700 lagun baino gehiagok hartu dabe parte AlhóndigaBilbaoren komunikazino-kanpainarako castingean

Bizkaie! 2010-02-22 10:38

Persona horreetatik guztietatik hamar aukeratu ditue, eta eurak izango dira 2010eko lehenengo seihilekoaren amaieran ateak zabalduko dituan zentro berria gizarte osoari erakutsiko deutson komunikazino-kanpainako protagonistak.

Urtarrilean, adin, kultura eta sexu guztietako 700 lagun baino gehiagok hartu eben parte AlhóndigaBilbaok antolatutako argazki-castingean, Aisialdi, Kultura eta Ariketa Fisikoko Zentroaren zabaltze faserako komunikazino-kanpainako protagonistak aukeratzeko. Persona horreetatik guztietatik hamar aukeratu ditue, eta eurak izango dira 2010eko lehenengo seihilekoaren amaieran ateak zabalduko dituan zentro berria gizarte osoari erakutsiko deutson komunikazino-kanpainako protagonistak.

Hain zuzen be, Cristina Cataño, Jone Itziar Astola, Mª Carmen Ferrer eta bere seme Vincent Lesmes, Iñigo María de la Fuente, Viktor Markaida, Itziar del Val, María Adarraga (Ortuondoren alarguna), José Luis Alves eta Gaizka Aguilar izan dira aukeratutako personak. Uriko zenbait lekutan erretratauko doguz, eta leku horreek izango dira zentroaren zabaltze faserako komunikazino-kanpainarako eszenatokiak. AlhóndigaBilbaok eskerrak emon nahi deutsez parte hartu daben guztiei, argazki-saioetan izan daben pazientziagaitik eta AlhóndigaBilbao proiektuagaz daben lotura eskuzabalagaitik.

Kanpaina honetako argazkiak Julien Oppenheim argazkilari frantziarrak atara ditu (AlhóndigaBilbao diseinau dauen Philippe Starcken ohiko kolaboratzailea da). Oppenheim harrituta geratu zan 'modelo' guztien adeitasunagaz, izan be, ezin hobeto moldatu ziran argazki-saio luzeetan, tartean edurra be izan zan arren.

Castingean parte hartu daben personen argazkiakaz, AlhóndigaBilbaok mural handi bat egingo dau, parte-hartzaile guztiek euren buruak ikus daiezan. AlhóndigaBilbaok martian zabalduko dauen 'Infopuntua'-n (herritarrentzako informazino gunea) egongo da ikusgai murala, Elcano 20 kalean dagoan BBKren Kultur Gelan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu