Itziarko II. Erromeria Eguna maiatzaren 1ean ospatuko da
2010-04-21 14:17Aurten be, Antonio Buenetxea Txankarta soinujole itziartar famatuari omen egingo jako. Egitaraua apirilaren 30ean hasiko da, 'Soinu Handia Erromerian' gaitzat izango dauen berbaldiagaz. Arratsaldeko 20:00etan, Itziarko apaizetxean izango da eta hizlari Aitor Furundarena, Isidro Larrañaga, Joseba Tapia eta Karmelo Mendizabal izango dira.
Igazko arrakastea ikusita, Andutz Kultur Taldeak egitaraua sendotu egin dau bigarren edizino honetarako. Apirilaren 30eko berbaldiak zabalduko dau Erromeria Eguna, eta hilaren 1ean izango da egun handia.
Aurreko urteko edizinoan Euskal Herriko txoko ugaritatik batu zan jente piloa Itziarko Erromeria Egunera. Berbarako, bazkaritan 300dik gora lagun batu ziran herriko pilotalekuan eta arratsalde nahiz gauean erromerien munduko musikari ezagunek alaitu zituen jaira hurreratutako guztiak, dultzainero, txistulari eta joaldunen laguntzinoagaz.
Kontuak kontu, aurtengo egitaraua lehenengo edizinoaren bidetik dator. Aurten be, Antonio Buenetxea Txankarta soinujole itziartar famatuari omen egingo jako. Egitaraua apirilaren 30ean hasiko da, 'Soinu Handia Erromerian' gaitzat izango dauen hitzaldiagaz. Arratsaldeko 20:00etan, Itziarko apaizetxean izango da hitzaldia eta hizlari Aitor Furundarena, Isidro Larrañaga, Joseba Tapia eta Karmelo Mendizabal izango dira. Apaizetxean bertan erromeriaren inguruko argazkien erakusketea be izango da.
Maiatzaren 1a, zapatua, izango da egun handiena. Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, soinujoleak, Itziarko Bertso Eskolako kideak eta bestelakoak, egitarau mardulari bizia emoten.
Erromeria Egunaren helburuak
Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohikoak izan ziran erromeriak gogoratzea eta omentzea da, Andutz Kultur Taldearen esanetan. Erromeriak ziran aurreko belaunaldien sozializazinorako topagunerik garrantzitsuenetakoak. Jai horreen funtsa hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak batzea izaten zan; izan be, gerraosteko garaietan batzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak ziranez, erromeriak atxakia parebakoa ziran horretarako.
Era berean, musikaz eta jantzaz gozau ahal izateko aukerea be baziran erromeriak, eta euskal kultura tradizionalaren sostengu be izan ziran, neurri batean. Saoi haretako gizon-emakumeak desietan egoten ziran erromerietara joateko.
Erromeria Egunaren beste helburuetako bat hildako Antonio Buenetxea Txankarta herriko soinujolea omentzea be bada. Itziarrren sortutakoa eta hazitakoa izan zan Txankarta. Izaera biziko gizona izan zan eta soinu handiagaz oso trebea; Gipuzkoako hainbat herri eta bailaretan oso ezaguna izan zan. Gerraosteko urte gogorretan, trikitixea bizirik eusteko giltzarrietako bat izan zan Elgeta, Gelatxo eta Sakabigaz batera, besteak beste.
Andutz Kultur Taldea
Aurtengo Erromeria Egunaren antolatzailea Andutz Kultur Talde sortu barria izan da. Talde barria herriko hainbat alkarte batzeko eta kultur jarduera bateratua lantzeko helburuagaz sortu barri da. Besteak beste, Itziarko herri mobimentua berreskuratzeko eta herri kulturea berpizteko helburuak ditu taldeak eta orain arteko alkarteetako kideen artean sorturiko batzordeak daroa gidaritza barria.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!