Kaotikoren seigarren diskoak gazteria mobiduarazo gura dau

Bizkaie! 2010-02-24 14:45   Musikea

Taldeak orain dala hamar urte hasi eban ibilbidea musikearen munduan eta, gaur, seigarren diskoa, 'Reacciona' izenekoa aurkeztu dabe Bilboko Bilborock aretoan, Baga-biga diskoetxearen eskutik.

Kaotiko taldeak orain dala hamar urte hasi eban ibilbidea musikearen munduan eta, gaur, seigarren diskoa, 'Reacciona' izenekoa aurkeztu dabe Bilboko Bilborock aretoan, Baga-biga diskoetxearen eskutik.

Egungo gazteriari zuzendutako punk-rock amerikarra jorratzen dabe aguraindarrek. 'Izenburu horregaz, gazteria mobiduarazoten ahalegindu gara, gizarteaz gehiago arduratu eta erantzun daien', azaldu dabe taldekideek (Jhoni ahotsa, Xabi bateria, Fonta bajua eta koroak, Aguayiko gitarrea eta koroak eta Aguayo gitarrea).

Koruei garrantzia emoten deutse, kontzertuetan publikoak parte har daian: 'garrantzitsua da entzuleakaz konektetea'.

Diskoetxearen ordezkari Ritxi Aizpururen esanetan, diskoak lau ezaugarri ditu: 'ahots sendo eta bereziak; gitarra arinak eta sarkorrak; oinarri erritmiko, boteretsu eta zapaltzaileak; eta koruen handitasuna eta lehortasuna'. Ezaugarri horreei, lehendik datorren Kaotiko oraingo Kaotiko be badala ganeratu deutse Aizpuruk. Izan be, orain arteko estiloa lar ez dabela aldatu autortu dabe taldekideek eurek eta, publiko artean be, gazteak bai baina, tartean, jente nagusiagoa be egoten dala esan dabe.

Diskoa Haritz Harreguy musikari eta soinu teknikariagaz grabau dabe Nafarroako Katarain estudioan. Nahasketak Harreguyk berak egin ditu Usurbilen, Higain estudio barrian. Masterizazino-lana Jonan Ordorikak egin dau Azkarateko Mamia Mastering estudioan.


Kontzertuak

Taldeak laster ekingo deutso kontzertu-bireari, zapatu honetan bertan, zezeilak 27, Iruñeako Gazte Egunean hasita. Ondoren, martiaren 6an, Ondarroako Kafe Antzokian izango dira (+ SET); 13an, Donostiako DOKAn (+ Linea 2); 20an, Gasteizko Jimmi Jazz aretoan (+ Disturbio); apirilaren 8an, Bilboko Kafe Antzokian (+ SET)... Ondoren, Bartzelona, Tarragona, Leon, Lleida eta beste hainbat lekutako aretoak bisitauko ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu