Animatu enpreseak 'Aspaldiko!' telefono bidezko sare sozial barria jarri dau martxan

Bizkaie! 2010-01-04 10:51

Euskeraz alkarregaz komunikau gura dauen jentearentzat sortutako gune euskalduna da 'Aspaldiko!'. Beste sare sozial batzuen antzera, erabiltzaileek profil bat sortu, zertan ari diran argitaratu, taldeak sortu, fitxategiak partekatu edo dobako blog pertsonal batean idatzi ahal izango dabe.

Animatu enpreseak 'Aspaldiko!' (http://www.apdko.com) sare sozial barria sortu dau, euskeraz alkarregaz komunikau gura dauen jentearentzat sortutako gune euskalduna. Beste sare sozial batzuen antzera, 'Aspaldiko!'-ko erabiltzaileek profil bat sortu, zertan ari diran argitaratu, taldeak sortu, fitxategiak partekatu edo dobako blog pertsonal batean idatzi ahal izango dabe.

'Aspaldiko!'-k euskal Interneteko erabiltzaileen arteko komunikazino erraza eta arina eskaintzen dau gehienez 140 karaktereko mezu laburren bidez. Hori izango da 'Aspaldiko!'-ren ezaugarri nagusia, baina erabiltzaileek eduki sakonagoak argitaratu ahal izango ditue webguneko gainontzeko tresnak erabilita: fitxategiak konpartidu, dobako blogak sortu zein taldeak eratu antzeko zaletasunak dituenakaz hartu-emonetan jarteko.

Zerbitzu honeek guztiak doban erabil daitekez. Horretarako, profil bat sortu eta erabiltzailearen datu pertsonalen pribadutasuna eratu baino ez da egin behar, Animatu enpresako iturriek jakinarazo dabenez.

'Aspaldiko'-ren beste xehetasun nagusi bat eskuko telefonoakazko bateragarritasuna da. 'Telefono bat internetera konektau badaiteke, lagunakaz konektauta egon ahal izango gara edonon eta edozein momentutan', azaldu dabe.

Animatu 2002an sortu zan. Eskuko telefonoentzako edukiak produzidu eta 'mobile marketing'-eko zerbitzuak eskaintzen ditu. 2003tik Kukuxumusuren litzentziapean bideojokoak eta mueta guztietako edukiak banatzen ditu eta eskuko telefonoetarako edukien produkzinoan aitzindaria izan da.

2005ean, beste hainbat agentziagaz alkarlanean, 'mobile marketing'-eko proiektuak garatzen hasi zan. Guggenheim Bilbao Museoa, Repsol, Orrialde Oriak, Lagun Aro Aseguruak, Calvo, ANESVAD eta Sanitas, besteak beste, izan dira bere bezeroak. Horrezaz gan, telefonoetarako hainbat hezkuntza-proiektu garatu ditu Eusko Jaurlaritza edo Bizkaiko Foru Aldundia lako erakundeakaz.

Enpresaren goiburua "sormena, estrategia eta ezagutza teknologikoarekiko elkartasuna" da. Animatu Mobile Marketing Association-eko eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako kidea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu