MUko Enpresagintza Fakultadeak 14 miloe euro inbertiduko dau bi urtean, Oñati eta Iruneko azpiegitura barrietan
2010-04-22 11:40Mondragon Unibersidadeko Enpresagintza Fakultadeak bere sorrerearen 50. urteurrena beteten dau aurten. Oroitzapen-jarduera eta ekintza batzuekaz ospatuko dau, eta, guztien buruan, Oñatiko campus barria zabalduko. Iragana eta etorkizuna batuko dira, beraz, aurten.
Mondragon Unibersidadeko Enpresagintza Fakultadeak bere sorrerearen 50. urteurrena beteten dau aurten. Oroitzapen-jarduera eta ekintza batzuekaz ospatuko dau, eta, guztien buruan, Oñatiko campus barria zabalduko. Iragana eta etorkizuna batuko dira, beraz, aurten. Hor, mende erdiko lana ospatuko da, eta eraikin barria jentaurrean aurkeztuko. Eraikin horrexek markauko dau Enpresagintza Fakultadearen geroa.
Urteurrena ospatzeko, honako ekintzak egingo ditu: kontzertuak, hitzaldiak, Fakultatearen iragana, oraina eta geroa jasoten dituan liburu bat argitaratu, Oñatiko campus barria zabaldu udagoienean, eta 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia: zemendian egingo da, azken bost hamarkadetan Fakultateagaz zelan edo halan lotuta egon diran lagun guztiak omentzeko.
Azken 50 urtean, 20.000 ikasletik gora igaro dira Fakultadetik. Horrek enpresa-zuzendariak, enpresariak eta ekintzaileak dira egun. Fakultadeko aldaketarik esanguratsuenak 1997/98 ikasturtetik aurrera izan dira duda barik. Une horretan, unibersidade maila autortu eutsien modu ofizialean Mondragon Unibersidadeari. Aspalditik lanean ebilzan Debagoieneko unibersidade-irakaskuntzako hiru kooperatiba honeek batu ziran bertan: Mondragon Goi Eskola Politeknikoa Jose María Arizmendiarrieta (1943an sortua), ETEO (1960) eta Irakasle Eskola (1976). 1997/98 ikasturte horretan, 457 unibersidade-ikasle egozan ikasten Oñatin.
Fakultadearen erradiografia
Mondragon Unibersidadea sortzeak beste irakaskuntza- eta ikaskuntza-eredu bat ekarri eban beragaz, eta horrek aldaketea sortu eban irakaslearen rolean eta ikaslearen profilean. Mondragon Unibersidadearen eredu batean, Mendeberri proiektuan, oinarritu zan aldaketea. Hari esker, Goi Mailako Hezkuntzako Europar Esparrura hurreratu eta egokitu gara. Hain zuzen be, Mondragon Unibersidadea izan zan bere titulu guztiak Boloniako Planera egokitu zituan Euskadiko lehen unibersidadea.
Mondragon Unibersidadearen sorreratik igarotako hamabi urteko tartean, upealakoak izan da hazkundea; datu batzuk azpimarratzearren, nabarmen handitu dira baliabide ekonomikoak; ikasleak 457tik aurtengo ikasturteko 712ra igon dira; ikerkuntzako inbertsinoa egungo 2,5 miloe eurora heldu da, eta langileak be 37tik 80ra igaro dira. Ikerkuntzari eskainitako ahalegina be nabarmen hazi da: 2000/2001 ikasturteko % 22tik egungo % 45era.
Egun, Enpresagintza Fakultadeak campusak ditu Oñatin eta Bidasoan (azken hori 2003/2004 ikasturtetik da martxan). Enpresa Administrazinoa eta Zuzendaritzea, eta Lidergo Ekintzailea eta Barrikuntza graduak eskaintzen dira bertan.
Etorkizuneko proiektuak: Oñatiko campus barria eta Irun handitzea
Unibersidadearen Oñatiko egoitza barria salto kualitatibo bat izango da, duda barik, Fakultadearen historian. San Lorentzon 40 urte egin ondoren,
campus-proiektu barri baten alde egin da apustu. Haren lanek 13,2 miloe euroko aurrekontua dabe, eta amaituta egongo dira 2010/2011
ikasturte-hasierako.
Campus barria Ibarrako kirolguneko lurretan egingo da, Oñatin, 20.000 m2 inguruko azalera batean. Eregitako azalerea 8.752 m2 izango da. Eraikinak
hiru pisu eta sotoa izango ditu, eta honako honeek, barruan: prestakuntzarako hogei ikasgela, etenbako prestakuntzarako eta masterretarako
beste zazpi, ikerkuntzarako laborategiak, informatika-gelak, hizkuntza-laborategiak, etab. Beste honeek be izango ditu: ekitaldi-areto handi bat,
kudeaketa- eta administrazino-gunea, sailak, liburutegia, bilera-gelak eta aparketako 200 toki.
Azpiegitura horrek Enpresagintza Fakultadearen geroa markauko dau, eta hiru esparru hartuko ditu: lehenik, enpresa-kudeaketa alorreko prestakuntzea, bai gradukoa, bai graduondokoa; bigarren, kudeaketa aurreratuko ikerketa-jarduerea, MIK ikerketa-zentroagaz batera garatzen ari dan proiektu komunean oinarrituta; hirugarren, enpresa-zuzendariei zuzendutako etenbako prestakuntzea. Campus barriak nazinoarteko erreferentzia bihurtu nahi dau enpresa-kudeaketako prestakuntzan eta ikerkuntzan, eta honako bi honeek batuko ditu: unibersidade mailako ikerkuntzea, eta enpresatarako, alkartetarako eta erakundetarako transferentziara zuzendutako ikerkuntzea.
Etorkizunaren aldeko bere apustu horretan, Enpresagintza Fakultadeak handitu egingo ditu Irungo campuseko egungo instalazinoak. Docureau jauregian dagoz. 600 m2-ko eraikin barri bat eregiko da 800.000 euro baino gehiago inbertiduta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!