fideleko ikasleek maiatzaren 12an. Ganera, sentimentuz eta musikaz apaindutako 'Flash back' momentuak biziarazoko ditue Barrutikoek egun berean. Eta, inurri langile bat kezkatu egingo da txori kantaria aurten ez dalako agertu 'Inurria eta Txoria' antzezlanean, Seber Altube ikastolakoen eskutik maiatzaren 13an.

Inguma antzerki taldekoek 'Zergatik?' antzezlana eskaintzeko amesa eben, baina azkenean bertan behera geratu da, Gernika Institutuko antzerki taldearen arduradun Intxixu Bengoa begiraleak jakinarazo dauenez, antzezlana preparetan izandako arazoak tarteko. Beraz, maiatzaren 13an arratsaldeko 15:00etarako aurreikusita egoan antzezlanik ez da egongo. Gainontzean, egunero bi antzezlan izango dira, goiz eta arratsalde, ikasleek landutakoak, ikasle eta gurasoentzako.

Maiatzaren 17a egun berezia izango da, ingelesezko beste bi antzezlan izango baitira: 'Home Truths' eta 'Swing and Clouds'. Antzezlan horreek, gero, ikasgelatan landuko ditue, euskerazko unidade didaktikoak erabilita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu