Kakiturri-Ehari nagusi Arabako Kuadrilla arteko Bertso txapelketako bigarren finalaurrekoan

Maiteder Sasieta Murua 2010-04-19 14:07   Bertsolaritzea

Arabako Kuadrilla arteko lehenengo Bertsolari Txapelketeak pasau dau ekuadorraren mugea. Finalerdien ligaxkako bigarren saioa jokatu da asteburuan Araiako Andra Mari aretoan. Jente ugari batu zan gogotsu taularatu diran bi taldeek zer egingo eben entzutera.

Arabako Kuadrilla arteko lehenengo Bertsolari Txapelketeak pasau dau ekuadorraren mugea. Finalerdien ligaxkako bigarren saioa jokatu da asteburuan Araiako Andra Mari aretoan. Jente ugari batu zan gogotsu taularatu diran bi taldeek zer egingo eben entzutera. Alde batean finalerdietako beteranoak, Kakiturri-Ehari taldea. Bertsotan Felipe Zelaieta, Asier Otamendi eta Gaizka Urtaran. Beste aldean, Amurrioko Altubepekoak, eta bertsotan sei promesa: Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Izar Mendiguren, Serapio Lopez, Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre. Azkenean, Kakiturri-Ehari taldearentzat izan da garaipena.

Saioan, Beñat Goitia gai-jartzailearen eskutik egin beharreko lanak honakoak izan dira: taldeko batek beste taldeko bategaz ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko bategaz ofizioka zortziko txikian hiruna bertso, bina punturi erantzun zortziko txikian, gaia emonda bertso bi gura dan doinu eta neurrian, taldeko batek beste taldeko bategaz ofizioka hamarreko txikian hiruna bertso eta, taldeka, gaia emonda, taldeko hiru lagunen artean, hiruna kopla.

Saioari hasierea emon aurretik, txapelketa honegaz paraleloan leihatu dan bertso jarrien aurkezpena be egin zan. Giro ederra jarri eben Aguraingo Txor eta Tan eta Gasteizko Bertso Guraso eta Martin Ttipia taldeek. Trikitixea, bonboa eta platilloa, txirulea eta panderoagaz, jai-giro ederra jarri eben Araiako Andra Mari aretoan. Antzerkia eta aldarrikapena buztartuz, berso-sorta bikainak plazaratu zituen. Honeentzat be bigarren finalerdia izan da, euren eskualdea gaitzat hartuta finalera pasauko dan bigarren taldea nor izango zan erabagi behar zan eta. Hiru horreetatik bat aukeratu behar, eta Martin Ttipia pasauko da maiatzaren 8ko finalera.

Hasierako agurraren ostean, nor baino nor hasi dira bi taldeak. Faborito legez Gasteizko Kakiturri-Ehari taldea egoan, eta ez eben hutsik egin. Halanda be, Aiaraldekoek maila polita erakutsi dabe, kontuan izanda Ainhoa Comasek, Unai Mendibilek eta Gaizka Urtaranek lehenengo aldia ebela taula ganean abesten.

Ofizioko saioak txukun joan ziran. Maila polita erakutsi eben talde bietako bertsolariek eta gaiei behar dan moduan erantzuten jakin eben danek. Zortziko nagusiko saioak serioagoak izan ziran, baina txikian Felipe Zelaieta eta Ainhoa Comasek egindako lana aitatzekoa izan zan. Parakaidasean alkarregaz bota beharreko monitore eta ikaslearen rolean jarri zituan gai-emoileak. Ainhoak ederki erantzun eutson bere paperari eta beteranoek mailan egoten jakin dau umore ederra erakutsiz.

Baina bertsorik politenak bakarkako lanetan entzun ziran. Bai Serapiok eta bai Asier Otamendik ederto defendidu dabe euren burua puntuari erantzuten. Saio guztian legez, Asier Otamendi nagusi izan da bakarkoan. Herentzia bat zala-eta anaiagaz berba egiteari itxita egoanaren azalean sartu behar izan zan, eta txukun bete eban bere lana. Koplatako lanetan urten eben arratsaldeko bertsorik umoretsuenak eta maila onagaz amaitu eben bertsolariek arratsaldeko lana. Benetan azpimarratzekoa Aiaraldekoek erakutsitako maila, kontuan izanda hau ebela taula ganean abesten eben lehenengo aldia.

Gauzak holan dirala, momentuz sailkapena holan dago: Aramaioko taldeak puntu bat, Kakiturri-Ehari taldeak beste puntu bat eta Amurrioko Altubepekoak punturik ez. Datorren domekan jokatuko da hirugarren eta azken kanporaketea Amurrioko aretoan etxeko talde eta Aramaioko taldearen artean. Bertan erabagiko da zein bi talde joango diran maiatzaren zortzian Gasteizen jokatuko dan finalera. Sarrerak, honezkero, salgai dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu